2011-03-18
Immigrazioa. Arrazakeria tabernetan
Ate itxia, gizartearen ispilu
Herritarrek etorkinekiko duten ezinikusia handitzen ari da azken urteetan, krisiak eta immigranteen kopurua handitzeak eraginda. Froga, Bilbon: bederatzi tabernatik zortzik ez zieten sartzen utzi etorkinei, SOS Arrazakeriak proba eginda. Bistan jarri dute egoera.
Garikoitz Goikoetxea Bilbo
Hemen ez dugu beltzik eta mororik onartzen». Hala esan zien Bilboko taberna bateko zaindariak hara sartu nahi zuten etorkin batzuei. Egoeraren larria azaltzeko proba egin zuen SOS Arrazakeria taldeak, eta froga lortu: Bilboko hainbat tabernatan ez diete sartzen uzten immigranteei. Ateak itxita, gizartearen arrazakeriaren ispilu izan dira ostalariak. Azken urteetan areagotzen ari da etorkinekiko ezinikusia Euskal Herrian. Datuek diote, eta ekintzek, islatu. Gaur, 19:30ean, manifestazioa egingo dute Bilbon tabernen jarrera salatzeko.
Ikuspegiren azken urteetako txostenek ohartarazia dute: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gero eta gehiagok jotzen dute arazotzat immigrazioa. «2009an hasi ginen detektatzen. 2008an eztanda egiteko zegoen krisi ekonomikoa, eta ez zen etorkinekiko jarrera aldaketarik sumatu. 2009an eta areago 2010ean, immigrazioa arazotzat dutenen kopurua handitu egin da». Ikuspegiko ikertzailea da Gorka Moreno. Azken barometroan, biztanleen %15ek jo zuten arazo nagusienetakotzat immigrazioa. Morenok bi arrazoi ikusi ditu horren atzean: krisia eta etorkinen kopurua handitzea. Gaur egun, biztanleen %6 inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Immigranteen salaketak pilatuz joan dira urtez urte, oztopoak jartzen dizkietelako tabernetan-eta sartzeko. «Horrelakoak anekdota huts gisa geratzen ziren Poliziarentzat, epaileentzat eta etorkinen atzean ilaran zeudenentzat», salatu du SOS Arrazakeriako kide Brigida Ridruejok. Europako hainbat elkarterekin ados jarrita egin zuten proba gaur hamabost. Bederatzi tabernatan saiatu ziren etorkinak sartzen, eta zortzitan ez zieten utzi. Emaitza kezkagarria dela onartu du Miguel Angel Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak: «Agerian geratu da diskriminazioa badagoela, eta batzuetan izendatu nahi ez den arrazakeria ere bai. Ikusten ez den errealitate bat jarri dute argitan».
Ukatu egin dute hori ostalariek. «Arrazakeria egozten zaie, baina koloredun pertsonak egoten dira haien lokaletan. Beraz, oso zalantzazkoa da hori», dio Bizkaiko ostalarien elkarteko idazkari nagusi Angel Gagok. Haren arabera, jasanezina da egoera: «Irainak oso larriak dira, eta desesperazio handia dago. Enpresariei entzutea oso frustragarria da».
Segurtasunaren mamua
Etorkinei sartzea galarazteko erabakia zuritzeko, segurtasunaren mamua haizatu dute ostalariek. «Lapurretak eta mehatxuak gertatzen dira. Ezin da jasan. Ostalariek diote are gogorragoa litzatekeela bezeroen lekukotasuna jaso balute», berretsi du Gagok. Litekeena da arazoa egotea, onartu du hori Gonzalezek, baina hori ez da aitzakia inor diskriminatzeko: «Arazo bat ezin zaio talde bati leporatu. Lapurretak talde bati egoztea oso txarra eta arriskutsua da, demokratikoki eta bizikidetzaren ikuspegitik. Lapurtzen duena gizabanakoa da. Lapurreta da adierazgarria, ez nongoa den».
Ikerketetan ere lotzen dira etorkinak segurtasun ezarekin. Hala dio Morenok: «Aurreiritzi handiak daude. Segurtasuna enpleguari lotuta agertzen da: lana duena ez da kalean egongo, ez da delinkuentzian arituko... Integraziorako aldagai garrantzitsua da lana: enplegua duena etorkin ona da, eta langabea, delinkuentea edo, gutxienez, susmagarria». Etorkinen kopurua handitu da azken urteetan, baina ez delinkuentzia tasa. Areago, 2010ean %5 jaitsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Egoerak gain hartuta, dekalogo bat egin du ostalarien elkarteak; Jarreren dekalogoa (bertokoentzat eta immigranteentzat) jarri dio izenburu. Paperekin eta enpleguarekin daude tematuta, galarazpena justifikatu ezinda. Hara zer dioen proposatu duten dekalogoak, puntu batean: «Gure erkidegoan modu irregularrean dagoen edozein pertsonak alde egin beharko luke, ez badu egiaztatzen bere bizitzeko modua edo asilorako baldintza oso garrantzitsuak ez badaude. Eta bizibide horiek erakundeen laguntzetatik baldin badatoz, horiek ez lirateke eman behar lan arloko edo gizartearenganako ordain bat ez badago». SOS Arrazakeriako kideei aurkeztu zieten agiri hori, proba egin eta hurrengo egunetan. Ez zuten onartu: «Etorkinekiko estereotipo negatibo guztiak ukitzen dituzte. Ez dagokio ostalarien elkarteari hitz egitea atzerritartasunaz edo gizarte laguntzez».
Auzia arrazakeriarekin lotuta dagoela erakusten du gizarte laguntzen kontua sartu izanak. Gai horrek sortzen du ezinikusi handiena: «Osasunarekin eta hezkuntzarekin ez, baina gizarte laguntzekin zalantzak ditu jendeak. Dirua tartean dagoenean, ez da neurri bakar batekin neurtzen», azaldu du Morenok. Profil bat ere badute, etorkinak begi txarrez hartzen dituenarena. Aldagai garrantzitsua da ahalmen ekonomikoarena: «Diru sarrera apalak dituen jendea lehian dago etorkinekin, enplegu prekarioak edo gizarte prestazioak lortzeko lehian».
Kalean, erantzun apala
Kaleko jendearen erantzunak kezkatu du, hain zuzen, Jaurlaritzako ordezkaria. «Larritasuna kentzen zaie horrelakoei. Toleranteagoak gara intolerantziarekin. Kalean ez da erantzun sendoa egon, eta negar egiteko modukoak dira webguneetako komentarioak».
Bi aste igaro dira azterketa egin zutela. SOS Arrazakeriak Fiskaltzaren esku utzi du kasua. Legeak berak espresuki aipatzen baitu mota horretako diskriminazioa. Kasuak ikertzeko eskatu du Ridruejok: «Ezin dira geldirik geratu. Kode Penalaren urraketa gisa egin behar dute lan». Gonzalezek esan du erne egongo direla: «Bide zaila da. Badaude sententzia batzuk, baina doktrina ez da sendoa. Asko interesatzen zaigu, eta gainean egongo gara».
Gasteizko gobernuak adierazi du ez dagokiola zigorrak jartzea, soilik 700 lagunetik gorako lokalak dituelako eskumeneko. Hala ere, neurriak hartzen hasi direla jakinarazi du Immigrazio zuzendariak. «Prozedurak ez daude egokituta polizia etxeetan eta kontsumo bulegoetan. Sailen arteko hausnarketa hasi dugu». Hala ere, sentsibilizazioare alorra nabarmendu du.
Izango dute lana. «Gehitzen ari dira kexak. Ez dakigu den kasu gehiago gertatzen direlako edo jendeak gehiago ezagutzen gaituelako. Supermerkatuetan ere izaten dira. Taxilari baten kasua jaso berri dugu: senegaldar bat ez zuen hartu nahi izan», dio Ridruejok. Halakoek «banaketa handiagoa» sortzen dutela onartuta ere, sutara egur gehiago botaz amaitu du Gagok: «Zer demontre egiten du pertsona batek, lanik eta egoera erregularrik gabe, goizaldeko ordu bietan, kopa batek sei-zazpi euro balio duen leku batean?».
Bazterketaren atari hotza
Tabernako ataritik ezin direla pasatu, azal zuria ez dutelako. Zuzenean edo aitzakiak erabilita, hori esaten diete zaindariek etorkinei. Apenas duten babesik. Badaukate itxaropena egoera aldatzeko.
G. Goikoetxea Barakaldo
Oso ondo gogoratzen dut. Barakaldora bizitzera etorri, eta irteten nintzen lehen aldia zen. Ez nekien non zegoen lokala. Izena eman zidaten, eta joan nintzen. Atezainak esan zidan ezin nintzela sartu, sarrera pagatu behar nuela. Diru zorroa erakutsi nion, banuela dirua kontsumizioak hartzeko, baina ez niola sarrera erosiko besteei ez bazien eskatzen. Ez daukat sarrera pagatzeko arazorik, denek ordaintzen badute. Baina nire aurrean besteei libre utzi, eta niri esan pagatu egin behar dudala? Ezin liteke. Esan zidan aukeratzeko: pagatu edo joan. Ez geratzeko atarian. Haserretzen hasi zen. Alde egin nuen. Etxera, zuzenean. Lagun batek esan zidan horrelakoak direla. Oso frustragarria izan zen».
Omar Kaneren historia da. 33 urte ditu. Senegaldik Bilbora joan zen bizitzera orain hiru urte, eta iaztik dago Barakaldon. Herrian bertan ikusarazi diote bazterkeriaren ate itxia. Norekin joan, aldea dago. «Lankide batzuekin atera nintzen beste aldi batean joan nintzen lokal berera. Utzi zidaten sartzen, ezer esan gabe». Norekin joan, badago aldea, badagoenez. «Durangora joan ginen hiru lagun, beste giro bat probatzera. Tabernak baino gehixeago irekita egoten den pub batera joatea erabaki genuen. Hurbildu ginen orduko, NANa eskatu zioten bati. Aldi bat pasatu zuten begira, eta esan ziguten ezin ginela sartu». Eibarko I.S.-k 20 urte ditu —ez du izen osoa eman nahi—; sortzez da euskal herritarra, guraso marokoarrak dituen arren. «Egona naiz taberna horretan lehenago, lagun espainiar batzuekin». Haiekin joan zenean, ez zioten sartzeko eragozpenik jarri.
Aitzakiak jartzen dituzte. «Gezurra esaten dute: jai pribatua dela, txartel bat behar dela... Edo beteta dagoela, eta ikusten duzu azal zuriko jendea sartzen», azaldu du Kanek. Gutxitan esaten dute egia: azaleko koloreagatik ez dietela lagatzen. «Lehen aldian zioten jai pribatua zela. Bigarrenean, bai, esan ziguten jabeak ez zuela uzten marokoarrak sartzen», dio I.S.k.
Goizaldeko orduak dira, parranda girokoak. «Horrelakoetan nik nahiago dut etxera joan», esan du Kanek. «Gozatzera irteten zara, eta erreklamazio orriak betetzen hastea... Iristen da une bat non pentsatzen duzun ez duela merezi». Aurre egitea erabaki zuen Eibarko gazteak. «Lehen aldian, Ertzaintzara joan nintzen, eta esan zidaten ezin zutela ezer egin, eskatzeko erreklamazio orria». Bigarrengoz itzuli eta sartzen utzi ez ziotenean, galdegin zuen. «Ez zituztela esan zidaten. Nagusiarekin hitz egin nahi nuela esan nien, eta ez zegoela erantzun zidaten». Kontsumo bulegoan kexa jarri zuen. Badira hiru hilabete, eta erantzunik ez du jaso.
Eta ilaran daudenak, barrezka
Ostalariek bai, eta taberna atarian zain daudenek zer diote? «Sartzen ari zirenek barre egiten zuten, ume txikiak bagina bezala», deitoratu du eibartarrak. «Zioten jai pribatu bat zela hura».
Pairatzen ari diren diskriminazioa azaleratuta, itxaropena dute egoera aldatzeko. «Batzuetan balio izaten du errealitatea erakusteak. Jende askok ez zekien hau gertatzen dela», dio Kanek. «Ezin gara gutxiengo batek egiten duenaren biktima izan. Ezin ditugu guk pagatu besteren liskarrak».
Baina jada ez du joan nahi lokal horietara. «Argi daukat: festarako gogoa badut, hartu metroa eta diskriminatzen ez gaituzten diskoteka batera joango naiz». Kemen gehiago du Eibarkoak: «20 urtean ez didate komentario arrazistarik egin. Orain esango didate ez sartzeko arabiarra naizelako?».






