2011-01-26
Tortura salaketak
AAMk erantzun bateratua eskatu du tortura amaitzeko
Alderdiak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak «atxiloketen dinamika eroaren» amaiera bultzatzera deitu ditu
Ofiziozko bi abokaturen salaketak ikusita epaileak ez duela ezer egin salatu du TATek
Joxerra Senar Iruñea
Hainbat lagun agertu ziren atzoko prentsaurrekoan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
«Atxiloketa dinamika ero hau amaitu behar dugu». Aurreko asteko operazioan atxilotu zituztenetako batzuk eta espetxeratu dituztenen senideak alboan zituela, Gorka Gonzalez Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak horrelako atxiloketen eta torturen aurka erantzun bateratuak ematera eta konpromisoak hitzartzera deitu zituen alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak atzo Iruñean. «Era honetako gertaerak amai daitezen erantzun batasuna bultzatzeko deia egiten dugu». Hurrengo egunetan gizarte eta politika arloko eragileekin bilerak egingo dituzte. Era berean, herritarrei otsailaren 13an torturaren aurka egingo diren elkarretaratzeekin bat egiteko eskatu die.
AAMk gogorarazi du urte hasieratik hamabost lagun atxilotu dituztela Euskal Herrian, bost polizia operaziotan, eta horietatik sei lagunek torturak salatu dituztela. Tratu txarren salaketak aurreko astean Nafarroan izandako operaziokoak dira. Gorka Gonzalezek azpimarratu duenez, atxiloketa guztietan atxilotuen etxeak, haien gurasoenak, tabernak eta herri mugimenduetako egoitzak miatu dituzte segurtasun indarrek: «Eta zer aurkitu dute miaketa hauetan? Ordenagailuak, sakelakoak, propaganda politikoa, txostenak... Talde armatuko kide izateko ezer gutxi, aspaldian ohituegiak gauden bezala».
Era berean, Gonzalezek azaldu du bi «mugimendu kontrajarri» izan direla urte hasieran. ETAk Gernikako Akordioari zein Bruselako Adierazpenari erantzunez su-eten egiaztagarri, orokor eta iraunkorra iragarri du, baina «estatuek atxiloketekin eta torturekin erantzun diote ETAri». AAMk ondorioztatzen du Euskal Herrian bakeranzko pauso sendoak ematen ari diren bitartean «Madrildik gerra adierazpenak eta bortxazko ekintzak» baino ez datozela.
Giza eskubideak, «nahierara»
AAMren iritzian, azken operazioek argi utzi dute Espainiako Gobernuak «jazarpena eta indarkeria helburu politikoen mesedetan» erabiltzen dituela eta oinarrizko giza eskubideak «interes politikoen menpe» daudela. «Eskubideak nahieran erabiltzen dira, erabaki politiko baten, txandako epailearen edo gorputz polizial baten arabera. Hori da espainiar demokrazia, horrela egiten du lana Auzitegi Nazionalak».
Prentsaurreko berean, Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariak oroitarazi du aurreko astean alarma gorriak piztu zituztela eta ohartarazi zutela inkomunikazioak tortura arriskua zekarrela berekin: «Gaur [atzo] da eguna sei tortura testigantza ditugula». Guardia Zibilak Iruñerrian atxilotutako sei lagunetik bostek torturak salatu ditu. Espainiako Poliziak Iruñean eta Gasteizen atzemandako lau herritarretatik batek ere torturak salatu ditu. Torturak salatu dituztenetatik bakarra atera da libre, bermea ordainduta: Xabier Beortegi. Atzo Iruñean zen, eta bere testigantzaren berri eman zien kazetariei —ikusi alboko orrian—.
Arratibelen laguntza deia
Salaketen inguruko bi gertaera nabarmendu ditu Ituiñok. Batetik, inkomunikatuta, Guardia Zibilak «torturapean ateratako» deklarazioa egitera behartu ondoren, Jon Patxi Arratibel iruindarrak, bere izenarekin sinatu ordez, aztnugal izenpetu zuen (laguntza hitza, alderantziz). «Laguntza eske ari zen, eta aditzera ematen ari zen tratu txarrak eta tortura jasaten ari zela. Guk nabarmendu nahi dugu nola posible den inork, kasuotan ezta ofiziozko abokatuak ere, ez zuela ezer egin Joni kasu horretan laguntzeko», nabarmendu du Ituiñok.
Ofiziozko bi abokaturen jokamoldea ere berria izan da. Ituiñok gogora ekarri du kasu askotan «torturapean lortutako deklarazioei sinesgarritasuna ematea» dela ofiziozko abokatuen egitekoa, baina aurreko astean bi abokatuk euren bezeroak torturatu egin zituztela esan zioten Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileari. Ituñoren arabera, «deigarria» bada, nahiz eta azken hilabetetan beste hainbat kasu izan diren. Haatik, Ituiñok salatu du Fernando Grande-Marlaskak ez zuela ezer egin.
HRWk Espainia kritikatu du, inkomunikazioa dela eta
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak prentsa ohar bidez jakitera eman du Human Right Watch erakundeak bere urteko txostena argitaratu berri duela. Bertan, Espainiako estatuari inkomunikazioaren inguruko nazioarteko gomendioak baztertzea egotzi zaio. Interneten eskuragarri dago www.hrw.org/es webgunean. Bertan, besteak beste azpimarratzen da Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluan diren hainbat estatuk Universal Periodic Review txostenean inkomunikazioaren inguruan aldaketak egiteko aholkatu ziotela Espainiari. «Txosten horretan gogor kritikatzen zen espainiar estatua». HRW ere ohartarazi du giza eskubideen babeserako konpromisoa ez duela jarraitu Espainiak.
'Ateakireki.com' webgunea sortu dute Nafarroan
Aurreko asteko polizia operazioaren ondorioz, apurtu.org webgunea itxi egin zen eta adierazpen askatasunaren alde 40 kazetari inguruk babesa adierazi zioten webguneari. Agiri horren sinatzaileetako batzuk www.ateakireki.com interneteko orria sortu dute, eta atzodanik bertara jo daiteke.
Xabier Beortegiren lekukotasuna
«... nor zaren ere ez dakizula geratu arte»
Xabier Beortegi Iruñeko Arrotxapea auzoko gazteak inkomunikatuta zegoela jasandako torturen testigantza:
«Astearte goizaldean hasi zen dena. 02:00etan nire etxean txirrina jo zuten, eta oihuak entzuten hasi nintzen. Azpiko arroparekin jaiki nintzen, eta atea irekitzean hiru guardia zibil nituen aurrez aurre, pistolak niregana zuzentzen ari zirela. Ez dakit zenbat zeuden. Denak etxean sartu ziren, eta eskuak soka batzuekin lotu zizkidaten. Une horretan tratua zuzena izan zen. Miaketa amaitutakoan, Nafarroako Lurralde Auzitegira igorri ninduten. Han, auzitegi mediku baten aurretik pasa nintzen, ez nuen ezagutzen eta hari deklaratu nion tratua zuzena izan zela.
»Handik aurrera amesgaiztoa hasi zen. Handik aurrera talde berezi baten esku utzi ninduten, eta hala esan zidaten: 'Talde berezi bat gara. Orain arte jasandakoa txantxa baino ez da; orain zure amesgaiztoa hasiko da'. 'Hemendik aurrera bukatu egin da zure militantzia ibilbidea' eta antzekoak esan zizkidaten... Mehatxu psikologiko etengabea da, sendiaren aurka batez ere, sexualki apaltzea, ukituak... Hori denaz gain, barrabiletan kolpeak, saihetsetan, buruan etengabe kolpeak... nor zaren ere ez dakizula geratu arte. Teorian, Madrilera jaistea bost ordu dira, baina 24, 50 ordu... bidaia inoiz ez zela bukatzen iruditu zitzaidan.
»Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira iristean, esan zidaten ordura arte gertatutakoa ez zela ezer eta kalbarioa berriro hastera zihoala. Gogoratzen dut autotik jaitsitakoan ezin nintzela ezta zutik ere egon. Ez dakit tentsioa zen, buruan jasotako kolpeak ziren, presioa... zorabio sentsazioa etengabea zen. Azkenik, hainbaten artean eraman behar izan ninduten, zutik ezin nintzelako egon. Handik zulo batera bidali ninduten, ziega batera. Erabat ilunpean ez nuen ezer ikusten. Handik galdeketetara bidaltzen zaituzte. Etengabe. Han, ondo esan zidaten bezala, amesgaiztoak jarraitzen du».
[Isilunea eta hasperena]
«Etengabe buruan kolpeak, kukubilko jarri eta lur jota geratzeraino zutik jarrarazi, berriro ere oreka galdu arte, nor zaren ere ez dakizula geratu arte. Arnasa hartu ezin duzunean poltsa jartzen dizute, asfixia zer den jakin dezazun. Eta hori dena etengabe, behin eta berriz, behin eta berriz. Ziegara eraman eta handik atera. Gainera, txano bat duzu buruan eta ezin duzu inor ikusi. Ziega erabat ilun dago eta gero txanoa duzu buru gainean eta denboraren nozio oro galtzen duzu: zer ordu den, zer egunetan bizi zaren... Eta aterarazi nahi dizkizuten izenak aterarazten dizkizute. Zure sendiaren artean, zure lagunen artean, zurekin auzoan lan egiten dutenen artean... Organigrama bat egitera behartzen zaituzte, eta halako batean amore ematen duzu eta haiekin elkarlanean aritzea onartzen duzu: 'Nahi duzuena egingo dut, nahi duzuena sinatuko dut; Manolete hil dudala? Manolete hil dudala'.
»Orduan deklarazioa eginarazten dizute. Galderak eta erantzunak idatzita ekartzen dizkizute eta zuk hor dituzu ikasi arte. Arratsalde oso bat pasa nuen. Badakit urtarrilaren 20ko gauean deklaratu nuela, nire aurrean nuenak (ez dakit nor zen) hilaren 20a zela esan zidalako. Arratsalde bat pasa nuen, ez dakit ordu bat, bi ordu, denboraren nozioa galtzen duzu. Adierazpena sinatzen duzu, eta fardela, zuretzat hartzeaz gain, beste batzuei ere pasatzen diezu.
»Zulora sartzen zaituzte berriro eta egoera baretu egiten da. Hainbeste umiliatu zaituzte, moralki ez zara inor. Esaten dizute orain arte egindakoa ez dela ezer, eta adierazpena epailearen aurrean berretsi behar duzula. Xantaia moduan esaten dizute eginez gero aske geratuko zarela. Eta nik nire baitan barneratu egin nuen hori, eta epailearen aurrean berretsiz gero aske geratuko nintzela pentsatzen nuen. Hala ere, azken unean iritziz aldatu eta egia kontatuko nuela erabaki nuen, ez poliziekin itundu nuena.
»Nire bizitzako mugako esperientzia izan da. Espero dut inor gehiagori ez gertatzea. Ezin da psikopata kuadrilla bat hor eduki nahi dutena egiten».
Ekaitz Samaniego eta Adrian Donay epaituko dituzte bihar
Ekaitz Samaniego eta Adrian Donay gazte gasteiztarrak bihar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Kale erasoetan parte hartzea leporatzen diete, eta 14na urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, gazteriaren aurkako «kriminalizazioaren eta jazarpenaren» ondorio da bi gazteen epaiketa. Epaiketa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Gasteizen, 19.00etan, Andra Mari zuriko plazatik abiatuta.
Gainera, azken boladan izandako polizia operazioetan, torturapean lortutako deklarazioetatik autoinkulpazioak eta atxiloketa berriak izan direla salatu du AAMk. Gazte askori «mendekuan oinarritutako zigorrak» ezarri zaizkiela gaitzetsi du. Samaniego eta Donayren kasuak ez ezik, Oier Urrutia eta Jokin Zerain gazteena ere gogoratu du AAMk. Urrutia joan den urrian epaitu zuten, eta hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zioten ustez kale erasoekin lotura izateagatik. Zerain, berriz, epaiketaren zain dago: fiskalak 35 urteko espetxe zigorra eskatu du haren aurka.






