Debekuaren ostean, biharko beste martxa baterako deialdia egin dute
Adierazi EHk eskubideen alde deitua zuen protesta debekatu ondoren, beste deialdi bat egin dute herritar batzuek Bilborako
Hainbat alderdi eta eragilek onartezintzat jo dute Auzitegi Nazionalaren debekua
Aitziber Laskibar.
BilboAdierazi EHk eskubide guztien alde antolatua zuen manifestazioa Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo debekatu ondoren, beste herritar batzuek bihar bertarako beste manifestazio baterako deia aurkeztu dute. BERRIAk baieztatu duenez, Bilboko kaleetan egingo da manifestazio hori bihar arratsaldean, eta eskubideen aldekoa izango da. Hala ere, deitzailea ez da Adierazi EH izango, ibilbidea ez da ekimen herritarrak pentsatua zuena izango, eta leloa ere ez da bera izango. Jatorri politiko desberdinetako pertsonek egin dute deialdia, eta horien artean da Sabin Intxaurraga EAko kidea eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa.
Egunkari honek dituen datuen arabera, atzo iluntzean aurkeztu zuten bihar arratsalderako protestarako deialdiaren eskaera, eta antolatzaileek gaur arratsaldean egingo dute publiko deia.
Mobilizatzeko deia
Gauean zabaldu zen deialdi berriari buruzko informazioa, baina aurrez, Adierazi EHk agerraldia egin zuen Bilbon, arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere deialdia debekatu zuela ezagutu ondoren. Eskubideen alde mobilizatzeko premia nabarmendu zuten Adierazi EHko kideek agerraldi jendetsuan. Herri ekimeneko lagunei «ezin larriagoa» iruditu zitzaien debekua. Beraien ustez, neurriak berak erakusten du «une honetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela oinarrizko eskubide guztien defentsa». Horregatik egin zieten mobilizatzeko deia herritarrei, are indar handiagoarekin, Eskubide guztiak denontzat Euskal Herri osoan manifestazioa babestu zuten guztien izenean. Halaber, «Manifestazio bat egin egingo dela ziurtatu dezaket», esan zuen bozeramaile aritu zen Rafa Larreina EAko kideak.
Duela hiru hilabete protesta iragarri zuten leku berean egin zuten «premiazko deialdia» Adierazi EHkoek. Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzako areto nagusia askotariko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariez bete zuen ekainaren 11n, eta irudi bertsua utzi zuen atzo. Besteak beste, EA, ezker abertzalea, Alternatiba eta Aralar eragile politikoetako ordezkariek, eta dozenaka gizarte eragileetako kideek bete zuten abokatuen elkargoko areto nagusia.
Oinarrizko eskubideen, eskubide zibil eta politikoen alde mobilizatzeko «dei orokorra» egin zuen Arantza Fernandez Garaialde Eilas-eko kideak eta deitzaileak debekuaren aurrean zer egin aztertzen ari direla esan zuen.
Protestaren aldarriak
Auzitegi Nazionalaren debekuaren larritasunaz ohartarazteko, Adierazi EHk protestarako zehaztu zituen bi eskariak gogoratu zituen. «Pertsona guztientzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan bermatuko dituen egoera: Salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz eta eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz», jasotzen du lehenengo puntuak. «Eskubide zibil eta politikoen, giza eskubideen, eskubide indibidual eta kolektiboen bermea» aldarrikatzen du bigarren puntuak. Bost neurri eskatzen ditu, zehazki: «Bizitza eta askatasuna. Euskal presoak Euskal Herrira, kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera. Inkomunikazioa eta torturak gelditzea. Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak. Alderdi eta erakundeen legalizazioa, eta auzi eta sententzia guztiak indargabetzea».
Aldarri horien oinarria ikusirik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekua «ezin larriagoa» dela uste dute deitzaileek. Eskubide horiek ezin direla ez ukatu ez debekatu ohartarazi zuten bozeramaileek, manifestaziorako deia babesten zuten 42 eragile eta 150 lagunen izenean: «pertsona guztioi berez dagozkigun eskubideak dira».
Protestaren eskariei erreparatu, eta debekuak dakarrenaz konturatzeko ere eskatu zuen Adierazi EHk. «Eskubide zibil eta politikoen defentsa ez ezik, bizitza eskubidearen beraren defentsa ere debekatzea dakar».
Eta bada ekimeneko kideei gaiaren inguruan «biziki deitoragarria» iruditu zitzaien zerbait: debekuaren jatorria Eusko Jaurlaritzan sortu izana. «Berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionala tresna dela, sorgin ehiza eta macarthysmo operazio iluna egiten ari da», salatu zuten Larreinak eta Fernandez Garaialdek.
Horren guztiaren aurrean oinarrizko eskubideen defentsa egitea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela adierazi, eta mobilizatzeko eskatu zieten herritarrei.
Eragileak, debekuaren aurka
Hainbat alderdi eta eragilek ere salatu zuten eskubide guztien defentsan iragarritako martxa debekatu izana. Ezker Batuak epailearen erabakiaren berri izan aurretik salatu zuen aukera bera, eta protesta ez debekatzeko eskatu zion epaileari. «Debekatzea eskubide konstituzional bat urratzea litzateke», ohartarazi zuen Serafin Llamas bozeramaileak.
Hamaikabatek, manifestazioa debekatzea «adierazpen askatasunaren urraketa» dela salatu zuen epailearen erabakiaren berri izan zuenean. EAtik banatu zen alderdiak ez du Adierazi EHren deialdiarekin bat egin, baina, hala ere, oinarrizko eskubideak errespetatu egin behar direla esanaz salatu zuen debekua.
Espainia euskal gizartearen beldur dela ondorioztatu du Alternatibak protesta debekatu izanetik. «Giza eskubideen urraketa ohiko jarduna bilakatu da gure herrian: elkartu, manifestatu, botoa eman edo adierazteak dagoeneko ez dirudite eskubideak, agintarientzat gordetako pribilegioak baizik», salatu zuen. Alternatibak «eskenatoki demokratikoaren alde» borrokan jarraituko duela esan, eta mobilizatzeko eskatu zuen.
Adierazi EHn parte hartu duten hainbat kidek, gutuna plazaratu dute epailearen akusazioak gezurtatuz. «Plataformaren ekintzak ETAk kontrolatu nahi zituela sumatuz gero, ez genukeen plataforman aktiboki parte hartuko», esan dute Alternatibako Oskar Matutek, Aralarreko Josu Murgiak, Lokarriko Paul Riosek, Gogoa elkarteko Jose Ramon Castañosek, Langile Pastoraltzako Jose Luis Longartek, JOCeko Natxo Isuskizak, Eilaseko Arantza Fernandez Garaialdek eta Esk-ko Jokin Espillak gutunean.
ELAk, deialdiarekin bat egin zuela gogoratu, debekuarekin herritar eta erakunde askoren eskubideak urratzen ari direla ohartarazi, eta, debekuaren atzean «Zapateroren gobernuaren bultzada politikoa egotea» gaitzetsi du.
Euskal Herriak Bere Eskola elkarteak, urraketekin «nazkatuta» daudela esan, eta «debekuen gainetik kalera atera eta adierazteko» deia luzatu du.
Kataluniatik, gizarte eragileetako zein alor juridikoko 17 pertsonek deitzaileei elkartasuna azaldu eta debekua gaitzetsi dute.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
