Auzitegi medikuek diote zauriak bat datozela atxilotuen testigantzekin
Auzitegiko medikuak eta defentsaren medikuak bat etorri dira Portu «larrialdiz» artatu ez bazuten hil egingo zela
Zauriak atxilotzeko orduan indarka ibilita eginak izatea ez dela sinesgarria azaldu dute
Oihana Elduaien.
DonostiaArgi eta konbentzituta hitz egin dute auzitegi medikuek: Igor Portuk eta Mattin Sarasolak gorputzean zituzten zauriak bateragarriak dira bi atxilotuek egin zuten tortura testigantzarekin. Aldiz, ustezko bi etakideek gorputzean zituzten zauri garrantzitsuenak ezin dira Guardia Zibilak emandako kontakizunaren arabera sortuak izan. David del Valle eta Lurdes Goenaga auzitegi medikuek banaka-banaka aztertu zituzten atzo Portuk eta Sarasolak atxiloketa garaiko azterketa medikuetan eta argazkietan gorputzean azaldu zituzten zauriak. Traumatologian espezialistak dira biak, eta Del Vallek zaindu zuen Portu Donostiako erietxean egon zen garaian. Donostiako Auzitegiak eskatuta osatu zuten txostena, eta ondorio argia atera zuten: torturak salatu dituzten bi lagunek zituzten zauriak ez dira atxilotzeko orduan plakatze bat eginda edo besotik helduta lurrera bota eta han indarka ibiltzearen ondorio. Ubeldura gehienak kolpeek sortuak direla azaldu zuten, aldeen galderei erantzunez.
Nolanahi ere, Portu eta Sarasola torturatzea egotzita Donostiako Probintzia Auzitegian epaitzen ari diren hamabost guardia zibilen defentsak beste bi mediku eman zituen, zauriak atxilotzeko orduan egin zirela dioen bertsio ofizialari sostengua emateko. Irmoak izaten saiatu ziren, baina hipotesiekin ari zirela aitortu behar izan zuten, behin baino gehiagotan.
«Sarasolaren begiko ubeldura muturreko batek edo esku kolpe batek sortua da», esan zuen Del Vallek. Baina, ondoren, hitza hartu zuten Enrique Villanueva Granadako medikuak eta C. Resines Erasun Madrilgoak, eta kontrakoa esan zuten: begi more hura, lurrera erori eta haren kontra egina izatea dela hipotesi nagusia. Villanuevak, ubelduraren ondoan azaleko zauriak ere bazirela argudiatu zuen, eta beraz lurrean arrastaka ibili zela ondoriozta daitekeela. Hala ere, esku kolpe batek edo ukabilkada batek sortua izan zitekeela ere onartu behar izan zuen: «Esku kolpearena litekeena da, baina...», esan zuen une batean, eta honako hau gero: «Ukabilkada izan bazen, ez zen batere intentsitate handikoa izan». Sarasolaren begiaren argazki berberean azaleko zauririk ez dute ikusten Goenaga eta Del Valle auzitegi medikuek. Behin eta berriz errepikatu zuten, azaleko zauririk ez zuenez, ubeldura hori ezin dela lurrera jausita egin. Ez, behintzat, atxiloketak izan ziren tokian.
Sarasolak berak eskuineko bularraldean ubeldura sorta duen beste argazki bat erakutsi zuten auzitegiko medikuek. Han bi aukera daudela azaldu zuten. Zauri bakarra izatea litzateke aukeretako bat, eta fiskalaren galderei erantzunez, esan zuen ubelduraren formari eta koloreei begiratuta posible dela bota baten marka izatea. Beste aukera, bi edo hiru ubeldura izatea litzateke, eta haien jatorria, behin baino gehiagotan emandako kolpe zuzenak izan daitezkeela azaldu zuen. Denbora batez patrol barruan utzi zutela, eta tartean behin atea ireki eta ukabilkadaka eta kolpeka hartzen zutela kontatu zuen herenegun Sarasolak. Horrekin bateragarri izan daitekeela esan zuten auzitegiko medikuek atzo.
Bertsio ofiziala abiapuntu
Beste bi medikuek, ordea, ezetz. Guardia zibilen bertsioa hartu, eta hura muntatu zuten, esanez posible dela lasterka ari zela norbaitek besotik heldu eta, besoa atzeraka zuela, alde bereko sorbaldaren gainera erori eta zauri hori sortzea. Auzitegi medikuak ez zeuden ados. Pertsona bat lasterka doala besotik heltzen badiote, hainbesterainoko ubeldura sortzeko, besoa ez ateratzea arraroa dela azaldu zuten, eta, gainera, horrela gertatu izan balitz, lurraren kontra egindako urradurak agertu beharko luketela, eta ez daudela.
Porturen begiko zauriarekin Sarasolarenarekin izandakoaren antzeko eztabaida izan zuten, eta, saihetsetako zauriari dagokionez, berriz, erabat desados agertu ziren. Saihetsaren haustura «elementu batek inpaktu oso indartsua» eginda sortutakoa dela ondorioztatu zuen auzitegi medikuak. Ez dela posible, guardia zibilak dioen bezala, atxilotzeko orduan plakatze bat egin eta lurrera erorita haustea, kasu horretan urradurak ere edukiko lituzkeelako. Atzetik emandako kolpea dela azaldu zuen, eta izan daitekeela belaun batena, baina inola ere ez korrika lurrera eroritakoan gisa berean datorren beste belaun batek emandako kolpea.
Saihetsaren haustura «lurrean indarka ibilita edo norbait gainera erorita» egina zela defendatu zuten beste biek, nahiz eta aitortu behar izan zuten «hipotesiez» ari zirela. «Rugbiko partidetan eta hockeykoetan ere gertatzen da». Gauza bakarrean azaldu ziren ados, eta fiskalaren galderei erantzunez, onartu zuten Porturen zauriak heriotza eragin ziezaiokeela, garaiz artatu izan ez bazuten.
Beste bi auzitegi medikuk ere deklaratu zuten Madrildik. Bideokonferentziaz jarraitu zuten galdeketa Donostian, beste behin ere kalez jantzitako guardia zibilez beteta zegoen auzi gela. Epaiketak gaur jarraituko du perituekin, eta gero azken ondorioak azalduko dituzte aldeek. Seguruenera bihar amaituko da.
Atxilotuen bertsioan deskribitutako toki bat itxita eduki zuen Guardia Zibilak
Aramaioko alkateak azaldu duenez, gutxienez bi orduz eduki zuten bidea itxita atxiloketaren egunean
O.E.
DonostiaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
