Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:57

2011-01-22

Euskararekin, hobeto

Euskarari buruzko jarrera ikertu du inkesta batean Jaurlaritzak; ateak irekitzen dituela diote biztanleen %85ek

Arantxa Iraola

Mutil koskor batzuk euskararen aldeko ikurra erakusten, iragan Korrikan. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dute dudarik; ateak irekitzen ditu euskarak; aukera gehiago izateko giltza da. Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen inkesta baten arabera, biztanleen %85ek adierazi dute euskaraz jakiteak aukera gehiago izateko modua ematen duela, gizartean gaztelania gailentzen bada ere. Atzo goizean aurkeztu zuten Lehendakaritzan Euskara: erabilera, jarrerak, politikak azterlana. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradun Victor Urrutiak egin zuen aurkezpena. Biztanleek hizkuntzaz duten ikuspegi «utilitarista» nabarmendu zuen.

Inkesta iragan abenduan egin zuten, telefonoz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urtetik gorako 1.806 laguni egin zieten galdera. Euskara aintzat hartzen dutela erakutsi dute biztanle gehienek. Galdekatuen %54k adierazi dute euskal herritarren hizkuntza euskara dela; aitzitik, %34k uste dute euskara euskal herritarren hizkuntzetako bat dela, ez hizkuntza bakarra.

Jakite mailari eta erabilerari buruzko datu esanguratsuak agerian uzi ditu ikerketak. Inkestaren arabera, herritarren %37 ongi edo nahiko ongi mintzatzen dira euskaraz, %24 zertxobait eta %39 batere ez. Adinaren arabera, datuak nabarmen aldatzen dira; 15-17 artean %67k diote euskaraz ongi edo nahiko ongi mintzatzen direla; 18-29 urte bitartekoen artean, kopuru hori %58koa da, eta adinak gora egin ahala, nabarmen egiten du behera. 65 urtetik gorakoen artean, %26k aitortzen dute euskaraz aritzeko gaitasuna. Hezkuntzan konfiantza handia dute biztanleek; %68k uste dute euskararen garapena baikorra izango dela, «neska-mutilek eskolan ikasten dutelako».

Hizkuntza politikak

Euskararen aldeko hizkuntza politikak begi onez ikusten dituzte herritar gehienek; %67k adierazi dute aldeko neurri politikoak ezinbestekoak direla galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada, nahiz eta guztien gogokoak ez izan. Eremu publikoan, halaber, euskararen erabilera sustatzearen alde daude. %69k uste dute funtzionario guztiek euskara ikasi beharko luketela.

Inkestaren arabera, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politikan proposatu dituen azken neurriak ondo hartu ditu gizarteak. Esaterako, derrigorrezko ikasketak euskaraz osatzen dituztenei jakite mailari buruzko agiri ofizialen bat ematea ondo ikusten dute biztanleen %84k, eta %77k bat egin dute unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenei EGAren mailako titulu bat ematearekin.



 

Inkestako datuak

%13

Familiarekin beti euskaraz. Biztanleen %13k familiarekin beti egiten dute euskaraz;%4k euskaraz gehiago gaztelaniaz baino; %6k euskaraz adina gaztelaniaz; eta %9k gaztelaniaz gehiago euskaraz baino. %68 beti gaztelaniaz aritzen dira.



 

%9

Lagunekin beti euskaraz. Lagun artean beti euskaraz aritzen dira herritarren %9. Beti gaztelaniaz %69 aritzen dira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia