Brian Currin.
AbokatuaHego Afrikako eta Irlandako prozesuetan esku hartu ondoren, euskal gatazka konponbidean jartzeko ahaleginean ari da Brian Currin abokatu hegoafrikarra. Bakegintza du lanbide.
«Espainiako Gobernuaren jarreran aldaketa ikusiko dugu»
Imanol Murua Uria.
BilboJoan den martxoan berak jarri zion ahotsa Bruselako Adierazpenari, eta aste honetan berak azaldu du Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoak zein izango diren. Ingelesez mintzo da Brian Currin (1950, Hegoafrika) Euskal Herrian ere, baina ingelesdun berriekin ari dela jakitun betiere, mantso-mantso eta fonema guztiak ondo ahoskatuz. Ostiraleko prentsaurrekoa baino lehenagokoa da elkarrizketa.
Nazioarteko Harreman Taldea ez da hasiko lanean ETAk su-eten egiaztagarria eman arte, baina lanerako prest zaudetela dirudi, zuen egitekoak zein diren jakinarazi duzuenez. Su-eten agiria berehalakoan espero duzuelako?
Badakigu ezker abertzalearentzat oso garrantzitsua dela su-eten iraunkorra lehenbailehen ematea. Jakinik behar hori dutela, eta jakinik hori gerta dadin lortzeko gogor saiatzen ari direla, espero dugu adierazpen hori azaroan etortzea. Baina ezin gara ziur egon. Ez dugu azaroan etorriko den ziurtasunik, baina etortzen denerako prest egon nahi dugu.
Jesus Egigurenek esan du Gabonetarako etorriko dela.
Ez naiz ari esaten badatorrela badakigula, baizik eta behar dugula. Ez dut egutegi bat jarri nahi, baina esan dezaket oso garrantzitsua dela Gabonak baino lehen etortzea. ETAren menpe dago.
Zazpi hilabete joan dira Bruselako Adierazpena aurkeztu zenutenetik. Geroztik, ETAren jarrerak bilakaerarik izan al du egin zenioten eskaerari dagokionez?
Bai. Uste dut haien pentsaerak bilakaera izan duela. Su-eten iraunkorra ematetik hurbilago dago orain, duela hilabete baino.
ETArekin bildu zinela argitaratu zuten hedabide batzuek, eta zuk gezurtatu egin zenuen. Bilera ofizialik ez duzula egin baina nolabaiteko komunikazio haria baduzula esan nahi du horrek?
Argi dago kanalak behar direla. Haien pentsaerari buruzko arrastoren bat eduki beharra daukat. Gezurtatze agirian zera zehaztu nuen: ez nik ez Bruselako Adierazpeneko inork ez duela ETArekin bilerarik egin. Eta ez da halakorik izango, gure eskakizunari erantzuten ez dion artean. Oso garrantzitsua da guk jarrera horri eustea, konpromiso hori hartu dugulako, ETAren aurrean ez ezik, Euskal Herriko eta Espainiako jendearen aurrean ere bai.
Zure ustez, ETAk zergatik ez du oraindik erantzun: erabakia hartuagatik beste egutegi bat duelako, edo oraindik ez duelako erabakia hartu?
Bien nahasketa dela uste dut. Alde batetik, denboraren kudeaketa dago. Eta, bestetik, dakizunez, erakundeak jende askok osatzen dituzte. Alde batetik besteraino doan eremua dute barruan, eta kontua da denek jarrera berarekin bat egitea. Ezker abertzaleko pentsaerak bilakaera izan du, eta ETAren pentsaerak ere bai. Uste dut bilakaera hori ez dela oraindik bukatu, baina bukatzear dela. Beraz, denbora kontua da, batetik, eta denek erabakia onartu beharra, bestetik.
Ezker abertzale barruko desadostasunak une honetan arazo handia direla uste duzu?
Ez dut uste. Denborarekin arazo txikiagoa bihurtu dela ondorioztatu dut. Ziur, ezker abertzaleko oinarrien gehiengo handia eta itzal handiena duten liderrak bide berean doaz.
ETAri su-eten egiaztagarria eskatu zenioten, baina Nazioarteko Taldearen funtzioen artean ez duzue aipatu egiaztatzearena. Nolatan?
Nazioarteko Harreman Taldearen lanean alderdien arteko elkarrizketek izango dute lehentasuna. Segurtasunaren, su-etenaren egiaztatzearen, armen dekomisioaren eta abarren arazoak Espainiako Gobernuaren ardura dira. Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean negoziatu beharrekoak dira. Gure taldearen lanetik kanpo dago hori.
Baina uste duzu Espainiako Gobernuak prestasuna izango duela egiaztatze lanean engaiatzeko?
Galdera interesgarria da, badakigulako Espainiako Gobernua esaten ari dela ez duela parte hartuko egiaztatze prozesuan. Baina uste dut, behin ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria ematen duenean, Madrilen estrategian aldaketa ikusiko dugula. Ez dut inolaz ere imajinatzen halako egoera batean inongo gobernuk ezetz esan dezakeenik: urteetan indarkeria baliatu duen erakundeak su-etena eman eta esaten badu, «Espainiako Gobernuari proposatzen diogu egiazta dezala ez dugula su-etena hautsiko; izenda ditzagun pertsonak eta osa dezagun batzordea horretarako», egoera horretan ezin dut imajinatu gobernuaren ezetzik. Ziur naiz onartuko dutela ardura hori. Aldaketa ikusiko dugula uste dut.
Aldaketa ikusiko dugula uste duzu besterik gabe hala espero duzulako?Edo gobernuko ordezkariekin harremana duzu eta horregatik dakizu aldaketa etorriko dela?
Uste dut aldaketa etorriko dela, sen politikoak esaten didalako. Logikoa da. Une honetan, ez da bilerarik gobernuaren eta nire artean. Ez dago halakorik.
Espero duzu nazioarteko komunitateak, zuen bitartez edo bestela, eraginik izatea Espainiako Gobernuaren jarreran?
Nahiko nuke pentsatu, bilerarik egin gabe ere, Euskal Herrian egiten ari naizenak eta esaten ari naizenak eragina izan dezakeela Espainiako Gobernuaren jarreran. Egoera aldatzen bada, ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria ematen badu, ezker abertzaleak legeztatzeko pausoak ematen baditu eta Espainiako Gobernuak ikusten badu nazioarteko esku- hartzeak ekarpen positiboa egin dezakeela, orduan Nazioarteko Harreman Taldeak prozesuan oro har eragin positiboa izan ahalko du. Eta uste dut Espainiako Gobernuak ongietorria emango diola ekarpen eraikitzaile horri.
Zuen taldeak zenbaterainoko eragina izan dezakeen jakite aldera: inolako gobernuren babesa edo bultzada baduzue?
Une honetan, gobernuz kanpoko taldea da guztiz. Horrek ez du esan nahi etorkizunean gobernuen esku-hartzerik izango ez denik, Madrilek eta alderdiek uste badute gobernuek ekarpen positiboa egin dezaketela. Baina Nazioarteko Harreman Taldeak, duen izaeragatik eta egin behar duen lanagatik, ezin du bere barnean gobernu ordezkaririk izan.
Galde diezazuket nor zareten taldeko bost kideak?
Oraindik ez. ETAk su-eten egiaztagarria ematen duenean hasiko da lanean taldea. Izenak orduan emango ditugu.
ETAk su-etena iragartzen badu, astirik izango al da datorren urteko udal bozetan ezker abertzaleak legezko alderdiarekin aurkeztu ahal izateko?
Azaroan edo, beranduenez, abenduaren erdialderako gertatzen bada, denbora egon daiteke. Dakidanagatik, behin su-eten agiria emanda, ezker abertzaleak ziurrenik legeztatze prozesua hasiko du. Beraz, aukera badela uste dut, aurreikuspena egitea zaila den arren, faktore asko baitaude jokoan. Baina urtarrila iristen bada, eta su-eten adierazpenik ez badago, horrek egoera aldatu egiten du automatikoki: ez da astirik izango hurrengo hauteskundeetarako legeztatzerako.
Su-eten egiaztagarria ematea nahikoa ez dela izango esaten ari dira PSOE, PP eta baita EAJ ere.
Egia da. Bi aukera daude. Bata, ETAren adierazpena su-eten egiaztagarria ematera mugatzea. Bestea, indarkeriaren amaiera iraunkorra ere iragartzea. Uste dut nekez egingo duela orain bigarrena. Baina guk badakigu eta zuk badakizu su-eten egiaztagarri eta iraunkorra ez dela nahikoa izango ezker abertzalea legeztatzeko, adierazpen horrek bigarren parte hori ez badu. Badakigu ezker abertzalearen asmoa legeztatzea dela. Badakigu legeak zer eskatzen duen. Ez dut esango zer egingo duten, baina sen ona baliatzen badugu, legeztatu nahi badute egin behar dutenari buruzko ondorio berera iritsiko gara. Eta hori egitea da haien asmoa.
Su-etena emanez gero, Espainiako Gobernuak presoen auzian mugimendurik egitea espero duzu?
Bai.
Zer dela-eta uste duzu hori?
Iturri fidagarrietan oinarrituta dakit presoen auzia [Espainiako Gobernuaren] agendan dagoela. Ez bakarrik bake prozesuaren testuinguruan: giza eskubideek eta arlo humanitarioak zerikusia dute presoekin, hala nola adinekoak direnekin, gaixo daudenekin, etxetik urruti daudenekin... Bada denbora Espainiako Gobernuak arazo horiei erreparatzen diela. Presoen auziaren bidez konfiantza eraikitzeko aukera badago.
Nazioarteko Harreman Taldearen egiteko nagusia normalizazio politikoa bultzatzea izango da, eta horretarako bide nagusia, alderdien arteko elkarrizketak. Alderdiak prest daude horretarako?
Nirekin bildu diren alderdi guztiak prest daude. Denek uste dute alderdien arteko elkarrizketak behar direla. Eztabaida bakarra testuinguruari buruz, egiturari buruz eta elkarrizketa guneari buruz izan daiteke: ea gaur egungo instituzioetan egingo den edo foro berezi batean.
Alderdi sozialista ere ados da?
Alderdi sozialistak ez du konpromisorik hartu. Ez dute esan baietz, ez dute esan ezetz.
Horrek esan nahi du sozialistekin ez zarela bildu?
Alderdi sozialistarekin harremanetan gaude, baina ez dira nirekin bildu.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako atxiloketak, hala nola Askapenaren eta Segiren aurkako operazioak, oztopo garrantzitsua dira?
Arazo dira, ondorioak dituelako ezker abertzaleko oinarrietan, ezker abertzaleak hartutako bideari buruzko konfiantzan. Halako neurriek askotan erradikalismora bultzatzen ditu abertzale gazteak. Mundu guztiak geldiarazi nahi du hori, ezker abertzaleak barne. Baina ezker abertzaleak bere buruari esaten dio: honek aurrera egiteko bultzada handiagoa ematen digu, prozesu honekin jarraitzen badugu bakarrik lortuko baitugu halakoak bukatzea.
«Ez dit ezker abertzaleak ordaintzen»
I. Murua Uria.
BilboAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
