Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:18

2011-03-18

Zubietako errauste plantaren lehenengo harria jarri dute

Planta eraikitzeko lanak FCC buru duen enpresa taldeari ematea ebatzi zuen GHK-ko Administrazio Kontseiluak herenegun

Carlos Ormazabalek adierazi du planta 2014. urterako izango dela lanean

Jon Olano Zubieta

Carlos Ormazabal, lehen harria hondarrez estaltzen. Atzean, Odon Elorza eta Markel Olano. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Donostiako alkate Odon Elorzak eta GHK Gipuzkoako hondakinen partzuergoko presidente Carlos Ormazabalek Donostiako Zubieta auzoko errauste plantaren lehenbiziko harria jarri zuten atzo. Bi instalazio nagusi eraikiko dituzte: biolehorketa planta eta errauste planta. Lanek 24 hilabete iraungo dute, eta planta 2014rako martxan izango dela jakinarazi du Ormazabalek.

Herenegun, planta eraikitzeko ardura FCC buru duen enpresa taldeari ematea erabaki zuen GHK-ko Administrazio Kontseiluak —FCCk, Zerbitzuk, Altuna y Uriak eta AE&E Inovak osatzen dute taldea—, eta atzo egin zuten lehenengo harria jartzeko ekitaldia. Ormazabalek jakinarazi duenez, 2010ean Gipuzkoan 415.000 tona hondakin jaso ziren eta horietatik 230.000 zabortegietara eraman zituzten. Eta 2014tik aurrera orain Gipuzkoan zabalik dauden hiru zabortegiak —Lapatx, Sasieta eta Urteta— itxi egingo dituztela esan du.

«Eredu txarrenetik, onenera»

Iritzi publikoa zatituta dagoela aitortu du Elorzak, eta 2010eko inkesta baten emaitzak oroitarazi ditu: donostiarren %42 errauste plantaren alde daude; %27, aldiz, aurka. Hala ere, Gipuzkoak errauste planta «behar-beharrezkoa» duela esan du Elorzak, eta azpiegitura hori Zubietan kokatu izana Donostiako Udalak Gipuzkoarekin izandako «elkartasuna eta arduraren ondorio» izan zela esan du: «Inork ez du nahi errauste planta bere herrian».

Olanoren arabera, eragile askoren lanaren ondorio da errauste plantaren proiektua aurrera ateratzea. «Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Gipuzkoako zortzi mankomunitateak elkarlanean aritu gara», adierazi du. Planta martxan jartzean Gipuzkoa zaborren «kudeaketa eredu txarrenetik onenera» igaroko dela nabarmendu du. Gipuzkoak «ekologia aldetik kaltegarriena» den zabortegien eredua atzean utziko duela eta «Europako herri aurreratuenen pare» izango dela argudiatu du Olanok.

Aralarrek eta Alternatibak kritikatu egin dute Zubietako plantaren aurreneko harria jartzeko ekitaldia. «Gipuzkoa bankuen esku utziko duen proiektu baten lehen harria jarri dute Olanok eta Elorzak», azaldu du Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak.



 

Igandean plantaren aurka 'flash mob' bat egitera deitu dute

Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak deituta, flash mob bat egingo dute igandean Zubietan, errauste plantaren aurka protesta egiteko.

Moratoria eskatzeko ez da dantza izarra izan behar dio deialdiaren leloak, eta hartu nahi dut arnas abestiak. Igandeko 10:30 eta 14:00 bitartean egingo dute, eta proiektua atzeratzeko eskatzeaz gain, Zubietako herritarrei elkartasuna adierazi nahi diete ekintza horren bitartez. Antolatzaileek entsegu ugari prestatu dituzte, igandean flash mob-a ongi egin dezaten: gaur, Zubietan eta Orion (Gipuzkoa); bihar, ordea, Donostian. Gainera, hainbat dantza motatako erakustaldiak izango dira; Hego Amerikako eta Euskal Herriko dantzenak, kasu.



 

Hondakinaren %86 birziklatu dute Antzuolan astebetean

Atez ateko sistemari esker zabor kopurua «nabarmen» jaitsi dela esan du Debagoieneko Mankomunitateak

J. O.

Hondakinak atez ate jasotzeko sistemari esker, horien %86 birziklatu dituzte Antzuolan (Gipuzkoa) astebetean. Hala jakinarazi du Debagoieneko Mankomunitateak.

Atzo egin zuten prentsaurrekoa, Antzuola bertan, herri horretan hondakinak atez ate biltzeko sistema ezartzeak izan dituen emaitzak azaltzeko. Martxoaren 7an hasi ziren atez atekoarekin Antzuolan. Atzo, han izan ziren Antzuolako alkate Pedro Iturbe, ingurumen zinegotzi Jose Mari Iturbe eta Debagoiena Mankomunitateko presidente Ino Galparsoro.

Jasotako hondakin guztiaren artean, soilik %13,8 da errefusa. Hondakinak sailkatuz, gainontzekoa birziklatu dute. Gainera, bildutako hondakinaren %42 materia organikoa da; azaldu dutenez, Aretxabaletan (Gipuzkoa) bosgarren edukiontziarekin pilatu dutena baino lau aldiz gehiago.

Eskualdera zabaltzeko asmoa

Azaldu dutenez, astebeteko datuak ez dira behin betikoak. Beirarenak ez dira jaso oraindik, eta industrialdeetako hondakinak ez daude emandako datuetan sartuak. Hala, hilabete barru datu finkoagoak argitaratuko dituztela aurreratu dute.

Hala ere, Antzuolako herritarrak zoriondu dituzte hiru hizlariek: «Antzuolako herritarrek gogoz eta kementsu ekin diote atez atekoari».

Datozen hilabeteetan eskualdeko beste herrietan atez atekoa ezartzen joateko urratsak egingo dituztela adierazi dute: «Horrela, planetaren iraupenaren eta gure seme-alaben osasunaren aldeko gure ekarpena egingo dugu».

Antzuolako lehen emaitzei erreparatuta, atez atekoari esker «hiri hondakinen arazoa konpontzeko bidean» dagoela azpimarratu dute prentsaurrekoan. «Urteen poderioz ikasi dugu arazoa ez direla herritarrak, sistema bera baizik». Hala, azaldu dute herritarrek ez dutela «ohitura aldaketa txiki bat» baino egin errefu- sa «nabarmen» jaitsi dela ikusteko.

Etorkizunera begira zereginak badituztela nabarmendu dute: «Gaur egun herrian ditugun zaborrontziak, adibidez, gaika biltzeko berrerabiliko ditugu». Gainera, jakinarazi dute martxan dela lortutako hobekuntzak kudeatzeko atez atekoaren «jarraipen batzordea» .



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia