Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:26

HARIAN;2010-09-10;GAURKOA. Martxelo Diaz. Israel: ezetz, ezetz da. Martxelo Diaz 'Gara' egunkariko kazetaria Biladi Hadi brigada kulturalarekin zihoan Palestinara, baina Israelgo mugan ez diote utzi pasatzen.

Martxelo Diaz

Israel: ezetz, ezetz da

Martxelo Diaz 'Gara' egunkariko kazetaria Biladi Hadi brigada kulturalarekin zihoan Palestinara, baina Israelgo mugan ez diote utzi pasatzen

Samara Velte.

Atzo amaitu zen Ramadana, musulmanen hilabeteko baraualdia; Jordanian eta gainontzeko herrialde arabiarretan hasi da lau eguneko festa bridagabea. Han dago Martxelo Diaz Gara egunkariko kazetaria ere, baina harentzat festarako motibo gutxi dago. Duela egun batzuk iritsi zen Jordaniara, Askapeneko Biladi Hadi kultur brigadarekin batera, gero Palestinara abiatzeko asmoz. Israelgo mugan, ordea, ez zioten utzi pasatzen, eta ordutik Akaban dago (Jordania), Itsaso Gorrian, «turismo behartuan».



Beste taldekide batzuekin Israelgo hegoaldeko mugan zegoela, estatura sartzeko debekuaren zigilua jarri zioten pasaportean: «Ez zidaten inolako arrazoirik eman. Soilik esan zidaten ni ez nintzela pasatuko eta besteak bai». Une horretan amorrua sentitu zuela aitortu du: «Iristen zara eta badituzu planak norabait joateko eta zerbait egiteko; ez badizute uzten sartzen, dena pikutara doa». Hala ere, gertatutakoa aurrez ikus zitekeela ere onartzen du; bera duela hiru urte izan zen Palestinan, eta, orduan, herrialdetik kanporatu zuten. Oraingo debekuaren kausa hori dela uste du: «Egia esan, arrisku hori bazegoen. Hauek [Israelek] ez dute gustuko jendea Palestinara sartzea, eta horrelako kasuak dezentetan gertatzen dira».

Biladi Hadi brigadaren bigarren txandakoak dira Palestinara heldu ahal izan diren gainontzeko taldekideak. Lehen txandakoek hamar egun egin zituzten uztailean Palestinako hainbat lekutan: Jerusalem, Nabulus, Hebron. Brigada kulturala da Biladi Hadi -Biladi-k nire lurra edo nire herria esan nahi du arabieraz-, musikari, pailazo, idazle, kazetari eta kultur munduko beste zenbait eragilez osatua. Hain zuzen ere, arlo horretan sustatu nahi dituzte Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko harremanak: «Hori da gure elkartasuna adierazteko modua». Musikariek, esaterako, hango musikariekin elkarlanean jarduteko asmoa dute, elkarrekin abestiak sortuz, eta kazetariek komunikabide palestinarrekin lortu nahi dute harremana.

Herriak elkartzea izan liteke loturak sortzeko beste bide bat. Oraingoz, Euskal Herriko bi udalerri daude Palestinako herriekin senidetuta: Arbizu (Nafarroa) eta Zestoa (Gipuzkoa). Uztailean egondako brigadak Igorrerentzat (Bizkaia) lortu zuen herri bat senidetzeko; eta oraingoan Alegiarentzat (Gipuzkoa) bat topatzea da helburua.

Diaz zen hasiera batean bidaia horretako antolatzaile nagusia; orain, bera gabe konpondu beharko dute gainontzekoek. Brigadaren blogean, dagoeneko argitaratu dute artikulu bat Diazi sarrera eragotzi izana salatzeko. Lagunak, ordea, badu fedea haiengan: «Egia da gertatutakoa oztopo bat izan daitekeela eta orain lan gehiago egokituko zaiola bakoitzari, baina nik uste dut hor dagoen jendea nahiko gai badela eta azkenean ez dela arazorik egongo helburu nagusiak betetzeko».

Benjamin Netanyahuren gobernuak baldintza asko ipintzen dizkie mugak gainditu nahi dituztenei, batez ere Palestinara elkartasuna azaltzera doazenei. Diazen patu bera egokitu zitzaien, esaterako, Noam Chomsky estatubatuar hizkuntzalari eta ekintzaile ezagunari, eta Ivan Prado pailazo galiziarrari joan den maiatzean. Prado Festiclown jaialdiko zuzendaria da. Duela hamar urtetik antolatzen dute jaialdia Galizian, eta hura Palestinara zabaltzeko asmotan zebilen Tel Avivera (Israel) abiatu zenean. Baina hango Ben Gurion aireportura iritsi bezain pronto sartu zituzten bera eta beraren itzultzailea bueltako hegazkinean, «segurtasun nazionaleko arrazoiak» zirela medio. Egin zizkieten kontrol eta galdeketa gogorrak salatu ditu ordutik, baina ez du erantzunik jaso. Prentsan ere behin baino gehiagotan esan du «barkaezina» dela Europak Israelekin harremanak izatea, «hori ez delako estatu bat, armada bat baizik».

 

Nortasun agiria



Jaio. Donostian jaio zen, 1971. urtean, baina Iruñean bizi da gaur egun.

Lanbidea. Gara egunkarian egiten du lan.

Palestina. «Munduko gatazka larrienetako bat» da, haren ustez; 2007an ere izan zen han, beste brigada batekin, baina herrialdetik kanporatu zuten.

Biladi Hadi. Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko kultur harremanak sustatzeko sortutako brigada.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia