Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:17

2011-03-17

Sortu. Legeztatze prozesua

Patxi Lopez: «Demokrazia ezin da egunero baldintza berriak asmatzen ibili»

Egigurenekin desados agertu dira Lopez eta Ares; Sortu legeztatzea auzitegien esku dagoela adierazi dute

Samara Velte

«Demokrazia ezin da egunero baldintza berriak asmatzen ibili», komeni zaionaren arabera; hori uste du Patxi Lopezek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Dena den, Sortu alderdiaren legeztatze prozesuari dagokionez PSOE alderdiaren barruan «desadostasun txikiak» daudela ere esan du. Adierazpenok atzo egin zituen, Madrilen izandako mahai inguru batean.

Desadostasun horien artean dago Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak herenegun egindako adierazpenekikoa. Lopezentzat, uste okerra da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua bake prozesuaren inguruan ausardiarik gabe jokatzen ari dela esatea, «legeak erabakitzen duelako gobernuen iniziatiba politikorako tartea».

Egigurenek El País kazetan argitaratutako artikuluak zalaparta sortu du. Sorturen legeztatzea bultzatu eta bake prozesurako urratsak egin beharrean, «pasibotasunaren hautua» egitea leporatu dio Zapaterori, «eskuinaren eraginaren eta sozialismoaren ahultasunaren ondorioz».

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere Espainiako gobernuburuaren alde egin du. Haren esanetan, «Sortuk legezko izateko baldintza guztiak betetzen dituen edo ez auzitegiek erabakiko dute», eta Jaurlaritzak hark esandakoa onartuko du, «erabakia edozein izanda ere». Gainontzeko instituzio eta alderdiei ere hori egiteko eskatu die.

Gainera, esan du ez duela elikatuko eztabaida hori, soilik «demokratak nahasteko eta muturreko abertzaleen munduari edo Sorturen sustatzaileei publizitatea egiteko» balioko duelako. Aresen ustez, «ezker abertzaleak erakutsi behar du, ekintzen bidez, demokrazian integratzeko eta politika egiteko borondate zintzoa».

«Giro suntsitzailea»

Egigurenek bereari heldu dio; haren ustez, PPk bake prozesua eteteko «giro suntsitzailea» sortu du Madrilen, Zapateroren gobernua «oso ahul» dagoela baliatuz: «PSOEk horri aurre egin behar dio, botoak galdu arren».

Bere alderdiaren kritikei dagokienez, esan du «oso gaizki» iruditu zaiola abisurik eman gabe komunikatua argitaratzea. Dena den, haien babesa duela esan du: «Badakit ez didatela deitu, finean, nire alde daudelako».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia