Berria.info

Asteartea, 2013ko maiatzak 21 - 02:56

2011-02-22

Itxialdia hasi dute Segiko zortzi kidek, Espainiaratze arriskua salatzeko

Euroaginduaren aurkako kolektiboaren babesa jaso dute; aste guztian itxialdia egingo dute Izpuran

Jenofa Berhokoirigoin Izpura

Prentsaurrekoa egin dute, Euroaginduaren aurkako kolektiboko kideen, senide zein lagunen ondoan. / GAIZKA IROZ

«Gure militantzia politikoa ukatzetik urrun, orain arte bezala gaur ere, umiltasunez baina garenaz harro agertzen gara Euskal Herrian eta prentsaren aurrean, independentziaren eta sozialismoaren aldeko lanean jarraituko dugula ozen adierazi nahi dugulako». Hori adierazi zuen atzo Izpuran (Nafarroa Beherea), prentsaren aitzinean, Aiala Zaldibarrek, Segi gazte erakundeko kide izateagatik Frantziak Espainiaratzea onartu duen emakume gazteak. Haren ondoan egon ziren Xalbador eta Jazint Ramirez Cruz, Beńat Lizeaga Urkidi, Irati Tobar Eguzkitza, Endika Perez Gomez, Aitziber Plazaola Oregi eta Bergoi Madernaz Del Pozo gazteak ere; guztiek ihes egin zioten iazko urriaren 22an Espainiako Auzitegi Nazionalak gazte mugimenduaren aurka egin polizia operazioari. Zortzi gazteen ondoan ehun bat lagun egon ziren, senide, lagun, gazte zein euroaginduaren aurkako kolektibokoak.

Haien jarduera politikoak jarraitzeko eta torturari ihes egiteko Ipar Euskal Herrira joateko hautua egin dutela azaldu dute guztiek. Hori dela eta, Zaldibar eta beste hainbat euskal herritarren gisara euroginduaren bidez Espainiaratuak izateko arriskua daukate. Hari horri segi, Izpuran aste guztian euroaginduaren aurka eginen den itxialdian parte hartzeko hautua ere azaldu diote prentsari. Batetik, ukatuak zaizkien eskubide zibil eta politikoen defentsan, eta, bestetik, euroaginduak onartuz Frantziako Estatuak duen jarrera «antidemokratikoa» agerian uzteko.

Hala eta guztiz ere, argi utzi dute hartutako konpromisoari «tinko eusten» diotela eta Polizia haien etxeetara etorri zenean baino «gogo eta indar gehiago» daukatela aitzina jarraitzeko.

Konponbide demokratikoa

Xalbador Ramirez Cruzek ere azaldu du gazteek «lan handia» dutela egiteko Euskal Herrian martxan den aro politiko berrian, zehaztuz «orain arte bezalako determinazio eta gogoarekin» ekingo diotela lanari. Gatazka politiko eta armatua gainditzeko Euskal Herriak urrats ezberdinak egin dituela ohartarazirik, «errepresio mekanismoak albo batera uztea eta elkarrizketa eta akordioaren bideari heltzea» exijitu diete Frantziako eta Espainiako estatuei. Gazte gisa haien ekarpenak «beharrezkotzat» joz, lanean jarraituko dutela dio Ramirez Cruzek, Euskal Herria «independentziaren eta sozialismoaren bidean jarri arte».

Euroaginduaren aurkako kolektiboaren sostengu osoa dute zortzi gazteek. Aurore Martin zuberotarraren Espainiaratze eskaerari erantzuteko osatu zen kolektiboa, prozedura horrek sortzen dituen «eskubide zibil eta politikoen urraketa agerian uzteko», baita euroagindu baten arriskua duen militante politiko orori babesa eskaintzeko ere, Francis Charpentier Solidaireseko sindikalistak azaldu duenez. Frantziako herritartasuna duen Batasuneko militantea Espainiaratzea onartu izanak «ate berri arriskutsu bat irekitzen» duela argi dute, Ipar Euskal Herriko herritarrak Espainiaren esku uzteko aukera dakarrelako.

Herritartasuna baino gehiago

Baina, «euroaginduaren eztabaida ez da herritartasunaren ingurukoa bakarrik, eskubide zibil eta politikoen urraketa da funtsean arazoa», Amaia Elixiri Segiko bozeramaileak azaldu duenez. Aurore Martin bezala zortzi gazteak ezker abertzaleko militanteak direla zehaztu du, eta argi utzi du «ekintzak ez baina ideiak dituztela epaitzen». Ohartaraztera eman dute Espainiako Auzitegi Nazionalak dituela Espainiaratzeak eskatzen, hots, «legez kanporatzeko estrategia martxan jarri duen auzitegiak». Auzitegi Nazionalak agindu atxiloketetan jasaten diren tortura gogorrak ere gaitzesten ditu kolektiboak. Hori guztia dela eta, «babes osoa» adierazten diete. Elkartasuna adierazteaz gain, gazteen lan politikoaren zilegitasuna aldarrikatu dute.

Gaurko egunean, AB, Batasuna, NPA, Anai Artea, Askatasuna, Euskal Herriko Giza Eskubideen Aldeko Batzordea, LAB, Segi eta Solidaires eragileek dute osatzen kolektiboa. Martini erakutsitako sostengu handiaren gisara, zortzi gazteei elkartasuna adieraztea eskatzen diete norbanako zein eragileei. Segiko kideak Izpurako Faustin Bentaberri gelan egonen dira aste guztian gau eta egun. Hitzaldi, elkarretaratze, kontzertu eta hainbat animazio dituzte finkaturik, eta babesa eta sostengua adierazi nahi dieten guztiei ateak irekirik dituzte.



 

Itxialdia Izpuran

Gaur: 12:00etan eta 19:00etan elkarretaratzea. Gauean torturari buruzko hitzaldia.

Bihar. 12:00etan eta 19:00etan elkarretaratzea. Gauean film baten emanaldia.

Osteguna. 12:00etan eta 19:00etan elkarretaratzea. Gauean gazte mugimenduari buruzko hitzaldia.

Ostirala. 12:00etan elkarretaratzea. 19:00etan manifestazioa Donibane Garaziko herriko etxetik. Gauean kontzertuak.

Larunbata. Kantaldia Kanbon (Lapurdi).



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia