2010-12-21
Euskaraz ikasten dutenei hizkuntz gaitasuna aitortuko die Jaurlaritzak
Titulu bat eman beharrean, D ereduan ikasi dutenek titulua aurkezteaz salbuetsiko dituzte lan eskaintza publikoetan
Unibertsitate gradua lortzen dutenen ezagutza EGArekin parekatu nahi dute
Jon Rejado Gasteiz
Blanca Urgell Kultura sailburua eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Euskaraz ikasten dutenen euskarazko hizkuntz gaitasuna aitortzeko bidean aurrera egiteko prest dagoela berretsi du Eusko Jaurlaritzak, Blanca Urgell Kultura sailburuak duela hilabete aurreratu zuen bezala. Ordea, aitorpen hori ez dute titulu baten bidez egingo. Horren ordez, aitorpen ofiziala emango zaio EAEko Administrazio Publikoan, hau da, lan eskaintza publikoetan hizkuntz ezagutzak egiaztatzeko titulua aurkezteaz salbuetsita egongo dira euskarazko ikasketak egin dituztenak, edota euskara ikasketak aitortutako maila horretatik aurrera egin ahal izango dituzte hizkuntza eskola ofizialetan, besteak beste.
Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Blanca Urgellek 2011. urtearen bukaeran onartu nahi duten dekretuaren gidalerroen berri eman zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bertan azaldutakoaren arabera, euskara ezagutzaren ziurtagiriekin parekatu nahi ditu Jaurlaritzak ikasketa mailak.
Unibertsitate gradua euskaraz lortzen dutenei EGA ziurtagiriaren baliokidea den ezagutza aitortu nahi diete lan eskaintza publikoetan: C1, Hizkuntzen Europako Erreferentzia esparruaren arabera. Batxilergoa edota Lanbide Heziketako goi mailako gradua B2 mailarekin parekatu nahi dute, eta DBH edota Lanbide Heziketako oinarrizko gradua B1 ezagutzarekin.
Diskriminazioa bukatzea
«Hogei urtez euskaraz ikasi dutenei EGA ziurtagiria izateko azterketa egin behar izatea eskatzea diskriminatzailea da; ez da horrelakorik behar», nabarmendu du Zelaak dekretuaren beharra arrazoitzeko. 3 urtetik 23 urtera arte D ereduan ikasi duten ikasleen gaitasuna behar den moduan baloratu behar dela gaineratu du. «Euskarak hezkuntzan lortu duen ezarpena berme bat da aldaketa arriskurik gabe gerta dadin», gaineratu du. Bide batez, aldaketarekin euskararen ezagutza mailaren kalitateak ez duela okerrera egingo berretsi du Urgellek. «Oztopo burokratikoak kentzeak ez du esan nahi ezagutzaren kalitatea jaitsiko denik».
Katalunian eta Galizian modu bertsuan jokatzen dela gaineratu du Zelaak; ikasketa mailaren araberako hizkuntza gaitasun ziurtagiria ematen dutela. Dena den, Eusko Jaurlaritzak modu «kontserbadoreagoan» jokatuko duela gaineratu du, hau da, Galizian batxilergoa bukatzean EGAren baliokidea den ezagutza egiaztagiria ematen dute, esate baterako.
Oinarriarekin ados egon arren, hizkuntz ezagutza bermatzeko helburuen gainean zalantzak dituela azaldu du Juanjo Agirrezabalak, EAko legebiltzarkideak. Aurreko Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek ekimen bertsua abiarazi nahi izan zuela gogorarazi du, eta orduko asmoan ikasketa maila bakoitzaren curriculumean lortu beharreko ezagutza maila ondo zehaztuta zegoela gaineratu du. Ordea, Jaurlaritzaren oraingo egitasmoan helburu horiek ez dituela argi ikusten gaineratu du.
Legebiltzarrean jakinarazitako asmoak oraindik bide luzea duela azaldu dute bi sailburuek, eta dekretua garatzen den arte hainbat zalantza argitu beharko dituela onartu dute. Horien artean, dekretuak atzera begira eragina izango duen zehaztu beharko dutela gogorarazi dute, eta, horrela bada, noiz arte hedatuko den dekretuaren eragina. B ereduan ikasi duten ikasleen maila egiaztatzeko erabiliko diren irizpideak ere zehaztu behar dituzte, besteak beste.
Unibertsitateen kasuan salbuetsita egoteko ikasleek euskaraz egin beharreko gutxieneko kredituak zehaztu beharko dituzte, EAEko unibertsitateekin adostuta. Dagoeneko bide horretan lan egiten ari direla aurreratu dute, eta, Zelaak esandakoaren arabera, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea ados dago oinarrizko asmoarekin.
Nafarroako Hezkuntza Sailak ez du azterketa gainditu
Alberto Catalan Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ez ditu «etxeko lanak» egin, eta, ondorioz, hainbat lan atzeratu ditu. Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz taldeak D ereduko ikastetxeak aztertu ditu, eta kontseilariak eta sailak «egin ez dituzten lanen» berri eman diote Arartekoari. 2011ko aurrekontuetan «egoerari buelta emateko» aukera dutela esan du Sortzenek.
Kalitatezko hezkuntza euskalduna aldarrikatu du Sortzen Ikasbatuaz-ek berriro ere. Aldiz, ikastetxeetan egindako azterketen emaitzak bestelakoak direla salatu du, eta egoera beste bide batean doala. «TIL ereduko ikastetxe berriek baliabide guztiak dituzte; D eredukoetan, ordea, gauza asko hobetu behar dituzte», esan du Aitziber Larrea Sortzeneko kideak.
Landa eremuko eskolak ixtea eta makrozentroak eraikitzea, ikastetxe berriak eraikitzean beharrak eta ikasle kopurua ez aurreikustea, behar bereziak dituzten haurrei laguntzarik ez ematea, edo ingelesa gizartearen «totem» bilakatu nahi izatea dira Hezkuntza Sailaren okerretako batzuk.
Eusko Jaurlaritzak nahi dituen baliokidetzak
• B1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edota Lanbide Heziketako oinarrizko gradua D ereduan gainditu dutenentzat.
• B2. Batxilergoa edota Lanbide Heziketako goi mailako gradua euskaraz gainditu dutenentzat
• C1. EGAren baliokidea, Unibertsitateko ikasketak gainditu dituztenentzat.
%33,5
Euskarazko erdiko mailara heltzen ez diren DBHko ikasleak.
Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketaren arabera, DBHko 2. urteko ikasleen %33,5 hastapeneko mailan daude euskaraz komunikatzeko gaitasunari dagokionez. Lanbide Heziketako 4. mailako ikasleetan, %27.
15.607
Batxilergoan D ereduan matrikulatu diren ikasleak.
Ikasturte honetan batxilergoa ikasten ari diren ikasleen %55,6 D ereduan ikasten ari dira. Eusko Jaurlaritzak matrikulazioei buruz abuztuan emandako datuen arabera, ikasleen %44,4 A ereduan daude matrikulatuta.






