2011-03-27
Energia nuklearra
Garońa ixteko «ordua» iritsi dela esan dute kalean
Jendetsua izan da oso Araba Garońarik Gabe plataformak zentral nuklearra ixteko Gasteizen deitutako manifestazioa
«Herritarren borondatea enpresa pribatuen interesen gainetik jartzeko» eskatu dute
Edurne Begiristain Gasteiz
Garońako zentral nuklearra berehala ixteko eskatu zuten Gasteizko kaleetan. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
- Lemoiz gehiagoren peskizan
- ESANA. JOSE IGNACIO ORMAETXE. Energiaren Euskal Erakundeko presidentea
- Gasteizko Udalak dei egin du Garońa berehala zarratzera
- Garońan elkarretaratuko dira gaur eguerdian, ixtearen alde
- Japonian hildakoak.
- Nuklearren arriskua, berriztagarrien loraldi
- Erradiazioa mila bider handitu da Japoniako itsasoan
Energia nuklearrari buruzko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, Euskal Herrian berriro ere milaka lagunek Santa Maria de Garońako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) «berehala eta behin betiko ixteko» eskatu dute. Araba Garońarik Gabe plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen. «Garońa ixteko ordua iritsi da», adierazi zuen plataformako kide Alberto Friasek manifestazioan.
Fukushimako zentral nuklearrarekin izandako ezbeharra etxetik gertu ere gerta daitekeela ohartarazi zuen Friasek. Hura bezala, Burgoskoa ere lehen belaunaldikoa da, zaharkituta dago, eta funtzionamendu arazoak ditu. Hemen lurrikararik gertatuko ez bada ere, zentralera argindarra heltzea galaraz dezaketen bestelako ezbeharrak gerta daitezkeela nabarmendu zuen Friasek, bereziki, Garońakoa urpean gera daitekeen toki batean dagoelako. Hala, herritarren «segurtasuna» Iberdrola eta Endesa enpresen etekin ekonomikoen gainetik jartzeko eskatu zuen: «Bada garaia herriaren borondatea enpresa pribatuen interesen gainetik jartzeko».
Japoniako hondamendiaren ostean, energia nuklearrari buruzko eztabaida gaindituta dagoela nabarmendu zuen, ustez teknologia aurreratuena zuten herrialdeetan huts egin baitu energia horrek. Garońako zentrala ez dela behar eta itxita beharko lukeela aldarrikatzera kalera ateratako lagunen ahotsa entzuteko dei egin zion Friasek Espainiako Gobernuari. Eta nabarmendu zuen herritarrek ez diotela sinesten Espainiako Gobernuari esaten duenean Garońa 2013an itxiko duela, maiz emandako hitza ez duelako bete: «Ez gara gobernuaz fio. Ez ditugu hitz gehiago nahi. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da».
Gasteizko karrikak lepo bete zituzten milaka lagunei energia nuklearrak ezinegona eta kezka sortzen diela agerian geratu zen atzoko mobilizazioan. Herriaren hitza errespetatzeko eta Garońa ixteko eskatzen zuen pankartaren atzean bildu ziren milaka pertsona. Araba Garońarik Gabe plataformako kideak aurrean zirela, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatu zen manifestazioa, arratsaldeko zazpietan. Zentral nuklearren aurkako oihuekin hasi eta amaitu zuten manifestariek ibilbidea.
Lemoiz gehiagoren peskizan
Bizkaia Benetan Maite plataforma aurkeztu dute. Plentzia eta Muskiz artean martxa bat egingo dute, «makroproiektu txikitzaileak geldiarazteko» eskatuz.
Irune Berro Lemoiz
Lurraren defentsan herri mugimenduaren garaipenaren ikur» izandako herrian aurkeztu zuten atzo goizean Bizkaia Benetan Maite plataforma, Lemoizen. Belaunaldi eta kolore askotako jendeek osaturiko 40 taldek sortu dute, «sarritan zentzua aldatzen baitzaio Benito Lertxundiren abestiari», Arrate Illaro bertsolariak aurkezpen ekitaldian kantatu zuenez. Diotenez, Lertxundiren abestiaren izena, alegia, Bizkaia maite baliatzen du foru aldundiak hainbat kanpainaren goiburu gisa. Ordea, foru aldundiak sustatutako hainbat makroproiektuk —Boroako zentral termikoa, Zabalgarbi errauste planta, Supersur eta beste— ingurumenari zuzenean eraso egiten diotela eta lurraren etorkizuna baldintzatu egiten dutela nabarmendu dute plataforma osatu dutenek. Bizkaia Benetan Maite izena jarri diote horregatik.
Talde andanak osatzen du atzo jendaurrean aurkeztu zuten ekimen berria. Tartean daude Eguzki, AHTaren aurkako Bilboko asanblada, Getxoko Antenarik ez taldea, Talaia, Ezpitsua, Anitzak eta hainbat herritako gazte asanblada eta gaztetxeak. Armintzako portuan bildu ziren atzo adin guztietako ehun bat lagun, besteak beste, koke plantaren aurkako bandera beltzekin, trikiti eta panderoekin, umore oneko, eta ideiak eta asmoak garbi zituztela.
Plataformaren sorrera manifestua irakurri zuten, eta Lemoizko zentral nuklearraren hondarretara martxa bat egin zuten ondoren. Heldu den asteburuan egingo dute plataformaren aurreneko protesta ibilaldia. Bi egunez egingo dute: Plentziatik Santurtziraino joango dira larunbatean; eta Muskizeraino, igandean. Bidean aurrera aurkitzen dituzten «proiektu txikitzaileetan» geldialdiak egingo dituzte, «eragiten dituzten kalteak salatzeko eta alternatibak proposatzeko». Besteak beste, Sopela inguruko gehiegizko eraikuntzari, Lamiakoko araztegiari, Santurtziko zentral termikoari eta superportuari, eta Muskizko koke plantari eta La Arena hondartzako dragatze lanei erreparatuko diete.
«Kapitalaren interesak»
Proiektu horiek guztiek «kapital handiaren eta politikari ustelen epe laburreko irabazien goseari» erantzuten dietela salatu du Bizkaia Benetan Maite plataformak bere manifestuan. «Proiektu horien bitartez garapena bultzatu eta enplegua sortuko dutela diote, baina ez da hala gertatzen: langabeziak gora egin du eta boteretsuenen interes finantzarioek zor pertsonal eta kolektiboak baino ez dituzte eragiten. Bien bitartean, gure osasuna okerrera ari da egiten, uraren, airearen eta lurraren kutsaduraren ondorioz».
Bizkaia Benetan Maitek uste du «ekologia berba inoizko gehien» erabiltzen dela baina aldi berean «inoizko azkarren eta gosetien» kontsumitzen dela egun. Eta herritarrei deia egin die agintariei exijitu diezaieten «balazta zapaltzeko eta garapen eta kontsumo eredu basatia gelditzeko».
Plataforma osatzen dutenek herritarren ahalmenean sinesten dute, makroproiektuak geldiarazteko eta alternatibak proposatzeko. Lemoizko zentral nuklearreko lehen eta bigarren erreaktoreak izan behar zuten porlanezko hormei begira azaldu zituen Juan Luis Olaranek herri mugimenduaren garaipen historikoaren nondik norakoak. Zirraraz entzun zituzten Olaranen hitzak denek, eta bereziki garai hura bizi izan ez zuten gazteek. 1972an ekin zion Iberduerok (oraingo Iberdrolak) zentral nuklearra diseinatzeari. 1976an antolatu zuten mugimendu antinuklearra, eta, horren baitan, Euskal kosta antinuklearra zeritzon batzordea. Ispasterren eta Deban ere altxatu nahi zituen Iberduerok zentral nuklearrak. 1981ean Lemoiz gelditzea lortu zuten. Eta gaur egun ere posible dela zabaldu nahi dute, «bizkaitarrek erabaki dezaten Bizkaiak nolakoa izan behar duen».
ESANA. JOSE IGNACIO ORMAETXE. Energiaren Euskal Erakundeko presidentea
«Gaur egun garestiagoak dira energia berriztagarriak, baina lehiakorrak izango dira hamarkada batzuen buruan»
Gasteizko Udalak dei egin du Garońa berehala zarratzera
Gasteizko Udalak Espainiako Gobernuari eskatu dio berehala ixteko Garońako zentral nuklearra. PPk ez beste udal talde guztiek egin dute bat EAk aurkeztutako proposamenarekin. Mozioak dio «arazo mordoa» izan duela Garońak eta gizartearen etengabeko eskaria dela zentral nuklearra berehala ixtea.
Garońan elkarretaratuko dira gaur eguerdian, ixtearen alde
Garońako zentral nuklearraren aurkako plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian zentralaren atarian. Japoniako hondamenditik irakaspena ateratzeko eta zentrala ixteko eskatuko dute. Haien arabera, «mehatxu handia» da Garońa. Euskal Herriko hainbat taldek bat egin dute deiarekin.
10.418
Japonian hildakoak.
Egunez egun ari da handitzen Japoniako lurrikarak eta ondorengo tsunamiak hil dituen pertsonen kopurua. Honakoa da azken datu ofiziala: 10.418 pertsona hilda eta 17.072 desagertuta. Oraindik ere hilotz gehiagoren bila ari dira Japoniako soldaduak.
Nuklearren arriskua, berriztagarrien loraldi
Nuklearren inguruko «auzi etikoa» eta energia berriztagarrien nahitaezko goraldia. Biak lotuta, Jose Allendek eta Roberto Bermejok hitzaldia eman dute. Japoniako istripuak energia nuklearraren egoera aldatuko duela diote.
Garikoitz Goikoetxea Bilbo
Orain adierazten ari garena joan deneko 40 urtean ari gara esaten. Ez dago koma bat bera ere aldatu beharrik». Jose Allende EHUko katedradunak dio Japoniakoa adibide gordina izan dela nolako arriskua duten zentral nuklearrek. Eta, etxera erreparatuta, atzera begirakoa egin du, Lemoizko proiektua gogoan: «Gizarteak harro egon behar du, mobilizazio guztiekin lortu zuelako egitasmoa geratzea». Bilbon izan zen hizlari ostegunean Allende, Ezkerraberri fundazioak antolatutako saio batean.
Energia iturri segurua dela, hori diote zentral nuklearren defendatzaileek. Segurua, istripurik ez denean. «Auzia ez da teknikoa, etikoa eta politikoa baizik». Gizarteak aukeratu behar du nolako energia modua nahi duen, Allenderen iritzian. «Teknologia aukeratzea ez da neutrala, erabaki sozial bat baizik. Alferrik ukatuko dute hori». Horren guztiaren oinarrian erroko galdera bat ikusten du katedradunak: «Segurtasuna hobetuko dute, baina, nuklearrak onartuta, gure gain zenbaterainoko arriskua hartzeko prest gaude? Auzi etikoa da hori».
Gizartearen egunerokoan, ordea, urri da gogoeta hori. Hala, Allendek uste du Japoniako ezbeharra mugarri izango dela nuklearraren ordezko beste iturri batzuk indartzeko. Osasun arazoak norainokoak izango diren ez dago oraindik argi —«hori bai, ez dago kalterik sortzen ez duen mailarik», dio Allendek—, baina bistan da alde ekonomikoari dagokionez aldatu egingo direla kontuak: «Arauak zorroztuko dituzte, eta gastuak izugarri handituko dira».
Prezioarena izan da energia nuklearraren beharra zuritzeko maiz baliatu izan duten argudioa. Allenderen arabera, ordea, benetako gastuak ezkutatuta egiten dute hori. Nolanahi ere, beste aukera batzuk gertuago daude. Hori uste du EHUko doktore Roberto Bermejok: «Energia berriztagarrien gastuak etengabe ari dira gutxitzen, eta gero eta hurbilago dituzte erregai fosilenak». Haren iritzian, hurbildu ez ezik, areago ere joko dute berriztagarriek urte batzuen buruan: «Ez dago beste aterabiderik, ezinezkoa da».
Energia berriztagarriak nagusitzea behartua izango dela dio Bermejok: «Onez onean ez da aldatuko. Interes asko daude. Petrolioak gaina jotzeak eragingo du berriztagarriak nagusitzea». Horren erakusgarri, petrolioaren prezioa: «Eskaintza geldituta dago, eta eskaria etengabe handitzen ari da. Esportatzaileek gehiago kontsumitzen dute. Petrolioaren amaiera azkartzen ari dira».
«Badakite bukatuko dela»
Energia iturri fosilek «sabaia» jo dutela uste du EHUko doktoreak: «Hasieran erraz ateratzen zuten petrolioa, baina orain nekezago. Aurkitzen dutenaren eta kontsumitzen denaren artean handitzen ari da desoreka». Energia nuklearra izan daiteke aterabidea? «Ezinezkoa da. Nuklearrak erabilita ere, badakite bukatu egingo dela, uranioa agortu egingo delako».
Hiru energia berriztagarritan jarri du jomuga Bermejok: eguzki energian, eolikoan eta hidrogeno bidez lortutakoan. «Ahalmena badute. Eguzki energiak, adibidez, egungo beharra 2.300 aldiz asetzeko adina ahalmen izan dezake». Toki asko behar du, ordea. «Energia eolikoak ere lekua behar du, eta gu herri txikia gara, leku gutxi dugu. Itsasoan jar daitezke errotak, plataforma flotatzaileetan». Garraiorako, hidrogenoa erretzen duten automobilak proposatu ditu Bermejok. Ez hala bioerregaia: «Petrolioa baino kalte gehiago eragiten ari da».
Aukera bada, baina nuklearren alde egiten dute erakundeek. Horrela erantsi du Allendek: «Berriztagarriak ez zaizkio komeni sistemari. Eguzki energiak harea behar du, eta hori toki guztietan dago. Afrikan burujabe lirateke. Nuklearrekin, menpean daude».
Erradiazioa mila bider handitu da Japoniako itsasoan
Uretan uste baino kutsadura handiagoa izan dutela onartu dute Japoniako agintariek. Segurtasun nuklearrerako Japoniako erakundeak jakinarazi du ohikoa baino 1.250 bider erradiazio handiagoa topatu dutela itsasoan, Fukushima zentral nuklearretik 330 metro hegoaldera. Ordu gutxiren buruan egin du gora erradiazioak. Hala ere, adituek diote Tokion-eta edateko modukoa dela ura. Txinak berri eman du erradiazio partikulak atzeman dituela Errusiako mugatik hurbil. Hondamendia izan zenetik lehen aldiz aurkitu dute erradiazioa Txinan. Japoniako Gobernuko eledunak esan du egonkorra dela egoera. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako hainbat aditu Japonian dira, egoera aztertzeko.






