Bikaintasun izendapena jaso duten bihar adieraziko diete Hegoaldeko unibertsitateei
Azken fasean aurkeztu dituzte proiektuak bost unibertsitateek; guztira, 75 milioi euro jarri ditu mahai gainean Madrilek
Garikoitz Goikoetxea.
Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena lortzeko azken urratsa baizik ez dute falta Hego Euskal Herriko bost unibertsitateek. Azken fasera iritsiak dira bostak: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Deustuko Unibertsitatea (DU), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Nafarroako Unibertsitatea (NU) eta Mondragon Unibertsitatea (MU). Hautagaitzak atzo aurkeztu zituzten, Madrilen. Bihar emango diete emaitza, azkena: orduan jakingo dute baleko jo dituzten edo ez unibertsitatea kalitatezko egiteko aurkeztutako proiektuak. Hala izatekotan, diru iturri mardula eskuratuko dute unibertsitateek.
Agintarien babesean egin zuten atzoko aurkezpena. Beste hainbatean artean, han ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Arabako ahaldun nagusi Xabier Agirre, Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Alberto Catalan eta Iruñeko alkate Yolanda Barcina.
Espainiako Gobernuak antolatu du sariketa, eta 22 proiektuk egin dute aurrera; tartean, bost euskal unibertsitaterenek. Elkarlanean egindako proiektuak dira guztiak. Bestela ezin, hori baita Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapenaren xedeetako bat: unibertsitateek gaitasuna izatea proiektuak elkarlanean egiteko. EHUk, MUk eta Nafarroako Unibertsitateak -Opusenak- unibertsitate bakar gisa aurkeztu dituzte proiektuak; Deustuko Unibertsitateak eta NUPek, ostera, beste unibertsitate batzuen altzoan. Galbahe bera pasatu behar dute orain guztiek, nazioarteko bederatzi aditurena. Haiek erabakiko dute nork merezi duen saria. Ez da makala izango: 75 milioi euroko diru laguntza.
Finantzaketaren garrantzia nabarmendu du Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektoreak, Madrilen aurkezpena egin ondoren B
Goirizelaiak esan du sinesgarri izatea dela gakoa: «Maiz, gauzak esaten dira datuetan oinarritu gabe». Hala, epaimahaiak egungo egoera ere hartuko du aintzat: nola dagoen unibertsitatea gaur egun eta zein asmo dituen 2015erako. Hori dena atalka: ikerketan, irakaskuntzan, inbertsioetan, iraunkortasunean eta beste.
Lehenago ere koskak gaindituta heldu dira azkenera bost unibertsitateak. EHUk, adibidez, bigarren fasea hirugarren postuan gainditu zuen, eta 650.000 euroko laguntza jaso. Orduan sailkatu ziren NUP, MU eta NU ere. Deustuko Unibertsitateak, ostera, zuzenean egin du azken fasera, iaz beste izendapen bat lortu zuelako.
Hamar minutu eskasean defendatu behar izan zuten proiektua errektoreek atzo. Entzuleen artean, laguntzak emango dituzte ministroetako bi: Angel Gabilondo Hezkuntzakoa eta Cristina Garmendia Zientziakoa. Ikertzeaz eta hori zabaltzeaz aritu ziren biak: «Ezagutza izaten da sortzen dutenena eta hori transmititzen badakitenena. Unibertsitatea prest dago horretarako», uste du Gabilondok. Hautagaitzen aurkezpenak entzunda, atzo bertan bilduko ziren epaimahaiko kideak eta Espainiako Hezkuntza ministroa.
Emaitza bihar jasoko dute bost unibertsitateek. Goirizelaiak dio garrantzizkoa dela izendapena, baina ez lortzea ez du porrotarekin lotu: «Guretzat, hau aitortza administratibo bat da. Euskal Herrirako ezinbesteko proiektua dela uste dugu, eta ez du atzera bueltarik, nahiz aitortza administratibo hori ez lortu».
Hautagaitzak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
