Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:26

EUSKALHERRIA;2010-09-08;Asel Luzarragari 220 eguneko zigorra ezarri dio Txilek. Zigorra betea du idazleak, 250 egun egin baititu atxilotuta, baina kanporatze auziari aurre egin behar dio orain

Asel Luzarragari 220 eguneko zigorra ezarri dio Txilek

Zigorra betea du idazleak, 250 egun egin baititu atxilotuta, baina kanporatze auziari aurre egin behar dio orain

Mikel Peruarena.

Asel Luzarraga idazle eta itzultzailea 220 eguneko kartzelarekin zigortu du Txileko Justiziak. Luzarragak 250 egun bete ditu dagoeneko atxilotuta; aske geldituko da, beraz. Abenduaren 31n atzeman zuten, Txileko bere etxean, Padre de las Casas herrian; 40 egun inguru egin zituen Temucoko kartzelan, eta otsailaz geroztik etxeko atxiloaldian egon da idazle eta itzultzailea. Temucoko Ahozko Auzitegiak iragan ostegunean ebatzi zuen auzia: Luzarraga errudun jo eta etxean lehergailuak egiteko gaiak edukitzea leporatu zion. Eta atzo Euskal Herrian 22:00ak eta Txilen 16:00ak zirela jakinarazi zuen sententzia.

Fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen Luzarragarentzat. Baina epaileek zazpi hilabete eskaseko zigorra eman diote azkenean. Auzia garbi dago Luzarragaren senide eta lagunentzat: «Argi dago Txiletik kanporatzeko egin dutela». Fiskaltzak, hain justu, beste prozedura bat hasi du idazlearen aurka, Txiletik kanporatzeko. Auzi hori nola garatuko den ikusteko dago oraingoz.

Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eman nahi zion, hasieran, Luzarragari, La Araucania eskualdean jazo ziren atentatu batzuekin lotuta. Gero frogatu zen ezinezko zela, Luzarraga Euskal Herrian zelako egun haietan, eta fiskalak bost urtera jaitsi zuen zigor eskaera. Abuztuaren 25ean hasi zen Luzarragaren aurkako epaiketa Temucon, eta hilaren 31n amaitu zen.

Luzarragak hasieratik ukatu ditu salaketak. Manuel Camilo Vial Temucoko gotzaina ere Luzarragaren alde mintzatu da epaiketan. Luzarragaren senide eta lagunek eta bazkide den elkarteek ere -Euskal PEN Klubak eta Euskal Idazleen Elkarteak, esaterako- ez dute zalantzarik Luzarraga errugabea dela. Hori aldarrikatu zuen Asel Askatu kolektiboak atzo Bilboko Plaza Biribilean. Senide eta lagunek elkarretaratzea egin zuten, Luzarraga errugabea dela eta aske egon behar lukeela adierazteko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia