Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:51

2010-12-15

Donostiako auzoetako kartelen erdiak baino gehiago ele bitan daude

Egia, Altza, Loiola eta Intxaurrondo auzoetan duen presentzia aztertu dute Donostiako Udalak eta EHUk

Erredakzioa Donostia

Euskararen Udal Patronatuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak euskarak Donostiako auzoetan duen presentzia zenbatzeko laugarren azterlana egin dute. Ikerketaren emaitzen arabera, «ezagutzaren aldetik hain euskaldun ez diren auzoetan» ere nabarmena da euskarazko idazkunen kopurua.

Kaleetan dauden kartel, iragarki eta idazkunak zein hizkuntzatan dauden idatzita ikertu dute. Laugarren atal honetan, Egia, Altza, Loiola eta Intxaurrondo auzoetan ibili dira. Bereziki Intxaurrondoren kasua aipatu dute. Hamar karteletik ia zazpi euskaraz aurkitu dituzte. Egian, Altzan eta Loiolan kopurua txikiagoa da, baina hiru auzootan ere erdiak baino gehiago izan dira.

Gehienetan euskara gaztelerarekin batera agertzen da. Batzuetan, gainera, baita hirugarren edo laugarren hizkuntza batekin. Hau da, lau auzootan gehiengo zabala dira idazkun elebidun edo eleaniztunak. Euskara hutsezko idazkun gehien Egian aurkitu dute: idazkunen %4,8.

Unitate motari dagokionez, banketxeek erabiltzen dute euskara gehien; kasu askotan, auzoko banketxe guztiek. Atzetik datoz zerrendan jatetxe eta tabernak. Euskara gutxien dendetako karteletan erabiltzen da.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia