Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:24

EUSKALHERRIA;2010-09-02;Biktimekiko «enpatia» sustatuko dute ikasleen artean. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 19.000 ordenagailu erosi ditu Eskola 2.0 egitasmoa Lehen Hezkuntzako 6. mailara zabaltzeko EHUko matrikulazioak %5 igo dira, oraindik epea bukatu ez den arren

Biktimekiko «enpatia» sustatuko dute ikasleen artean

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 19.000 ordenagailu erosi ditu Eskola 2.0 egitasmoa Lehen Hezkuntzako 6. mailara zabaltzeko

EHUko matrikulazioak %5 igo dira, oraindik epea bukatu ez den arren

Jon Rejado.

Gasteiz

Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plana dela eta, hezkuntzaren alorrean finkatutako helburuak betearaziko dituzte hastear den ikasturtean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 18.000 ikaslerengan izango du eragina. Hiritartasunerako Hezkuntzari buruzko dekretua apirilean onartu zuen Jaurlaritzak, eta, ikasgai horren bitartez, Bakerako hezkuntza planeko gidalerroak landuko dira datorren astetik aurrera.

«Besteen sufrimenduarenganako eta biktimenganako enpatia» landuko dela aurreratu du Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Horrez gain, gogorarazi du ikasgaiak «ikuspuntu zabala» izango duela: «Indarkeria terrorista, arrazakeria, genero indarkeria...». Helburu horiek betetzeko, ikastetxe bakoitzak askatasuna izango du egokien ikusten dituen baliabideak erabiltzeko, Zelaaren arabera. Lehen Hezkuntzako ikasleekin, biktimen bizipenek garrantzi handia izango dute, eta, DBHko ikasleekin, gehiago izango da gogoeta egitea.

Zelaak aurreratu du eskoletara joan daitezkeen indarkeriaren biktimen inguruan ez duela daturik eta ez duela izango. Horren eskumena Biktimen Zuzendaritzak duela zehaztu du, baita beren bizipenen berri eman dezaketen biktimen berri ere. «Hiritartasunerako hezkuntzan, biktimenganako enpatia landuko da, ez filosofia politikoa».

Ikastetxeek eskura izango duten materiala aurreko Eusko Jaurlaritzak landu zuen, Bakerako Urratsak eta Historias que nos marcan (Markatzen gaituzten historiak). Material hori «gaurkotu» ostean, ikastetxeek eskura izango dute, urritik aurrera.

19.000 ordenagailu berri

Eskola 2.0 egitasmoak bigarren urrats bat egingo du ikasturte honetan, eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara zabalduko da. Hau da, aurreko urtean bosgarren mailan zeudenek lan ildo horrekin jarraituko dute, eta bosgarren mailan hasiko diren ikasleek bideari ekingo diote. Horretarako Eusko Jaurlaritzak 19.000 ordenagailu erosi dituela aurreratu du Zelaak.

Irakasleak zer garrantzitsuak izango diren nabarmendu du Zelaak. «Teknologia era masiboan sartu baita, irakaslearen lanak balio handiagoa dauka». Bosgarren mailako irakasleak seigarren mailara igaroko dira kasu gehienetan, eta formakuntza berria beharko dutenek ikastetxean bertan jasoko dutela aurreratu du Hezkuntza Sailak. Hori egiteko aukerarik ez balego, formakuntza Berritzeguneetan jasoko lukete irakasleek, aurreko ikasturtean bezala.

Irakasleen lan baldintzei dagokienez, egonkortasunean aurrerapausoak izan direla nabarmendu du Zelaak. Aurreko ikasturtean toki egonkor bat zuten 14.272 irakaslek, Hezkuntza Sailaren arabera, eta, ikasturte hasiera honetan, beste 1.615 irakaslek lortu dute egonkortasuna. Horrez gain, ikastetxeen zuzendaritza taldeen erdia borondatezkoa dela azaldu du, eta beste erdia hiru urterako aukeratuta dagoela gaineratu du.

EHUko matrikulazioak, gora

EHUko matrikulazioak %5 handitu direla azaldu zuen atzo Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Bologna Plana ezartzen hasiko da urte honetan, eta 8.100 ikasle izango direla esan zuen, Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Ikasturte berriak ekarriko dituen aldaketen inguruan «nolabaiteko zalantza» duela adierazi arren edozein arazo saihesteko «lan handia» egin dela esan zuen errektoreak. Gradu ereduari buruzko informazioa EHUren webgunean dagoela gogorarazi zuen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia