Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 22:04

2011-02-15

Alor ugaritan aditu diren kideekin osatu du Currinek Harreman Taldea

Silvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute boskotea

Gaur aurkeztuko dituzte lan ildoak, eta egin dituzten lehen urratsen berri emango dute

K. Aldabe - J. Sagarzazu

Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa bultzatzeko nazioarteko bitartekaritza lanean hasi da. Bilboko Hotel Barcelo Nervion-en egin du lehen bilera Nazioarteko Harreman Taldeak. Atzo goizean izan zen; Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak deituta bildu ziren laneko gosarian. Bost kidek osatzen dute Nazioarteko Harreman Taldea; atzo, dena den, hiru bildu ziren Currinekin; beste biek, agenda arazoak direla medio, ezin izan baitzuten Bilbora hurreratu.

Irudi grafikoetarako deialdia baino ez zuten egin atzo, lehen bileraren irudiak hartzeko. Currinekin batera, han ziren Nuala O'Loan, Pierre Hazan eta Raymond Kendall. Haiek eta Silvia Casalek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute boskotea. O'Loan, Kendall eta Casal Bruselako Adierazpenaren izenpetzaileak ere badira.

Hainbat alorretan aditu dira Harreman Taldeko kideak, eta ikusten da taldeari dagozkion lanei egokitzen zaizkien profilak aukeratu dituela Brian Currinek.

Justizian, giza eskubideetan eta memoria historikoan aditua da Pierre Hazan suitzarra. Tortura gaietan goi mailako lanetan dihardu Silvia Casal britainiarrak. Irlandako Iparraldeko polizia gaietarako ararteko izan zen Nuala O'Loan, eta gatazkak konpontzeko Irlandako enbaxadore da egun. Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri ministro ohiaren aholkulari izan zen Alberto Spektorowski, eta besteak beste israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioetan parte hartu zuen Camp Davideko elkarrizketetan —2000. urtean—. Segurtasun gaietan aditua da Raymond Kendall, 1985-2000 urteetan Interpoleko idazkari nagusi izan zena.

Lan ildoen aurkezpena

Beste agerraldi bat egingo dute gaur beren lan ildoak aurkezteko eta orain arte egindako urratsen berri emateko. Dena den, azaroan Currinek aurreratu zituen Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoak. Hauek aipatu zituen: ezker abertzalearen legeztatzea bultzatzea; konfiantza eragiten duten neurriak bultzatzea —besteak beste, egungo espetxe politika eraldatu eta berria egokitzea—; alderdiak «animatu eta zerbitzatzea»; gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzeko alde askotako elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea —«inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchellen Printzipioen menpe»—; blokeoa gertatuz gero, bitartekari jardutea; eta bake prozesua gizarteratzea.



 

Nazioarteko Harreman Taldeko boskotea. Silvia CasalePierre HazanRaymond KendallNuala O'Loan

Kriminologoa. Epaiak Berrikusteko Batzordeko kide da Ipar Irlandan. 1997tik Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kide da, eta zazpi urtez batzordeko presidentea izan zen. Torturaren Prebentziorako NBEren azpibatzordeko presidente izan da, eta iaztik Europako Batzordeko aholkulari da tratu iraingarri eta umiliagarrien lan taldean.

Pierre Hazan

Nazioarteko justiziari eta egiaren batzordeei buruzko ikerketa ugari egin ditu. NBEren Giza Eskubideen agentziarekin elkarlanean aritu da. Henry Dunant zentroan eta USIP AEBetako Bake Institutuan ikertzaile izan da. Kazetari lanetan aritu da, besteak beste, Balkanetako gerran eta Afrikako Aintzira Handien krisian. Webgune bat dauka: http://pierrehazan.com/.

Raymond Kendall

Interpoleko idazkari nagusia izan zen 1985 eta 2000 bitartean. Erretiroa hartu ostean, erakunde horren ohorezko idazkari nagusi izendatu zuten. Haren ibilbide profesionalean, segurtasun esparrua jorratu du bereziki. Hainbat domina eman dizkiote; Espainian eta Frantzian, besteak beste. Orain, gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin ari da elkarlanean,

Nuala O'Loan

Polizia gaietarako lehen arartekoa izan zen Ipar Irlandan, 1999tik eta 2007ra bitartean. Egun, Erresuma Batuko Lorden Ganberako kide da. Gatazken konponbiderako Irlandako enbaxadorea da. 2008an, Ekialdeko Timorrerako arduradun berezi izendatu zuen Irlandako Errepublikako gobernuak. Ulsterreko Unibertsitateko Jean Monnet katedraduna da.

Alberto Spektorowski

Politika Zientzietako irakasle da Tel Aviveko Unibertsitatean (Israel). Shlomo Ben-Ami Israelgo Gobernuko Kanpo Harremanetarako eta Defentsa Publiko ministroaren aholkularia izan da. Ben-Amik Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen, 2000. urteko uztailean. Israel-Palestine Civil Society Comittee for Cease Fire batzordeko kide da Spektorowski.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia