Oscar Bizarraga.
Kale dor Kayiko elkarteko lehendakariordeaBizarragak gogorarazi du nazioartean eta Frantzian zorrotz kritikatu dutela Frantziako presidenteak Errumaniako ijitoak erbesteratzea erabaki izana.
«Sarkozyri erantzun eredugarririk ez bazaio ematen, arazoa errepikatuko da»
Jon Rejado.
«Erbesteratzeak legezkoak diren edo ez argitu arte, gelditu egin beharko lirateke». Frantziako Gobernuak duela hiru aste inguru ijitoen aurka hasitako bidea gogor kritikatu du Oscar Bizarragak, Kale dor Kayiko elkarteko lehendakariordeak eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluko kideak. Kontseiluak, hain zuzen ere, erbesteratzeen aurka gaur bertan Baionan eta Europan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu du.
2008an manifestazio erraldoia egin zen Roman Silvio Berlusconiren politika salatzeko. Gaur, Baionan, Parisen... deitu dira manifestazioak. Nola ikusten duzue etorkizuna?
Nicolas Sarkozyri erantzun eredugarririk ez bazaio ematen, arazoa errepikatuko da. Pertsonen oinarrizko eskubideak erasotzeko keinu bat dagoen bakoitzean, galarazi egin beharko litzateke, berriro errepika ez dadin. Dena den, Europako Batasunak Frantziarekin zer egin erabaki bitartean, ijitoak erbesteratzen jarraitzen dutela ezin dugu ahaztu.
Nola ikusten ari zarete Frantziak hartutako erabakiaren ondorioak?
Oso haserre gaude, urrunegi heldu delako kontua. Duela hainbat hilabete ijitoen aurkako kanpaina bat hasi zuen Frantziako Gobernuak: delinkuentzia, prostituzioa, haurren trafikoa... eta beste hainbat delitu leporatu zizkien. Horri esker, segurtasun arazoa sortu zuen, eta, horrela, ijitoen erbesteratzeak arrazoitu zituen. Hori bai, borondatezkoak izango balira bezala mozorrotu nahi izan zituen, horrela ez dela agerikoa den arren.
Frantziako ijito elkarteekin hitz egin al duzue haien egoeraren berri jakiteko?
Bai, hitz egin dugu, bi elkarteen artean hitz egiten den bezala. Frantziatik joanez gero diru kopuru bat jasoko zutela esan dute, baina elkarteek argitu digute dirua onartu gabe ere erbesteratu behar zituztela. Zerbait onartezina dela uste dute, eta Europako Batasunaren erantzunaren zain daude. Espainiako Ijito Batasuna da gertaera gehien aztertzen ari dena, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian salaketa aurkezteko informazioa biltzen ari da.
Europako Batasunak erantzun bat ematea espero al duzue?
Erabakiak hartzeko denbora gehiegi igarotzen ari da, nire ustez. Frantziaren jokabidea zigortzeko modua aztertu bitartean, erbesteratzeek jarraitzen dute. Frantziak hasierako erronkari eusten dio.
Zuen ustez, zergatik ari dira orain ijitoak erbesteratzen?
Frantziako presidentearen ospeak behera egin du L'Oreal auziaren ondorioz. Ijitoak ez gara perretxikoak; ez gara Frantzian agertu egun batetik bestera. Bat-batean konturatu al da 2.000 pertsona baino gehiago kanpalekuetan bizi direla? Zerbait gehiago dago erabaki horien atzean.
Eta zergatik ijitoen aurka?
Ijitoekin zerikusia duen edozer gaizki ikusia dago gizartean, eta instituzioek jokabide hori sustatzeko keinua egiten badute, gizarteak erraz barneratzen ditu. Ijitoak ez dugu politikoki antolatzeko ohiturarik izan, eta inork ez gaituenez babesten, hori baliatu du Nicolas Sarkozyk irudia hobetzeko.
Nazioarteak zorrotz kritikatu du Frantzia...
Sarkozyren alderdiko kide batzuek ere kritikatu dute jokabide hori, eta Frantziako Poliziaren barruan ere kontrako jarrerak azaldu dira. Vatikanoa aurka agertu da, Estrasburgoko Auzitegia... Baina erbesteratzeekin jarraitzen dute. Hitzetatik ekintzetara igaro behar da.
Zer ekintza proposatzen dituzue?
Ez gara politikariak, baina erbesteratzeekin aurrera jarraitzea debekatu beharko lukete. Debeku publiko eta argi bat. Hori egingo ez balute, Europako gailur batzuetara joatea debekatu beharko liokete, beste herrialde batzuekin egiten duten bezala.
Gehienbat Errumaniako ijitoengan eragiten ari da neurria. Zergatik?
Xenofobiak zerikusi apur bat izan dezake, baina ez dakit. Nire ustez, ahulenaren bila joan dira; talde etniko hori asko kriminalizatu da; Errumanian ere urteetan zapaldu dute. Europako beste tokietan bizi garenok jada gainditu ditugun arazoekin egin dute topo handik irten diren ijitoek.
Sarkozyren kanporatzeen aurka, manifestazioak hainbat lekutan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
