Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:16

2011-03-06

Torturak salatu dituzte asteartean atxilotutako lau euskal herritarrek

Talde armatuko kide izatea, lehergailuak izatea eta dokumentuak faltsutzea egotzita, espetxeratu egin ditu Grande-Marlaskak

Beren buruen aurka deklaratu zezaten, etengabe mehatxatu dituztela adierazi dute

Ibai Maruri

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin dira aste honetan. Irudian, Bilbon asteazkenean egindakoa. / M. R. / ARP

Astearteko polizia operazioan atxilotutako Ińigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Lorena Lopez guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egon diren bost egunetan torturak jasan dituztela salatu dute. Jasandako tratua «oso gogorra» izan dela adierazi dute; kolpeak jaso dituztela, poltsa egin dietela eta presio psikologikoa eta mehatxuak etengabe jaso dituztela adierazi diote euren abokatuari.

Atzo pasa ziren Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskaren aurretik. Talde armatuko kide izatea, lehergailuak eta armak izatea eta dokumentuak faltsutzea egotzita, baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen hark. Iragan asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak Bilbon (Bizkaia).

Egun berean atxilotu zuten ostiraletik espetxean dagoen Daniel Pastor. Pastor birritan eraman behar izan zuten ospitalera, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta zegoenean. Hark ere salatu ditu tratu txarrak.

Espetxera sartu aurretik abokatuek haiekin hitz egiteko aukera izan zuten atzo arratsaldean. Bost bat minutu baino ez zieten utzi. BERRIAk abokatuarekin hitz egin du, eta laurek «oso tratu gogorra» jaso dutela adierazi du. Abokatuaren esanetan, kolpeak jaso dituzte buruan eta poltsa egin diete. Nesketako bat biluztu eta iraindu egin dute. Bi mutilekin tratu txar psikologikoak oso gogorrak izan dira. Abokatuari kontatu diotenez, «ez bazuten poliziek nahi zutena esaten nesken kontra joko zutela esanaz mehatxatzen zieten».

Ostiralean Espainiako hainbat hedabidek Pastorrek ez zuela tratu txarrik jaso zabaldu zuten, «berak bere burua zauritu zuela» adierazi zuten, eta horregatik eraman behar izan zutela ospitalera. Gara egunkariak dioenez, Pastorren abokatuari hala dela onartu dio, ez zuelako poliziak idatziz pasatako deklarazioa sinatu nahi. Izan ere, arestian aipatu bezala, bere burua erruduntzat jo ezean bere neskalaguna preso sartuko zutela esanaz mehatxatu zuten.

Atxilotu zituzten egunean bertan habeas corpusa eskatu zuten abokatuek, alegia berehala epailearen aurrera eramatera. Baina Grande-Marlaskak ukatu egin zien. Ondoren, torturak eragozteko neurriak eskatu zizkioten. Besteak beste, konfiantzazko mediku baten bisita eta atxilo aldi guztia bideoz grabatzea. Horiei ere muzin egin zion epaileak.

Hedabideek esana baieztatu

Espainiako hedabideek hasieratik leporatu zien Puelles hilketa, besteak beste. Espainiako Barne Ministro Alfredo Perez Rubalcabak, ordea, zuhurtziaz hitz egin zuen hasieran, atxiloketei buruz esandako lehen berbetan. «Garrantzia handiko ikerketa baten hasieran» zeudela zioen, eta emaitzak ezagutu arte ez zuen ezer ziurtzat eman nahi izan. «Ez dut aukera bat ere baztertzen, baina oraindik ez dugu daturik horiek baieztatzeko».

Bizkaian eta inguruan «azken urteetan egin diren atentatuekin» lotura dutela baieztatu zuen, eta hori bera leporatu die epailek ere. Poliziak fitxatu gabeko ETAren ustezko kide legalak zirela azaldu zien komunikabideei. Operazioaren jatorria Garikoitz Aspiazu eta Mikel Karrera ETAko ustezko buruzagien atxiloketetan zetzala ere aipatu zuen.

Grande-Marlaskak bere autoan dio lau atxilotuek ustez osatzen zuten taldeak hamalau ekintzatan parte hartu duela. Besteak beste, eta beti ere epailearen berbetan, Zapiarainek Eduardo Puelles Espainiako Poliziako inspektorearen eta Luis Conde Espainiako armadako brigadaren hilketetan parte hartu zuela dio. Burgoseko Guardia Zibilaren kuartelean eta Espainiako Defentsa Ministerioak Logrońon (Espainia) duen ordezkaritzan bonba auto bana jarri izana ere leporatu diete. Inkomunikazio aldian atxilotuek polizia etxeetan eginiko deklarazioetan oinarritu da epailea.



 

Urizar: «Aresen mehatxuek ez dute EA urduri jarriko»

Aralarrek eta EAk atxiloketak eta torturak eteteko eskaera berretsi dute, Aresek zuzenketa eskatu badie ere

Jon Olano

«Aresen aldetik, abisu eta mehatxuak jasotzen ari gara azken aldian, baina ez gaitu urdurituko». Hala adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari erantzunez. Aresek zuzenketa eskatu die Aralarri eta EAri, herenegun atxiloketak eta torturak amaitzeko eskatu zutelako.

EAk batzarra egin zuen atzo Donostian. Urizarrek jakinarazi zuenez, Maiorga Ramirez eta Eva Aranguren izango dira Nafarroako Parlamenturako eta Iruńeko Udalerako EAko zerrendaburuak. Kazetarien galderei erantzunez, indarkeriari dagokionean, EAk beti «jarrera argia» izan duela gogorarazi du Urizarrek, eta atsekabea azaldu du Aresek «bestelako mezua» zabaldu nahi duelako. «Ares minduta dago, sortzen ari den egoerak oso leku txarrean uzten baitu», esan du Urizarrek. Izan ere, duela urtebete, Aresek ezker abertzalearen barne eztabaida ukatzen zuela, eta, orain, esandakoak zuzendu behar izan dituela oroitu du Urizarrek.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak ere berretsi egin du torturak eta inkomunikazioa amaitzeko eskaera. «Poliziak bere lana egin behar du, baina eskubide guztiak errespetatuz», iritzi dio Zabaletak. EA eta Aralarri zuzenketa eskatu beharrean, Amnesty Internationalek torturak ekiditeko emandako aholkuak jarrai ditzala esan dio Aresi.

Zabaletaren iritziz, ez da soilik tortura desagerrarazi behar; torturatzeko aukera ere ezabatu behar dela argitu du. Gainera, gizartean poliziaren lana «beharrezkoa» dela ziurtatu du, baina lan horrek «eskubide guztiak» errespetatu behar dituela oroitu du.

Eskaera, «lotsagabea»

Besteak beste, EAk, Aralarrek, ezker abertzaleak eta Alternatibak torturen eta atxiloketen aurka aurkeztutako agiria «lotsagabea eta doilorra» dela adierazi du Aresek, eta zuzenketa eskatu die EAri eta Aralarri. Oso larritzat jo du bi alderdi horiek agiria sinatu izana, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza dutelako. Gainera, «biktimak iraintzea» eta «terrorismoa bultzatzea» leporatu die.

«Alderdi demokratiko batzuek agiri horrekin eta Batasunaren tesi eta hizkera zaharkituarekin bat egiteak ETAren amaieratik urruntzen gaitu», adierazi du. Hala, azalpenak eskatu dizkie EAri eta Aralarri: «Argi dezatela terrorismoaren aurkako alderdi gisa duten historiarekin haustea erabaki duten».

Espainiako Gobernuak atxiloketak bake prozesua oztopatzeko baliatzen dituela salatzen du herenegun aurkeztutako agiriak. Idatzian, sinatzaileek euren kezka agertzen dute inkomunikazio aldian atxilotuek jaso dezaketen tratuaren inguruan, eta torturak bertan behera uzteko eskatzen diote Espainiako Gobernuari.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia