Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:17

2011-03-11

Sexuak bereizita diharduten eskolei laguntzen segitzea onartu dute

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du bereizketa egiten duten zentroei diru laguntzak kentzeko proposamena

Ibai Maruri

Aralarren ekimenez, Eusko Jaurlaritzari ikasleak sexuen arabera banatzen dituzten eskolekin itunik ez sinatzeko eta egun dauden itunak ez berritzeko eskatzeko proposamena bozkatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, baina ez zuten onartu. Diru publikoa jasotzen jarraituko dute ikastetxe klase horiek. Aitzitik, EAJk eta PPk osoko zuzenketa aurkeztu zuten, eta bi alderdi horien aldeko botoarekin onartu egin zen. PSE-EE eta EA abstenitu egin ziren, eta Aralarrek, Ezker Batuak eta UPDk aurka bozkatu zuten. Azkenean, bada, Eusko Legebiltzarrak heziketa eredu hau diruz laguntzen jarraitzeko apustua egin du. Hezkuntza Sailari «indarrean dagoen araudia betetzen jarraitzeko» eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, «hezkuntza askatasuna eta ikastetxeek eskaintzen dituzten heziketa proiektuak bermatzeko».

Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak salatu du ikastetxe hauek «Hezkuntza Legearen aurkakoak» direla. Izan ere, gogorarazi duenez, «ikasleak ezin direla sexuagatik bereizi dio» lege horrek. Espainiako Auzitegi Gorenak itun hauen aurka emandako epaiari aipamen egin dio, bere argudioak indartzeko. Eskolak, ezagutzak irakasteko ez ezik, «herritarrak errespetuan hezteko» zeregina ere baduela ohartarazi du Aralarreko legebiltzarkideak.

Ezker Batuko Mikel Aranak ere bat egin du horretan. Haren esanetan, «eskolak balioak irakatsi behar ditu; besteak beste, sexuen arteko berdintasuna». Hala, modu honetako ikastetxeak babesten jarraituz gero «berdintasun planak alferrikakoak direla» uste du. EAko Juanjo Agirrezabalak gogorarazi du ikastetxe hauekin itunik ez sinatzeko dioela Espainiako Berdintasun Legearen aurreproiektuak.

Diskriminazioa zalantzan

PSE-EEko legebiltzarkide Vicente Reyesek ez du uste, ordea, eztabaida hori kalean dagoenik. Espainiako Auzitegi Gorena auzi honi lotutako hainbat helegite aztertzen ari dela gogorarazi du, eta epaiak jakin arte ezer ez egitearen alde azaldu da. «[Espainiako] Konstituzioak modu honetako irakaskuntza babesten du, baina ez dio diruz lagundu behar denik». Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak, berriz, diru laguntzak jasotzeko eskubidea dutela uste du. «Diskriminaziorik balego, itxi egin beharko lirateke, eta ez laguntzak kendu». PPko Ińaki Oiartzabalek ukatu du zentro hauei laguntzak kentzeko «oinarri juridiko eta pedagogikorik» dagoela.



 

EILASek eta LABek lanuztera deitu dute Haurreskolak partzuergoan

ELAk ere bat egin du martxoaren 22ko deialdiarekin, baina EILASen eta LABen jarrera salatu du

I. Maruri

EILAS eta LAB sindikatuek lanuzte deialdia egin dute hil honen 22rako, asteartez, Haurreskolak partzuergoaren barneko haur eskoletan. Beharginek sufritzen duten soldata murrizketa salatzea izango da protesta ekintza horren helburu nagusia. Bidenabar, gurasoei eskaintzen zaizkien zerbitzuen murrizketaz ere ohartaraziko dute. 11:00etan hasi eta 14:00etara arte utziko diote lan egiteari, eta bien bitartean partzuergoak Eibarren (Gipuzkoa) duen egoitza nagusian ere elkarretaratzea egingo dute. ELAk ere bat egin du.

Eusko Jaurlaritzak eta udalek sortu zuten Haurreskolak partzuergoa, 2003an, 0 eta 3 urte arteko seme-alabak dituzten familiei zerbitzua eskaintzeko. Partzuergoak 1.550 behargin ditu, eta 6.000 ume daude erakundeak batzen dituen haur eskoletan izena emanda. 3 eta 6 urte arteko umeekin behar egiten duten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko hezitzaileek dituzten «eginbehar berberak» izateaz gain, «umeen elikaduraz, higieneaz eta atsedenaz ere» arduratu behar izaten dutela azaldu dute. Hala ere, batzuen eta besteen lan baldintzen eta soldaten arteko aldeak «nabarmenak» direla salatu dute EILAS eta LAB sindikatuek. Kritika irmoa egin dute: «1.570 lanordu dituzte urtean, ordutegi zabalagoa eta soldata txikiagoa».

Haurreskolak partzuergoak iaz hainbat murrizketa egin zituen. Besteak beste, 400 euro gutxiago kobratu zituzten beharginek, urritzeak hasi ondorengo sei hiletan. 2011n 800 euro gutxiago izango lirateke. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek salaketa jarri zuten EAEko Auzitegi Nagusian, eta horrek arrazoia eman die.

Langileen jornalak bakarrik ez ditu kezkatzen sindikatuak. Harago doaz kritikak: «Zerbitzu publikoa izan arren, familiek sekulako kuotak ordaindu behar dituzte; 151 euro bost ordu edo gutxiagogatik, eta 198 umeak zortzi orduz edukitzeagatik». Horiek horrela, zerbitzuan hutsuneak ikusten dituzte: «Ez da doakoa, ez eta unibertsala ere».

ELAren salaketa

Bi sindikatuok %85eko ordezkaritza sindikala dute. Nahiz eta ELA deitzaileen artean egon ez, bat egitea erabaki du. Ohar bidez salatu egin du EILAS eta LAB sindikatuen jarrera. «Deialdia gure bizkar egin izanak soilik helburu bat izan du: biharko [gaurko] hauteskunde sindikaletan probetxua ateratzea». ELAren irudiko, bi sindikatuok «euren interesak sektoreko langileen interesen gainetik» jarri dituzte. «EILAS eta LAB guk denbora luzez defendatu ditugun gauzak aldarrikatzen hasi dira». Gainera, ELAk dio sindikatuok orain arte «2010erako partzuergoak ezarri ez duen %0,8ko soldata igoera eskatu» besterik ez dutela egin.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia