Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:33

EUSKALHERRIA;2010-10-10;Independentziaren etorbidea. Iruñeko kaleetan zehar, «espainiar ez izatearen harrotasuna» aldarrikatu dute Antton Izagirre Tolosako alkate ohiak eta Sergio Labayen kazetariak.

Iruñeko kaleetan zehar, «espainiar ez izatearen harrotasuna» aldarrikatu dute Antton Izagirre Tolosako alkate ohiak eta Sergio Labayen kazetariak.

Independentziaren etorbidea

Jokin Sagarzazu.

Urriaren 12a. Espainiako egun nazionala, Hispanitatearen Eguna, Gaztelaniaren Eguna eta orain gutxi arte Arrazaren Eguna deiturikoak jaiegun ofiziala izaten jarraitzen du Hego Euskal Herrian, baita Amerikako hainbat herritan ere. Kristobal Kolon Amerikara heldu zen eguna gogoratzen dute espainiarrek egun horretan. 1492ko urriaren 12an Amerika ustiatzeari ekin zion Espainia sortu berriak, eta, diru iturri horietaz baliatuta, Granada musulmana konkistatu zuen, Afrika iparraldea, Kanariar uharteak eta Nafarroa Garaia. Espainia «inperio» bilakatu zen, eta, horrekin batera, mundu ikuskera «bat eta bakarra» inposatzeko ahalmena hartu zuen bere gain.

Historia orain arte eta oraindik ere irabazleek idazten dutela erakusten du, beraz, urriaren 12ak. Zapalkuntza, harrotasunaren zio bihurtu da, Antton Izagirre Tolosako alkate ohi eta Independentistak sareko kidearen arabera. «Kontziente izan behar dugu Hispanitatea historikoki espainiar izaeraren harrotasun eguna inposatzeko Espainiako Estatuak asmatu duen ospakizuna dela».

Modu asko daude harrotasun nazionala erakusteko. Indar militarraren erakustaldia egitea, kasu. Espainian, Madrilgo Kolon plazan desfile militarra egiten dute Espainiako erregearen eta agintari politiko eta erlijiosoen aurrean. Euskal Herrian Guardia Zibilari dagokio hori egitea, urriaren 12 Guardia Zibilaren eguna ere badelako. Kalean beharrean, polizia etxeetan egiten dituzte desfileak, zenbait agintari politikoren babesean. «Guardi Zibilaren aldarrikapena eta horren bidezko inposaketa gisa gogoratzen dut egun hau», dio Izagirrek. «Gure nortasuna eta izaera herri gisa menperatzeko guardia zibila erabili ohi da indarraren ikur eta praktika politiko gisa».

Sinbologiaz haratago

Harrotasun hori hainbat txokotan dago ikusgai oraindik ere. Ahaztuak elkartearen arabera, frankismo garaiko 20 kale izen edo sinbolo baino gehiago daude Hego Euskal Herri osoan barreiatuta.

Independentistak sareak, baina, «nortasun menperatuaren» ideia irauli nahi du, astelehenean Iruñeko kaleetan zehar igaroko den martxa berdearen bidez. «Espainiako Estatuaren naziotasuna aldarrikatzen den egun honetan, ni espainiarra ez naizela modu praktiko eta ikusgarrian aldarrikatuko dut, eta espainiar inposaketari intsumiso izateko jarrera praktikoa agertuko dut» dio Izagirrek.

Sergio Labayen kazetariak eta sareko kideak gogoratu duenez, Amerikako herri indigenentzat urriaren 12a Indigenen Erresistentzia Eguna da. «Espainiarren sarraskia ez dutela ahazten esateko, eta haien eskubideak aldarrikatzeko erabiltzen dute egun hori».

Aurten Amerikako hainbat herriren independentziaren bigarren mendeurrena ospatzen dela nabarmendu du Labayenek. «Espainiar ez izatearen harrotasuna» ospatzen dutela dio. Haiek bezala, burujabetasuna aldarrikatzera deitu ditu Independentistak sareak. «Elkarrekin bete behar ditugu kaleak, Espainiako nazio-estatuari espazioa kentzeko», dio Izagirrek. Eta Labayenek: «Independentziaren etorbidea deituriko kale bat izango du Iruñean».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia