Topagunearen programa baterako 70.000 euroko laguntza itundu dute
Euskara erabiltzeko mintzapraktika egitasmoetarako emango du laguntza Eusko Jaurlaritzak
Nagore Molinero.
BilboEusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak euskararen erabilera sustatzeko hitzarmen bat sinatu zuten atzo. Jaurlaritzak 70.000 euro jarriko ditu Topaguneak aurten egingo dituen mintzapratika programetarako.
Egitasmoak aurrera jarraitzeko hitzarmen hau «erabakigarria» dela adierazi du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak. Gaur egun, herrietan eta taldeetan 3.405 mintzalagunek parte hartzen dute martxan dauden 64 egitasmotan. Mendizabalen esanetan, azken bost urteotan, hirukoiztu egin da parte-hartzaileen kopurua.
Mintzapraktika programak jardunbide «interesgarria» direla azaldu du Lourdes Auzmendik Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: «Euskara ikastetik erabiltzerainoko bidea egiteko». Helburua «formalak ez diren esparruetan» euskaraz aritzea dela uste du, eta egiten ari den «lan garrantzitsua» eskertu dio Topaguneari. Datorren urtean laguntza berritzeko asmoa ere agertu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
