Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:11

2011-03-03

EAEko gizonen eta andreen lan egoerak berdintzen hasi dira, gizonena okertu delako

Lan merkatuan sexu segregazioak indarrean jarraitzen duela salatu du CCOO sindikatuak, iazko datuak aztertuta

Ibai Maruri Bilbo

Lan batzuetan emakumeak aritzen dira batez ere. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Martxoaren 8aren atarian, Euskadiko CCOOk EAEko lan merkatuan emakumeek bizi duten egoera aztertu du, 2010eko datuei erreparatuta. «Krisiak gizonen eta emakumeen arteko arrakala leundu du, gizonezkoen lan baldintzak emakumeenak baino gehiago okertu direlako». Modu horretan laburbildu du txostena Feli Piedra CCOO Euskadiko emakumearen arloko idazkariak. Hala ere, ukatu egin du andreen egoerak hobera egin duela. «Aldea txikitu egin da, baina fenomeno hau erraz uler daiteke: enplegua eraikuntza alorrean eta industrian galdu da gehien. Bi sektore horiek, batez ere aurrenekoa, oso maskulinoak dira».

Piedraren esanetan, enplegu politika aktiboetan ez da aldaketarik egon. Eta horrek «arrisku bat» ere baduela iruditzen zaio: «Krisiak eragindako premiak genero kontuetan egin beharreko lana albo batera uzteko aitzakia izan daitezke». Horiek hala, neurriak hartzeko eskaera egin dio Espainiako Gobernuari. Enpresaburuei, berriz, krisia emakumeen lan baldintzak «are gehiago okertzeko» ez erabiltzeko exijitu die.

Emakumeen populazio aktiboak gora egin du azken urteetan. Baina, Piedraren esanetan, eboluzioa oso motela izan da. 2010. urtea 486.400 emakume aktiboan zeudela bukatu zen; alegia, 2009an baino 7.800 emakume gehiago zebiltzan lanean edo lana bilatzen. Hala ere, andreen aktibotasun tasak gora egin arren, gizonezkoena baino hamahiru puntu txikiagoa da oraindik ere.

Bi sexuen arteko aldearen gutxitzea, batez ere, enplegu tasak erkatzerakoan nabarmentzen da. 2010eko bigarren seihilekoan 12,27 punturena zen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea. Azken urteetako baxuena izan da. «Gutxitze hori gizonezkoen artean langabezia tasak gora egin duelako gertatu da», azaldu du Piedrak. Hala ere, 2008an iaz baino zertxobait handiagoa zen emakumeen tasa.

Deigarria da enpresetan eta administrazioan zuzendaritza postuak betetzen zituzten emakumeen kopuruak %53,7 egin zuela gora, 2009ko datuekin alderatuz gero. 2010ean bertan, bigarren seihilekoan aurrenekoan baino 6.100 emakume zuzendari gehiago egon ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Priedraren irudiko, eboluzio hori «benetakoa balitz», albiste ona izango litzateke, «gizonezkoen eta emakumezkoen okupazioari dagokion arrakala bertikala gutxitzen doala esan nahiko lukeelako».

Feminizazioa bukatu

Emakumeek bereziki zerbitzuen sektorean egiten dute lan (%87,7). Industrian, beriz, lanean diharduten andreen %10,3 baino ez dira ari. Zerbitzuen sektorean dihardutenak, gainera, hezkuntzan, osasun arloan eta gizarte zerbitzuetan ari dira. «Sektorerik feminizatuenak» dira, Priedraren hitzetan. Eta iaz krisia gutxien pairatu zutenak.

Hala ere, horren atzean «lan merkatuaren segregazioa» ezkutatzen dela dio; alegia, lan mota batzuk gizonezkoenak eta beste batzuk emakumezkoenak direla. «Krisitik atera eta egoera hobetzen hasten denean, emakumeak sektore guztietan egotea nahi dugu, eta ez orain artekoetan bakarrik», ohartarazi du Piedrak. Hala, segregazio hori bukatzeko lanean orain hasi behar dela dio: «Krisi garaiak aukera garaiak ere badirela esan ohi da. Honako hau aprobetxa dezagun».

Lanaldi motaren arabera, lanaldi murriztua duten hamar beharginetatik zortzi emakumezkoak dira. Horrek azalduko luke lanaldi osoko lanpostuen galerak batez ere gizonezkoei eragitea. «Gizonezkoak dira lanaldi osoan lan egiten dutenak», dio Priedrak.

Duela bi urte sinatutako kontratu finkoen ia erdiak emakumeenak ziren. Iaz, ordea, %46,7ra jaitsi zen zenbatekoa. «Dagoeneko 6,5 punturen aldeaz hitz egiten ari gara. Eta badirudi gorako bidean jarraituko duela», ohartarazi du Piedrak. Espainiako Kongresuak onartutako lan erreformak kontratazio mugagabea sustatzeko kontratuen aldeko apustua egin du. Sindikatuko emakumearen arloko idazkariak porrot izugarria izan dela dio. Erreforma onartu zenetik kontratu hauen erabilera gutxitu egin da. 2010ean 2009an baino mota honetako 457 kontratu gutxiago sinatu ziren. «Horrek agerian uzten du erreformak lanetik botatzea erraztea izan duela helburu, eta ez emakumeen lan baldintzak hobetzea».

Iaz aurrenekoz parekatu ziren gizonen eta emakumeen langabezia tasak. Baina iragan otsailak betiko errealitatera itzularazi ditu emakumeak: %11,5ekoa izan da joan den hilabetean emakumeen langabezia tasa; %10,32koa gizonena.



 

Datua

%29. Emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldea EAEn.

2010ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen batez besteko soldata gizonezkoen batez besteko soldata baino %29 txikiagoa izan zen.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia