Gipuzkoa Solidarioa ekimena
Esker onaren argazkia
Etorkinek Gipuzkoari egiten dioten ekarpena ikusarazteko ekitaldia antolatu du SOS Arrazakeriak. Esker ona azaltzea izan da ekimenaren xedea. Dei egin dute atzerritarrekiko beldur funsgabeak baztertzera.
Garikoitz Goikoetxea.
DonostiaEsker txarraren morroi izaten dira gehienetan etorkinak. Areago, krisi garaiotan: egoera ekonomikoak estutzen segitzen duelarik, atzerritarren aurkako ezinikusia gehitu egiten da, etengabe. Lehen gutxi ez, eta areago oraindik. «Deskonfiantzarekin lotzen dira immigranteak, beldurra sortzen du horrek, eta, horrela, xenofobia pizten da». Horra, SOS Arrazakeria elkarteko ordezkari Agustin Unzurrunzagaren diagnosia. Talde horrek antolatuta, ezkorkeriazko egoera baikortasunarekin irauli asmo duen ekitaldia egin zuten atzo, Donostian. Atzerritarrenganako errezeloak eta aurpegiratzeak bazter utzi, eta etorkinei ongietorria eta esker ona azaltzeko ekitaldia izan zen Gipuzkoa Solidarioa izenekoa. Ongietorria, bizimodu iluna utzi eta bide gogorra eginda helmuga lortu dutelako; esker ona, Gipuzkoari eta gainerako herrialdeei aberastasuna ekarri dietelako.
Donostiako Kursaaleko ekitaldi aretoa leporaino bete zen atzo, arratsaldez. Hainbat alorretako pertsona ezagunak han ziren, lehen ilaran; erakundeetako ordezkariak ere bai: Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romero eta Donostiako alkate Odon Elorza, besteren artean. Baina, atzo, haiek ez ziren protagonista; besteak ziren: aretoa mukuru bete zuten ia 600 etorkinak.
Atzerritarrek Gipuzkoari egindako ekarpenaren adierazgarri, 16 gizon-emakumek jaso zuten Gipuzkoa Solidarioa ekimenaren esker ona. Lanean diharduten alorreko pertsona ezagunen eskutik jaso zuten oroigarria guztiek: hasi sukaldaritzatik eta zinemaraino, Gipuzkoari egindako ekarpena nabarmendu zitzaien, eta eskertu. Eta oroigarriaren azken helmuga, etorkin talde handia, begira-begira egon zen adi. Haietako batzuk, gainera, haien jatorrizko herrialdeetako eta kulturetako jantziekin joan ziren ekitaldira.
Etorkinen ekarpenari badago zer eskertua, eta etorkinen egoerari badago zer eskatua. Ongietorria eta esker ona emateko ekitaldia antolatu behar izatea, horren erakusgarri. Unzurrunzagak dio beldurraren ondorioa kaltegarri dela gizartearentzat: «Desberdinarenganako beldurrak arazo handiak eragin ditzake gizartean». SOS Arrazakeriako kideak dio beldur horiek oinarrian ez dutela batere funtsik -«erabat irrazionalak dira»-; nolanahi ere, eragin handia lortzen dute gizartean. Erabaki politikoetan ere badute zerikusia etorkinenganako errezeloek. «Azkenean, barbaroenganako beldurrak bihurtzen gaitu barbaro».
Ezinikusi egoeran eskerrak emateko saioa zen, baina egoera saminak ere izan ziren atzo. Gogorrenetakoa, Ahmed gazteak -ezizena da- oroigarria jaso behar zuenekoa. Ezin izan zuen saria jasotzera joan. «Tortura, espetxea, indarkeria eta sexu gehiegikeriak jasan ditu, eta, gainera, bere inguruaren jazarpen hitzezkoa eta fisikoa», azaldu zuten. Asiloa orain hiru urte eskatu zuen, baina tramitazioan dago oraindik ere. «Jasandako sufrikarioaren ondorioak dauzka, eta oraindik ez da gauza honen gisako ekitaldi batean agertzeko». Gurutze Gorriko kide batek hartu zuen oroigarria gazte horren ordez. Etorkinekin lan egiten dutenek ere jaso zuten saria: solidaritate elkarteek, etorkinen taldeek, kultura arteko bitartekariek eta immigrazio teknikariek.
Bertso garaian, isiltasun erabatekoa
Sariak hartzean ez zuten hitz handirik egin etorkinek. Ez daude ohituta foku aurrean. Haien ordez, sari emaileek egin zuten hizlari lana, nork bere erara. Maialen Lujanbioren hizketak, bertsoak, sortu zuen isiltasun handiena. Adi-adi egon ziren etorkinak. «Euskara den herri honetara / ongi etorri eta milesker», esan zien.
Ongietorri jaia amaituta, egunerokoa dator, berriro. Eta kezkarako arrazoiak badira. Unzurrunzagak ondo gogoan izan zituen Frantzian etorkinen aurka hartzen ari diren neurriak. Hara, gogoeta: «Besteak onartzen ditugunaren arabera gara zibilizatu».
Oroigarria jaso dutenak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
