Zuzendari berria du UEUk, Karmele Artetxe historialaria
2012. urtea bitartean zuzendari izateko konpromisoa hartu du, Lore Erriondoren lekua betez
Arantxa Iraola.
«Pertsonak eta proiektuak UEUren lehentasuna direlako onartu dut UEUko zuzendaria izatea, bestela balitz ez dut uste trantze honetan jarriko nuenik neure burua». Karmele Artetxe historialari eta ikertzailea hautatu du zuzendari UEU Udako Euskal Unibertsitateko Batzar Nagusiak, aho batez. Ikasturte hasierako ekitaldia egin zuten atzo Eibarren (Gipuzkoa), eta bertan lehen aldiz mintzatu zen UEUko zuzendari gisara: «UEUko zuzendaria izatea erronka profesionala eta pertsonala da». Alboan, orain arteko zuzendaria izan zuen, Lore Erriondo.
2012 bitartean kargua betetzeko konpromisoa hartu du Karmele Artetxek. Lehendik ere hainbat lan egina da UEUn. Biziki estimatzen du erakundearen izaera; euskalduna, zabala, irabazi asmorik gabea. «Testuinguru ekonomiko honetan, daukagun krisi ekonomikoarekin, apustu hori egiten jarraitzea, batzuek esango dute suizida dela, beste batzuek oldarkorra dela. Baina zerbait baldin bada, jarrera etikoa da». UEUko bazkide orori eskatu egin die bidean lagun izateko, baita erakunde publikoei ere. «Kultur proiektuak martxan jartzeko, administrazio eta erakundeak behar ditugu».
20 urtean, 'Uztaro'
Atzo, ikasturte hasierako ekitaldia ere baliatu zuten Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariaren 20. urtemuga ospatzeko. 1990. urtean hasi zuen bidea aldizkari horrek. Jokin Apalategi zuzendariak nabarmendu zuen, kalitatea xede, urrats erabakigarriak egin dituztela: artikuluak onartzeko iragazkiak zorroztu dituzte, eta euskara maila ere arretaz zaintzen dute. Urtero, 500 orrialde ateratzen dituzte, lau zenbakitan.
Ikasturte hasierako hitzaldia Gidor Bilbaok eman zuen, Iban Zalduaren ordez.
Soslaia
KARMELE ARTETXE
Ikasle zenetik UEUra atxikia
A.IRAOLA
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
