2011-02-10
Ezker abertzalearen alderdi berria. Erregistroa Barne Ministerioan
Alderdia erregistratuta, Espainiako Gobernuaren txanda dela dio Sortuk
Sortu alderdiko sustatzaileek estatutuak aurkeztu dituzte Barne Ministerioan; Maider Etxebarria da idazkari nagusia
Alderdien Legea betetzen dutela uste dute, eta ziur daude legezko alderdia izango direla
OIhana Elduaien Madril
Berriemaile berezia
Sorturen ordezkaritza, Barne Ministerioaren atarian. / A. C. / ARGAZKI PRESS
Sortu alderdiko sustatzaileek egin beharrekoa egin dutelakoan daude. Alderdien Legeak eskatzen duena betez estatutuak osatu dituzte, eta estatutu horiek Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioan erregistratu dituzte. «Orain Espainiako Gobernuaren txanda da», esan du Ińaki Zabaletak, sustatzaileen izenean. Seguru daude Alderdien Legea bete dutela, eta ez dute dudarik alderdi berria legezko izango dela. Horregatik, «justiziaren interesen alde aritzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari eta Judikaturari. «Printzipio demokratiko guztiak betetzen dituen alderdia gara, legezko izateko eskubidea dugu, eta gure ideologiarekin bat egiten duten herritarrak ordezkatzekoa».
Alderdi berriaren sustatzaileak Madrilen izan ziren atzo. Maider Etxebarria, Ińaki Zabaleta, Karmele Agirregabiria, Rakel Jausoro eta Xabier Artola ordu txikietan abiatu ziren Euskal Herritik, bi autotan, Alex Maskey Sinn Feineko kidearen laguntzarekin. Madrilen Bill Bowring Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen elkarteko presidentearekin batu ziren, eta guztiak batera 11:20 aldera sartu ziren Barne Ministerioko egoitzara. Sortu alderdi berriaren estatutuak erregistratu zituzten, Maider Etxebarria idazkari nagusi izendatuta, eta horren ostean, prentsaurrekoa eman zuten Madrilen bertan, Unescoren lagunen aretoan.
Bezperan Bilbon azaldutakoa berretsi zuten funtsean, «Madrilgo hiribilduan, estatuaren hiriburuan». Sortu Euskal Herriko abagune politiko berrian «euskal gizartearen bake eta konponbide demokratikorako itxaropenari erantzuteko» eratu dela azaldu dute; estatutuak «zehaztasun osoz legezkoak» direla; alderdia ez dela inoren eta ezeren segida; legez kanpo utzitako antolakuntza ereduekin inolako zerikusirik ez duela, ez duela kanpoko inork gidatzen; bide baketsu eta demokratikoen alde egiten duela; eta indarkeria mota guztiak gaitzesten dituela, «ETArena barne».
Aretoa goraino betetako kazetari saldoaren aurrean berretsi zuten, herritarren eskubide eta askatasunen kontrako edozein jarreren aurka daudela. «Gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin elkarlanean aritu nahi dugu Euskal Herrian edozein indarkeriaren behin betirako amaierara bidean, eta zehazki ETArenean. Indarkeria ororen ondorioak gainditu nahi ditugu; bakearen alde, aterabide demokratikoen alde, eta euskal gizartearen adiskidetzearen alde».
Zabaletaren arabera, «sendoak» dira printzipio horiek, eta haiek bete eta mantenduko diren bermatzaileak, sustatzaileak ez ezik, alderdiaren estrukturak ere izango dira. «Gure estatutuak argiak izateaz gain, bermatzaileak ere badira». Alderdiaren barne arautegiak printzipio horiei eusteko prestatuta daudela azpimarratu zuen, estatutuetan «gardentasun osoz» jasota geratu den gisan. Sortuko kide direnentzat eta izango direnentzat printzipio horiek «saihestezinak» direla ohartarazi zuen.
Proiektu politiko guztiak posible diren agertokia lortzea dute xede, euskal gizartearen nahiek beren garapenerako bide instituzionalak izan ditzaten. Sorturen proiektu politikoa zein den ere argitu zuten. Alderdi independentista da, eta «bide politiko eta demokratiko hutsetatik» Europako Batasunaren barnean euskal estatua sortzea du helburu. Euskara eta euskal kulturarekin konpromisoa duen alderdia da, «herri euskaldun baten alde lan egingo duena, baina kultura anitzeko herritar eleanitzekin osatuko dena». Ideologia sozialista dute, aldaketa politiko-ekonomiko «erreala» eragin nahi dute, neoliberalismotik urrun, aberastasunaren banaketa justuarekin. Demokrazia parte-hartzailean sinesten dute, emakumeen eta gizonezkoen berdintasun erreala izango den estatua nahi dute sortu, non gazteriak ahots eta espazio propioa izango duen.
Gaineratu duenez, subiranotasuna eta independentismoa gizartearen erdigunean kokatzeko aliantza politikoak eta sozialak izango dituzte tresna.
Egiturak osatzeari ekingo diote datozen egunetan
Sortu alderdia osatu berria da, eta oraindik osatugabea da. Alderdiaren sustatzaileek atzo Madrilen azaldu zutenez, datozen egunetan hasiko dira egiturak osatzen, atzo erregistratu zituzten estatutuetan zehaztu gisan. Beren ideologiarekin bat egiten duten guztiek «ateak irekita izango dituzte».
2011-01-31
Eratze ekitaldia.
Sortu alderdia eratzeko ekitaldia urtarrilaren 31n egin zuten, Donostian. Bileran, Karmele Agirregabiria, Xabier Artola, Maider Etxebarria eta Rakel Jausorok parte hartu zuten. Bertan, Sorturen estatutuak onartu zituzten.
Maider Etxebarria, Sorturen lehen idazkari nagusia
Eratze ekitaldian bildutakoek alderdiaren batzorde iraunkorra osatzea erabaki zuten, eta Maider Etxebarria idazkari nagusi izendatu zuten. Geologia doktorea da Maider Etxebarria, eta irakasle ikasketak eginak ditu. Eratze kongresura deitzea dagokio, eta, hori egin arte, idazkari nagusiaren kargua izango du.
Hondo laranja, zirkulu erdi horia eta izarra
Estatutuekin batera eranskin bat aurkeztu dute Sorturen sustatzaileek Barne Ministerioan: sinboloaren irudia. Estatutuetan honela deskribatu dute: «Koadro laranja bat hondo gisa; zirkulu erdi hori bat hondo laranjaren gainean; behealdean, sangratua, eta zortzi puntadun izar zuria hondo laranjaren gainean.
Madrilen, letaginak zorrotz
Egiten ari diren horretan sinetsita, lasai egin dute Madrilerako bidea Sortu alderdi berriaren sustatzaileek. Espainiako hiriburuan ez dituzte jarrera berberarekin hartu zain zituzten kazetariek.
O. Elduaien Madril
Lasai joan dira Madrilera Sortu alderdi berriaren sustatzaileak. Lasai daude Alderdien Legea betetzen duten uste sendoa dutelako, eta, itxuraz, behintzat, lasai egin dute Espainiako hiribururako bidaia ere. Han ordea, ez zeuden lasai haiei itxoiten egon diren kazetariak. Urduri hartu dituzte, eta haginka egiteko jarreraz eraso diete galderekin, Ińaki Zabaletak sustatzaileen izenean azalpenak ematen amaitu orduko.
«Noiz emango duzue kazetarien galderak erantzungo dituzuen prentsaurreko bat?», galdetu du kazetarik batek, galderarik ez zela erantzungo inork esan ez arren. «Gaur gure asmoa estatutuak erregistratu eta eman dugun azalpena ematea da. Alderdia sortu berria da, eta ulertuko duzue nire jarrera». Berehalakoa izan zen zurrumurrua kazetarien artean, «hau prentsaurreko bat da, erantzun egin behar duzue!». Galderak egiten jarraitu zuten, eta Zabaletak erantzun egin zituen, nahiz eta ez zuen kazetariek nahi zuten bezala egin. Haietako batek honako hau galdetu zion: «Zergatik esaten duzue indarkeria guztiak amaitzea nahi duzuela, legea betetzeko esan egin behar duzuelako edo benetan hala uste duzuelako?». Urrunago joan zen beste bat: Sinesgarritasun falta egotzi, eta zer egiteko asmoa duten galdetu zion batek. Zabaletak esan zuen sinesgarritasuna irabazi egin behar dela; «emaguzue aukera bat», gaineratu zuen. Beste kazetari batek, orduan: «Sinesgarritasuna irabazteko aukera duzu orain. ETA desagertzea eskatzen duzu?». «Aurretik esan dudan bezala...», hasi zen Zabaleta; «Alegia, ez!», moztu zion kazetariak. «Galdera zeuk egin eta zeuk erantzuten baduzu...», erantzun zion, orduan, Zabaletak. Hor amaitu zen prentsaurrekoa, eta etxerako bidea hartu zuten sustatzaileek, hara joan bezala, autoz.
Goizeko ordu txikietatik jaikita zeuden. Izan ere, 05:00etan abiatu ziren, Gasteizko Lopidana gasolina gunetik. Maider Etxebarria, Karmele Agirregabiria, Xabier Artola, Rakel Jausoro eta Ińaki Zabaleta sustatzaileek Alex Maskey Sinn Feineko kidearekin eta beste hiru laguntzailerekin batera egin zuten bidea, bi autotan. Boceguillasen geldialdi bat egin ostean, 10:00 aldera iritsi ziren Madrilera. Han Bill Bowring Giza Eskubideen eta Demokrazia aldeko Europako Abokatu Elkarteko presidentearekin batu, eta guztiek batera jo zuten Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren egoitzara. 09:00etatik zain zituzten 70 bat kazetari. Arazorik gabe sartu ziren barrura, eta ez zuten inolako oztoporik topatu tramitea egiterako garaian. Alderdia legeztatzeko orduan ere halaxe izatea espero dute.
@sarean
Sortu alderdiaren estatutuak osorik irakurri nahi izanez gero, www.sortu.info webgunean daude, soil-soilik gaztelaniaz.
• www.berria.info. Sorturen sustatzaileek Madrilera egindako bidaiaren kronikaren bideoa dago Berria Telebistan.
ETBk pluraltasun faltaz landu du albistea, EAJren ustez
EAJk pluraltasun falta egotzi dio EITBko Zuzendaritzari, alderdi berriaren sorrerari emandako trataera informatiboagatik. Albisteari berari baino, ETBk erreakzioei garrantzia gehiago eman diela salatu du EAJk. Gainera, alderdi abertzaleen adierazpenik ez zela jaso ohartarazi du EAJk. EiTBk okertzat jo du EAJren salaketa.
«Honetan, euskaldunak ez daude bakarrik»
Alex Maskeyk eta Bill Bowringek babesa eta zorionak eman dizkiete Sortu alderdiaren sustatzaileei
O.E Madril
Sortu alderdi berriaren eratzea «historikotzat» jo dute Alex Maskey Sinn Feineko kideak eta Bill Bowring Londreseko unibertsitateko zuzenbide irakaslea eta Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Abokatuen elkarteko lehendakariak. Horregatik, alderdiaren sustatzaileak zoriondu dituzte biek, Madrilen, kazetarien aurrean emandako prentsaurrekoan.
Euskal herritarren eta Espainiako herriaren arteko harremanei dagokienez, une oso garrantzitsua da hau, Maskeyren irudiko. Horregatik, «gatazka luze hau» amaitzeko sortu den aukera baliatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta elkartasuna igorri die, konponbidea lortu nahian lanean ari diren guztiei.
Bowringek ere antzeko hitzak izan ditu. Sortu «alderdi erabat berria» dela esan du, eta «iraganarekin erabateko etena» duela. Horregatik, Erresuma Batuak 1997an egin gisan, esku-eskura duen aukera aprobetxatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, «kuraiaz» jokatzeko.
Gogora ekarri du Erresuma Batuan ere badirela autodeterminazioaren alde ari diren herriak: Eskozia, Gales eta Irlanda. Berak abokatu gisan Txetxeniako herritarrak defendatzen dituela eta palestinarrekin ere harremanak badituela gaineratu du. Horregatik, azpimarratu du euskaldunak ez daudela bakarrik autodeterminazioaren aldeko borroka horretan.






