Alderdien Legearen eskaerak beteko dituela iragarri du ezker abertzaleak
Iruñean proiektu politiko berria aurkeztu, eta indarkeriarentzat «inongo tarterik» ez dagoela argi utzi du Rufi Etxebarriak
Alderdiaren estatutuak osatzen ari direla eta laster aurkeztuko dituztela jakinarazi du
Joxerra Senar.
Iruñea«Berri garrantzitsu bat plazaratzera gatoz». Atzo Rufi Etxebarriak eta Marian Beitialarrangoitiak ezker abertzalearen alderdi politikoaren eta haren barne antolamenduaren oinarriak ezagutarazi zituzten Iruñean. Oinarriotan, ezker abertzaleak azpimarratu du bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoak tinkoa izan behar duela eta ez «egoeraren araberako gertaeren edo aldagai taktikoen menpekoa». Helburu politikoak lortzeko «indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatzen du alderdi berriak». Hurrengo asteetan alderdi berriaren estatutuak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Estatutuok Alderdien Legearen eskakizunei jarraituz osatuko dituztela azpimarratu dute, nahiz eta lege horren «izaera antidemokratikoa» eta haren erabilpen «politiko eta arbitrarioa» irmo salatu.
Edukiez gain, eszenografiak ere garrantzia izan zuen atzo. Iruñeko Tres Reyes hoteleko areto nagusian, gora ezker abertzalea zioten hiru kartel handiren azpian, belaunaldi guztietako eta hainbat sektoretako 300dik gora militantek agertu zioten babesa proiektu berriari. Han ziren, beste askoren artean, Txelui Moreno, Marine Pueyo, Iñigo Iruin, Igor Urrutikoetxea, Eusebio Lasa, Jone Goirizelaia, Antton Morcillo, Xanti Kiroga eta Expe Iriarte.
Babesa eta barne kohesioa
Marian Beitialarrangoitiak euskaraz irakurri zuen agiria, eta Rufi Etxeberriak, gazteleraz, eta bakoitzak bere agerraldia amaitutakoan txalo zaparrada batekin erantzun zuten militanteek. Horrenbestez, proiektu politiko berriarekiko babes zabala eta barne kohesioa irudikatu nahi izan zuen ezker abertzaleak.
Komunikabideen artean sortutako ikusmina ere ez zen gutxiagorako izan. Prentsaurrekoko aretora sartu aurreko unetan, hoteleko ataria kazetariz gainezka zegoen, horietako batzuk Euskal Herri kanpotik etorriak -azken unean etorritako Nafarroako komunikabide bateko kazetari batek, adibidez, ez zuen bere ezustea ezkutatu-. Hamabost kamera inguruk grabatu zuten saioa.
Iazko azaroan Altsasun prozesu berri baterako lehen urratsa egin eta apirilean Iruñean estrategiaren nondik norakoak azaldu ondotik, atzo urrats bat gehiago egin zuen ezker abertzaleak. Rufi Etxeberriaren arabera, Zutik Euskal Herria ebazpenean jasota datorren estrategia garatu ahal izateko, «ezinbesteko» urratsa da proiektu politiko eta barne antolamendu berri bat izatea, eta abian den fase politikorako «berrespen gisa» ikusi behar da.
Proiektu politiko berri hori «egungo errealitate eta baldintzetatik» abiatuko dela azaldu du. Independentziaren zein sozialismoaren aldeko konpromisoa agertzearekin batera, norabide horretan urratsez urrats aldaketak eragiteko «tresna gisa» ulertzen dute. Hala, «indar subirano eta aurrerakoien arteko indar metaketa premiazkotzat daukatenez, horren aldeko «proposamen taktikoak» egingo ditu alderdi berriak.
Ezker abertzalearen arabera, bi ardatz nagusiren inguruan mugituko da. Batetik, «eskubide guztien errespetuan» oinarritutako bake egoera bat bultzatuko du. Bestetik, «herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea» izango da proiektuaren motor eta bermatzaile bakarra.
Ardatz horien inguruan, proiektu berriak zazpi oinarri politiko izango ditu: independentzia, euskalduntzea, sozialismoa, justizian eta askatasunean oinarritutako bakea, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta demokrazia parte-hartzailea. Ezker abertzalearen arabera, «independentzia da Euskal Herriaren garapen osoa ziurtatzeko modu bakarra». Horrez gain, egungo sistema kapitalistaren aurrean, beharrezkotzat jotzen du ezkerreko estrategiak eguneratzea eta menpekotasunetik askatutako gizarte eredu berri bat eraikitzea.
Bake iraunkorraren bermea
Beste oinarrietako bat bakea da. «Bakea ez da soilik bortxakeria eza, demokrazia eta justizia sozialaren bastioia baizik», zehazten du agiriak. «Elkarrizketa eta akordio demokratikoen bitartez, herritar guztien eskubide ororen errespetua izango da bake egonkor eta iraunkorra bermatuko duena». Demokrazia parte-hartzailearen alde egiten du. Ezker abertzalearen irudiko, egungo sisteman bezerokeria eta ustelkeria «instituzioen sinesgarritasun demokratikoa» pitzatzen ari dira, eta politikaren izen ona galtzen ari da. «Herri boterea bideratuko duen proiektuaren alde egiten dugu, erabakietan herritarren benetako parte-hartzea sustatuz», dio agiriak.
Sinesgarritasuna irabazteko, oinarriok barne antolamenduan islatzea nahi du ezker abertzaleak. Haren ustez, aurreko eredua gainditzen du, eta «inflexio puntu» bat da. Izan ere, batetik, funtzionamendu demokratikoaren alde egiten du, eta, horretarako, kide guztien parte-hartzea bultzatuko duten arauak zehazten ditu. Irizpidea da proiektuak «autonomia osoa» izatea: «Barne egituren burujabetza ziurtatuko da, betiere interferentzietatik eta inongo menpekotasun eta baldintzetatik libre». Bestetik, bide baketsu eta demokratikoak soilik garatzeko jarduerak bultzatuko ditu, «soilik oinarri demokratikoetatik bil daitezkeelako gehiengo instituzional eta sozialak».
Oinarriak eta barne antolamendua zehaztuta, ezker abertzalearen irudiko, «argi geratzen da», estrategia horretan «ez dago indarkeriazko mehatxuarentzat inongo tarterik». Ekintza politikorako tresnak «mobilizazio eta atxikimendu herritarra, desobedientzia zibila, borroka ideologikoa eta parte-hartze politiko-instituzionala» direla zehaztu du. «Guztiarekin, XXI. mende honetan, gure aurretik pasa diren hainbat belaunaldiren ametsa indartu nahi dugu».
Atzo irakurritako agiri politikoa
Proiektu eta antolakunde berrirantz
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
