Berria.info

Igandea, 2012ko urtarrilak 29 - 12:32

EUSKALHERRIA;2010-09-03;HEZKUNTZA. 2010-11 IKASTURTE HASIERA. Jaurlaritzaren hiru eleko ereduan, eskola orduen %20 bakarrik emango dira derrigor euskaraz. Hezkuntza Sailak bultzatutako eredu berriarekin, D ereduko ikasleek gutxienez bi ikasgai gutxiago ikasiko dituzte euskaraz Hiru urte iraungo du programak; eta 40 ikastetxe aukeratu dituzte proba egiteko

Jaurlaritzaren hiru eleko ereduan, eskola orduen %20 bakarrik emango dira derrigor euskaraz

Hezkuntza Sailak bultzatutako eredu berriarekin, D ereduko ikasleek gutxienez bi ikasgai gutxiago ikasiko dituzte euskaraz

Hiru urte iraungo du programak; eta 40 ikastetxe aukeratu dituzte proba egiteko

Andoni Etxeberria.

Bilbo

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio Hezkuntza Marko Hirueledunaren ikasturteari. Probak hiru urte iraungo du, Hezkuntza Sailak aukeratutako berrogei ikastetxetan. Ikastetxe bakoitzean, gehienez bi taldek hartuko dute parte, Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen mailakoak. Talde horietako ikasleek euskaraz, gaztelainaz eta ingelesez ikasiko dituzte ikasgaiak. Gutxienez, bost eskola orduetatik batek izan beharko du ezinbestez hizkuntza bakoitzean, eredu berriaren arabera.

Euskarak pisua galduko du

Ikasketa plangintza berriak, hain zuzen, euskarazko eskola orduak galtzea ekarriko die euskara hutsezko D ereduan ikasten duten ikasleei. Hezkuntza sare guztia kontuan hartuz gero, ikasle gehienak lirateke horiek: aurreko ikasturtean %71k ikasten zuten D ereduan.

Hortaz, hiru eleko eredu berriarekin, gaur egun D ereduan ikasten duten gazteek gaztelaniaz ikasi beharko lukete Espainiako Hizkuntza eta Literaturaz gain beste ikasgairen bat. Era berean, Ingeleseko ikasgaiaz gain, orain arte euskaraz ikasi duten beste ikasgai bat ere ingelesez egin beharko lukete. Kontrako kasuan, orain arte A ereduan ikasi duten ikasleek -%5ek aurreko ikasturtean-, Euskaraz gain, ezinbestean beste arlo bat ikasi beharko lukete soilik euskaraz.

Atzo egindako aurkezpenean, Zelaak nabarmendu zuen orain arteko ereduek euskalduntzean izandako lorpena eta belaunaldi gazteen elebitasun maila egokia aipatu zuen: «Eskolak euskaldundu egin du, eta euskalduntzen jarraitu behar du, betiere gurasoen eskubidea bermatuz seme-alaben ikasketa hizkuntza erabaki ahal izateko».

Esperimentuaren aurkezpena, aukeratutako berrogei ikastetxeetako ordezkarien aurrean egin zuen Zelaak Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Musika Eskolan. Sailburuak aurreratu zuenez, datorren ikasturtean ikastetxe gehiagotara zabalduko dute saioa.

Proiektua ebaluatzeko ardura ISEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak izango du. Erakundeak, PISA programaren (Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa) irizpideak hartuko ditu kontuan. Hiru ikasturteren ostean, eta ebaluazioaren emaitzak azterturik, Zelaak aurreratu zuen gaur eguneko hizkuntza ereduen sistema hobetuko duen hiru eleko ereduaren behin betiko proposamena egingo dutela.

 

Hiru eleko eredua



IKASTETXEAK

Araba. Luis Dorado LHI, San Martin LHI, Urkide HlBHIP, Nazareth HlBHIP, Presentacion de Maria HlBHIP, San Viator HlBHIP, Miguel de Unamuno BHI (Gasteiz).

Bizkaia. Larrea LHI, Antonio Trueba BHI, Cruces BHI, El Regato HlBHIP (Barakaldo). Pio Baroja LHI, Zurbaran LHI, Miguel de Unamuno BHI, Recaldeberri BHI, El Ave Maria HlBHIP, Ibaigane HlBHIP (Bilbo). San Bartolome LHI, Txomin Aresti LHI, Jose Miguel de Bariandaran BHI, B. V. Maria HlBHIP (Leioa). Las Viñas LHI, Sta. Maria-Hijas De La Cruz HlBHIP (Santurtzi). San Fidel Ikastola (Gernika). Txomin Agirre Ikastola HlBHIP (Ondarroa). Franciscanas de Montpellier HlBHIP (Trapagaran). San Felix De Cantalicio HlBHIP (Ortuella). Jado-Compasion HlBHIP (Erandio). Munabe LBHIP (Loiu). Vizcaya HBlHIP (Zamudio). Lekeitio LHI (Lekeitio). Barrutialde BHI (Arratzu).

Gipuzkoa. Haurtzaro Ikastola HlBHIP (Oiartzun). Orereta HlBHIP (Errenteria). Usalbago Laskorain Ikastola HlBHIP (Tolosa). Jakintza Ikastola HlBHIP (Ordizia). Manuel de Larramendi HlBHIP, Presentacion de Maria HlBHIP, Ingles HlBHIP (Donostia). Presentacion de Maria HLHIP (Urnieta).

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia