Aurretik Bizkaian eta gero Gipuzkoan gertatu bezala, hondakinen bukaerako tratamendurako, errauste plantaren alde egin dute Nafarroako agintariek ere. Horrek eztabaida eragin du herrialdean.
Errauste kea Nafarroan ere
Maialen Huarte.
Hondakinak sortzeak eta kudeatzeak ingurumenaren gainean duen eragina «gutxitu» nahi du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak aurrera daraman Hondakinen Kudeaketarako Planaren bidez. Hori lortzeko, zaborra murrizteaz, berrerabiltzeaz eta berreskuratzeaz gainera, errausteko asmoa ere badute, egitasmoaren arabera, «hondakinak guztiz suntsi daitezen irtenbiderik egokiena» delakoan. Plan horretan aproposena deritzote errauste planta baten eraikitzeari; «murriztearekin, berrerabiltzearekin eta berreskuratzearekin lortzen ez dena» lortzeko; alegia, zaborra ezerezean uztea. 2015. urterako aurrera eraman nahi duten errauste planta berriaren aldekoek diote «teknika segurua» dela eta ez diela kalterik egiten osasunari eta ingurumenari. Planaren arabera, «ingurumenarekiko inpaktu gutxien» daukan era da eta, gainera, «erraustearen bitartez lortzen da energia gehien sortzea eta zabor isuria hutsean uztea». Zabortegiak eraikitzea ere badakar planak, errauste plantaren ondoren geratuko diren errautsetarako.
Zehazteke dago oraindik non eginen duten errauste planta. Hala ere, badira aukera zenbait, eta litekeena da Tafalla, Artaxoa eta Larraga herrien artean kokatzea. Izan ere, esparru horrek errauste plantak kokatzeko Europako Batasunak ezartzen duen araudia betetzen du, planaren arabera. Araudiak dio errauste planta bat 650 metro baino gorago ezin dela kokatu, eta ezinbestekoa dela gutxienez herrigunetik kilometro batera jartzea. Gainera, birziklatu ezin diren hondakinak deuseztatzeko plantaren eremuak 15.000 metro izan behar ditu gutxienez eta ezin du %10eko pendiza baino handiagoa izan.
Hondakinen oraina eta geroa
Nafarroako planak dioenez, Europak ohartarazi du ez duela zentzurik zabor biodegradagarriak zabortegian bukatzeak. Hala, Nafarroako Gobernuak dio zikloa bete dezakeen edozein zarama energia bilakatu behar dela. Horrela, gaur egun zabortegira hondakinen %68 doaz, eta 2017. urterako %4,5 izatea espero dute, Hondakinen Kudeaketa Planarekin. Bestetik, orain arte zaramaren %32 birziklatu da eta etorkizunean %50era iritsi nahi dute, eta gainontzeko %45,5a erraustu. Horiek horrela, errausketa plantak urtero 165.000 tona desegingo lituzke eta egitasmo guztiak 231 milioi eurotik gorako kostua izanen luke.
Iruñerria da hondakin gehien sortzen duen eremua Nafarroan: batez beste lurralde osoan sortzen denaren %60k bertan du jatorria. Hala ere, planaren arabera, ez dago toki egokirik Iruñerrian errauste planta egiteko, Europako araudia ez lukeelako beteko. Hala ere, Nafarroako Gobernuak dio errauste planta kokatzeko herri zenbaitek beren burua aurkeztuko dutela. Ez da Tafalla horietako bat izanen, ekainean aho batez azaldu baitzuen udalbatzarrak errauste plantaren kontrako jarrera. Herriko alkate Cristina Sotak (UPN) esan zuen Iruñerrian egin beharko litzatekeela errauste planta, han sortzen delako hondakinen zatirik handiena.
Aurretik ere badakite ezin izanen dituztela horrelako proiektuak edozein eremutan egin. Aratzurin biometanizazio planta eraikitzen hasi ziren 2001. urtean, %70 egiteraino, harik eta Auzitegi Gorenak proiektua etenarazi zuen arte, herrigunetik gertuegi zegoelako. Era berean, Auzitegi Gorenak adierazi zuen ez zirela biometanizazio planta horren alternatibak aztertu, ez eta ingurumenari sor lekizkiokeen kalteei erreparatu ere.
Ekologistak, aurka
Hondakinen plana argitaratu zutenetik kezkatuta eta mesfidati dabiltza zenbait ekologista talde. Hasieratik hutsune asko nabaritu dituzte planean: «Ez dute herritarren iritzia jakin nahi izan eta prozesu parte-hartzailea ez dute legeak dioenaren harira eraman», azaldu du Juan del Barrio Lurra taldeko kideak. Nafarroako Gobernua egoeraz jabetutakoan, orduan bai, alegazioak aurkezteko epea luzatu eta informazio kanpainak ematen hasi zela diote. «Apustu garbia egin dute errauste plantaren alde eta gainontzeko aukerei ia muzin egin diete», salatu dute ekologistek. Ez da egia, haien ustez, errauste plantek ingurumenari eta osasunari ez diotela kalterik egiten: «Ezinezkoa da zalantzan jartzea kutsagarria denik, ikerketa asko baitaude kontrakoa diotena; negozioa da haren helburua».
«Dirua, negozioa eta biderik errazena» hautatu du Nafarroako Gobernuak, Espainiako Greenpeaceko ordezkari Julio Barearen ustez: «Diru asko dago jokoan. Enpresen onura da haien helburua, ez gizartearena». Berotegi efektua sortzen duten gasak isurtzen dituzte, osasunari kalte egiten diote eta ura eta airea kutsatzen dituzte. Alternatiba hobeak egon badirela diote, beste zenbait herritan jada martxan daudenak: atez ateko bilketa eta bosgarren edukiontzia, esaterako. «Ekonomikoki hipotekatzea dakar errauste planta bat eraikitzeak», dio Del Barriok, gainontzeko aukerak askozaz ere merkeagoak direla azpimarratuz.
Jurramendi, aitzindaria
Gaikako hondakin tratamendua, informazio kanpainak eta birziklatze eta konpostatze egitasmoak izan dira Jurramendiko Mankomunitatean hondakinen bilketan 1990etik aurrera. Ordutik beharren arabera egokitu dituzte zaborra desegiteko erak, eta oraingoan atez ateko sistema jarri dute martxan. 1994an Espainiako Ingurumen Saria eman zioten mankomunitateari. «Helburua herritarrei birziklatzeko eta bereizteko erraztasunak ematea da, hondakinen kudeaketa denon artean egin beharreko lana baita». Edukiontzi berriak jarri dituzte: praktikoagoak, erabilerrazagoak, garbiagoak eta ikus eragin sortzen dutenak. «Aldaketa hauek jendea prozesu berrira egokitzea dakar, baina erraztasunak jartzeak asko laguntzen du», dio mankomunitateak. Edukiontzi berrietan itsasgarriak jarri dituzte, zer bota erabakitzerakoan dudarik ez izateko. Herritar bakoitzari, gainera, eskutitz bidez iritsi zitzaion berrikuntza horien berri, eta Zure zaborrak bizia du, bereizi lelopean informazio kanpaina bat jarri zuten martxan, «informazioa emateko eta sentsibilizatzea lortzeko». Ekimen horien bitartez eta Carcarko konpost eta birziklatze instalazioei esker %50 gutxitu dute zabortegira doan hondakin kopurua hamabost urtean. Datuak ez dira nahikoak gobernuarentzat. Hark dio jendearen gehiago parte hartzea eskatzen duela sistema horrek, eta ez du uste horrenbesteko parte-hartzerik egonen denik bizilagunen aldetik. Gainera, sistema horrek hondakinak ez dituela guztiz amaitzen leporatu dio Jurramendiri.
231
Materia organikoa bereizita biltzeari uko egin dio planak
Ezker abertzaleak Iruñean egingo du elkarretaratzea gaur
150.614
Hondakinen plana, azaroaren 15era arte jendaurrean
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
