2011-02-22
Lanerako giltzaren bila
Lan merkatuko ateak itxita aurkitzen dituzte sarritan buruko gaitzak dituzten pertsonek; Segi-Hiru enpresa eta Innovalan moduko egitasmoak ahaleginak egiten ari dira haien neurrirako lanpostuak sortzeko.
Arantxa Iraola
Hemen daudenen artean, bakar batek ere ezingo luke fabrika normal batean aritu». Erramun Beltza (Legazpi, 1954) Segi-Hiru enpresako sustatzaileak argi du. 38 langile ari dira enpresako tailerretan —hainbat zereginetan dihardute— eta horietako 32k buruko eritasun kronikoak dituzte. Langileen neurrirako lan dinamika ezartzen saiatzen dira, nor diren eta zer behar duten aintzat hartuta. Enpresa ia normala dela esan daiteke. Enplegu berezirako zentroa da, eta horregatik hainbat abantaila ditu, eta hainbat berezitasun. Baina langileen jarduna, oro har, ez da beste hainbat beharginen jardunetik gehiegi aldatzen. Langile gehienek, hori bai, 4-5 orduko lanaldiak dituzte. «Ikasi dugu gehiagorekin ez direla ondo moldatzen». Zortzi orduko lanaldian dihardutenek 900 euro inguru jasotzen dituzte hilean; erdian ari direnek, berriz, 500. «Lan duina» eskaintzea izan dute jomuga hasieratik, eta horren arabera jardutea. «Helburua ez da enpresa; helburua langileak dira».
Erramun Beltzak ez zuen enpresaburu ariko zenik inoiz pentsatu ere egin. Beharrak eraman zuen horretara, orain hamar urte. Urte batzuk lehenago buruko gaitz bat diagnostikatu zioten semeari. Oroimenean bizi-bizi ditu lehen hilabete haietan sentitutako oinazea, ezinegona eta haserrea. «17-18 urte zituen. Hasieran ez genekien edadearekin lotutako mutirikeria zen, edo zer zen...». Gaitza zen. «Eromena».
Lehen kolpea gainditzea ez zen samurra izan. Gipuzkoan buruko eriei laguntzen 1988tik lanean ari den Eloina Gonzalez moja eta psikoterapeuta (1949, Yuego, Burgos, Espainia) lagun izan zuten. Gipuzkoako buruko erien senideen elkarte Agifes elkartearen bidez ezagutu zuten. «Gogor» egiten ziela ondo gogoan du Beltzak: «'Oraindik ez duzue nahikoa sufritu', esaten zigun». Erien senitartekoak, gaitzaren arazoaz sakon jabetzera bultzatu zituen, egoera berria ondo mamitzera. «Gogoan dut behin egin zigun galdera bat. 'Zer egingo zenukete zuen seme-alabengatik?', galdetu zigun, eta denok erantzun genuen, halako eta bestelako. Baina eta ondoren beste galdera bat etorri zen: 'Eta zuen seme-alabekin?'. Zer pentsa eman zidan». Soilik barne lan bat egin eta gero bultzatu zituen psikoterapeutak Beltzaren familia eta beste sendi bat buruko erientzat martxan jarri nahi zuten enpresa abiatzera, Segi-Hiru martxan jartzera.
Gaur egun, enpresan lagun dute Eloina Gonzalez bera. Argi du horrelako egitasmoen garrantzia. Buruko eriek «segurtasun falta» handia izaten dutela dio, beldurrak irentsi egiten dituela sarri, baina argi du lan baldintza egokiekin lortzen dutela lanera ere taxuz moldatzea. «Eta horrek bizitzari normaltasuna ematen laguntzen die», dio. «Eromenak» jotakoak —mintzo gordina ez du saihesten psikoterapeutak ere—, gaitzik gabeen oso antzekoak direla nabarmendu nahi izaten du maiz. «Gu ere, lanik gabe gaudenean, ez gara ondo sentitzen». Sentimenduak, eri edo ez eri, sakonean, denontzat berdintsuak direla dio. «Buruko eritasunak dituzten pertsonei gu guztioi gertatzen zaizkigun gauzak gertatzen zaizkie, baina dena arranditsuagoa da haiengan; horrek sortzen dizkie arazoak».
Mikel Zaratek ere (1964, Bilbo) ondo daki zeinen garrantzitsua den buruko erientzat lan munduan integratuta egotea. Zamudioko Ospitaleko Errehabilitazio Unitatean (Bizkaia) gizarte laguntzailea da, eta ondo ezagutzen ditu gaixoen premiak. Horiei aurre egiten saiatzeko Innovalan ekimenean murgildu dira Bizkaiko hainbat erakunde: Avifes Bizkaiko erien senideen elkartea, Argia Fundazioa, Bizitegi elkartea, Emaus, Eragintza eta Lantegi Batuak fundazioak, Hogar Izarra komunitate terapeutikoa, Zamudioko erietxe psikiatrikoa, Innobasque eta Zamudioko Parke Teknologikoa batera ari dira, hain justu. «Xedea gaixoei lana eskaintzea da, eta ondorioz haien bizi-baldintzak hobetzea», dio.
«Noiz gosaldu, noiz etxetik irten, noiz bazkaldu... Lanak bizitza egituratzen laguntzen du, eta hori oso garrantzitsua da buruko erientzat». Lanak, gainera, gizarteko gainerako kideei bezala «onarpen soziala» ematen diela dio Zaratek. «Erien harremanak biderkatu egiten dira lanari esker; aukerak ugaritzen zaizkie lagunak izateko, aisia izateko... Ez da lana izatea bakarrik». Argi du: «Aktibitateak izugarriko garrantzia dauka: gizartean txertatzeko, ekonomikoki autonomoa izateko». Eta horretarako tresnarik baliagarriena «lan duina» dela dio.
Arazoak
Lanari esker gaixotasunak eragiten duen «estigma» —buruko eritasunen kasuan hain sarri agertzen den hitz beltz hori— arindu egiten dela dio Zaratek. Estigma hori gaur egun, lan munduan, ia erabatekoa dela argi du. Eta ez da mugatzen, gainera, lan mundura. «Arazoak aurkitzen ditugu, sarri, esaterako, erientzako etxeak alokatzeko orduan ere».
Ustez lan munduan murgiltzeko zailtasun handiak zituzten pertsona asko ikusi dituzte Segi-Hirun laneko erritmora bikain moldatzen. Argi du Eloina Gonzalezek zer eman behar zaien: «Denbora eta baliabideak». Langile bakoitzean «sinesten» ahalegintzen dira. «Haien ahulguneak sendotzen saiatzen gara».
Erramun Beltzak gustura aurkezten ditu beren enpresako berezitasunak. Ia orduro, esaterako, geldialdiak egiten dituzte laneko martxan. «Tabakoa erretzeko edo berriketan egoteko...». Denboraren joanean garbi ikusi dute zer garrantzi duten etenaldiek. «Hor berehala igartzen diegu zer moduz dauden». Lanaldi osoan ere oso langile gutxi ari dira, lanaldi laburragoekin hobeto moldatzen direlako gehienak. Mugak onartzen dizkiete langileei, baina horietan harresirik eraikitzen ez diete uzten. Bide horretan, eriekin sarri egiten dituzte bilera eta topaketak; taldeka, eta bakarka. Eta familian ere eragiten saiatzen dira: «Eria ez da aldatzen familia ez baldin bada aldatzen». Lan handia egiten du Eloina Gonzalezek sendiekin. «Familiak guztiz nahastuta egoten dira; oinaze handia izaten dute, eta min horrek galarazi egiten die aurrera egiten».
Zailtasunik ezkutatu gabe, gaixo guztiekin ez dutela asmatu aitortzen du Erramun Beltzak. Askotan gaitzaren hasieran dauden eriak, ondo egonkortu gabe daudenak, ez dira behar bezala moldatzen enpresako jardunera. Izan ere, buruko eriek barne prozesu gatazkatsu bat pasatu behar izaten dute gehienetan aurrera urrats gehiago egiten hasteko; gaixo daudela onartu behar izaten dute, eta ez da erraza. «Nik esplikatzen dut armairutik irtetearen modukoa dela...». Oro har, esperientzi baikor ugari ikusi dituzte, hala ere. «Oraintsu izan dugu, esaterako, erretiroa hartu duen lehendabiziko langilea, hori poza. 65 urterekin erretiratu da; sagardotegian elkartu ginen».
Buruko eriek lan egiteko orduan hainbat muga izaten dituztela aintzat hartu behar dela dio Mikel Zaratek ere. Berezitasunei buruz aratz hitz egitearen aldekoa da bera ere. «Gaitza dela eta, jarraipena egiteko eskatzen dute, beste edozein gaixo kronikok behar izaten duen neurri berean». Ondo ezagutzen ditu, alde horretatik, gaixoei lana eman diezaieketen enpresaburuek izaten dituzten errezeloak eta kezkak ere. Horregatik, aurrena, haiengana joaten ari dira Innovalan ekimeneko arduradunak. «Aurrena, gu ezagut gaitzaten nahi dugu». Hortik aurrera, aholkularitza egokiarekin, kezkak berehala uxa daitezkeela dio. «Gu hor egongo gara horretarako». Eta mezu baikorra eman nahi die enpresei: «Hau posible da».
Okupazioa baino gehiago
Segi-Hiru sortu zuten lehendabiziko unetik saihestu egin zuten jomuga okupazional hutsa. «Hor egoteko toki bat». Ez zuten horrelakorik nahi Erramun Beltzak eta kideek. Sortu zuten enpresan langile nahi zituzten eriak: «Lan duin baten jabe». Oraingoz, antolatutako enpresa ereduarekin ondo doakie. Hainbat tailer dituzte, eta hainbat jarduera klase: txatarretarako motorretatik aluminioa erauzten dute; bateriak birziklatzen dituzte; datuen babeserako legearen irizpideen arabera, papera txikitzen dute, hildakoen errautsak gordetzeko zeramikazko ontziak egiten dituzte, txakurrentzako hotel batean laguntzen dute, hilerrietako garbiketa eta mantentze lanak egiten dituzte eta, orain, berriki, Hernanin (Gipuzkoa), hainbat baratze jarri dituzte martxan Agifesekin. «Lore produkzioarekin eta ekoizpen hidroponikoekin hasi gara». Gutxi barru, ondo bidean, langile gehiago hartzeko asmoa dute.
«Lan babestua» izendapena ez du gogoko. Gertutik jarraitzen dituzte langileak, eta laguntzea, hori dute bereizgarri. «Gurea ez da lan babestua», dio; «lan jarraitua da». Ondo ikusi ditu prozesuak ekar ditzakeen onurak, etxean bertan. «Semea ondo dago; ondo beretzako, ondo etxerako, eta ondo gizarterako».
«Guk ez dugu nahi karitaterik. Prest gaude zerbitzuak emateko eta lana eskaintzeko». Innovalaneko arduradunek ere buruko erientzako «lanpostu duinak» dituzte jomuga. «Laborategi bat da», dio Mikel Zaratek. Erien lan jarduna, kasu honetan, Euskal Herriko ekonomiaren biriketako batean txertatu nahi dute: Bizkaiko Teknologi Parkean. Zamudioko erietxetik oso hurbil dago punta-puntako ekonomian eta teknologian diharduten enpresen eremu oparoa; 700 enpresa dira, 10.000 langile inguru.
Hor nahi dituzte buruko eriak lanean. Dagoeneko Lantegi Batuek eta Innovalan osatzen duten beste hainbat erakundek ematen dituzten hainbat zerbitzu emateko prest daude, eta beste hainbat aukera buruan dituzte. Esaterako, aparkatzeko arazo handiak daude parkean, eta aparkalekuen kudeaketan lagun dezaketen langileak trebatzea aztertzen ari dira. Bizikleta zerbitzu bat eta parke barrurako mezularitza zerbitzu bat ere buruan dituzte. Horrez gain, egitasmoen artean dute ortuko produktuak parke teknologikoan bertan salduko dituen eskaintza berritzailea.
«Berrikuntza». Oinarrizkoa da kontzeptu hori Bizkaiko Parke Teknologikoko jardunean, eta Innovalanen ere balio horrexek hauspotuta ari dira. Berezitasunak berezitasun, xedea beti bera dela argi du Zaratek. «Egingo ditugun dinamika denak errentagarriak izatea da helburua; ez ekonomikoki bakarrik, lan egingo duten pertsonentzat ere bai».
Baliabide falta
Nekez beteko dira xedeak, hala ere, baliabideak ugaritzen ez badira. Eragile guztiak bat datoz horretan. Enplegu zerbitzu espezializatu gabeetan ari diren teknikariek, oro har, zailtasun handiak izaten dituzte buruko eriei laguntzeko. Ana Altzelai Oarsoaldeko Garapen Agentziako enplegu zuzendariak, esaterako, dio, gehienetan, pertsona horiei lana aurkitzeko saioak antzuak izaten direla. Zailtasunak arintzeko, Gipuzkoako eskualde honetan, enplegu zerbitzuko kideek, Osakidetzak buruko eriak artatzeko Errenterian duen osasun etxeko medikuekin eta gizarte laguntzaileekin batera dihardute. Batzorde bat dute eratua, propio, eriei tratu espezializatua emateko. Oinarri-oinarrizko urratsekin hasi behar izaten dute sarri: «Esaterako, familiekin egin behar izaten dugu lan, gaitza onar dezaten». Maiz, lan girotik at hamarkadak egin dituzten gizon eta emakumeekin aurkitu dira, oso kasu zailekin. Horiei laguntzeko programetan jarraikortasun falta ikusten du: «Baliabide iraunkorragoak behar dira. Hasiera eta bukaera duten programak izaten dira, eta tarte horretan eriek aurrera egiten badute ere, gero, bertan behera geratzen badira, berriro atzera egiten dute».
«Ekipo bikaina dut; edozein lan klase egiteko gai gara»
Hernanin (Gipuzkoa) Agifesek Segi-Hiruren eskutik dituen negutegietan enkargatu dihardu Javier Lopezek (Cadiz, Espainia, 1972). 08:30ean hasi eta 14:30 arte aritzen da goizeko taldea; 13:30ean hasi eta 19:00etan bukatzen dut arratsaldekoa. «Elkarrekin bazkaltzen dugu». Aski gustura dago arduraduna. «Ekipo bikaina dut. Oraintxe, edozein lan klase egiteko gai gara». Apenas izan duen arazorik: «Beste lantoki batzuetan langileekin arazo gehiago izan dut». Ondoan, goizeko ekipoko kideak ditu. Ramon Triñanes, Juan Pedro Garcia, Alvaro Yubero, Aitor Lazkanotegi. Landareak aldatu eta aldatu emango dute goiza. «Kontent».
Datua
%2. Kontratatu beharreko ahalmen urridunak.
Ahalmen Urridunen Gizarte Integraziorako Legeak hala aginduta, 50 langiletik gorako enpresa denak daude behartuta Hego Euskal Herrian, gutxienez kontratazioen %2 pertsona horien artean egitera. 1982tik dago indarrean legea. Duten lanagatik horrelakorik egin ezin duten enpresek, legea betetze aldera, enplegu babestuko enpresen zerbitzuak kontrata ditzakete. Sifu taldeak 2008an argitaratutako ikerketaren arabera, EAEn, enpresaburuen %47k betetzen dute legea, eta Nafarroan, %33k.






