Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:24

EUSKALHERRIA;2010-08-21;Turismoa %12 hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2010ean. Nafarroan ere gora egin du; urtarriletik uztailera bitarteko datuak aurreko urtearekin alderatuta, %3,8 igo da

Turismoa %12 hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2010ean

Nafarroan ere gora egin du; urtarriletik uztailera bitarteko datuak aurreko urtearekin alderatuta, %3,8 igo da

Erredakzioa.

Donostia

Krisia krisi, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako turismoa hazi egin dela diote Eustatek emandako datuek; hain zuzen ere, hiru lurraldeetako hotelek 241.165 sarrera erregistratu dituzte uztailean, iaz baino %12 gehiago. Landetxeetan are gehiago igo da: %16, guztira 15.968 bisitarik aukeratu dutelako ostatu mota hori. Jatorriari dagokionez, denetarik dagoela adierazi du Eustatek, baina nafarrek apur bat behera egin dutela aurten.

Ostatuetan igarotako gauen kopuruak gora egin badu ere -%11 eta %12 artean handitu da, bai hoteletan eta bai landetxeetan-, egonaldien batez besteko iraupena apur bat laburtu da oro har. Bizkaian bakarrik egin du gora: iaz, batez beste, 1,82 egun ematen zituzten bisitariek hotelean, eta aurten, 1,85.

Nafarroan ere, landa nagusi

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura Sailak beste irizpide batzuk erabili ditu hango turismoa neurtzeko: aurtengo urtarriletik uztailera bitartean izandako mugimenduak kontabilizatu dituzte, eta iazko garai berarekin alderatu. Horrela, ondorioztatu dute oro har %3,8 igo dela.

Gehienek uko egin diote hotelari, eta bestelako ostatuak nahiago izan dituzte. Hori dela eta, hoteletako turismoa %1,2 bakarrik hazi da, eta bestelakoetakoa %12,5. Horien barruan, landa turismoak berebiziko arrakasta izan du: %26,4 egin du gora.

Turismo sailburu Carlos Erzek adierazi duenez, aurten hainbat faktorek bultzatu dute turismoa: alde batetik, Nafarroako Gobernuak abian jarritako kanpaina -Nafarroak dohainik hartzen zaitu leloduna- eta haren baitan ostatu hartzeko eskainitako beherapenak; eta, bestetik, lurraldea berez egokia izatea landa turismorako, «oso ondo» moldatzen delako bidaiarien beharretara: «Norako asko aukera daitezke Nafarroan, Bardeako basamortuzko parajeetatik hasi eta Pirinioetako gailurretaraino, haran atlantikoetatik eta erdialdeko mahastietatik igarota».

«Baliteke egonaldiak laburragoak izatea, baina turista kopuru garrantzitsua daukagu oraindik», esan du Erzek. Bere iritzitan, krisiak ez du turismoa geldiarazi, bidaiarien «ohiturak aldatu» baizik: besteak beste, aurten azken uneko erreserba gehiago egin dituztela antzeman dutela adierazi du, eta bidaiariek gehiago zaindu dituztela taberna eta jatetxeetako gastuak.

 

Zenbakitan

467.594



EAEko ostatu gauak. Uztailean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egondako turistek guztira 467.594 gau igaro dituzte hotel eta antzeko ostatuetan, eta 47.828 landetxeetan; iaz baino %11 eta %12 gehiago.

3



Landetxeetako batez besteko egonaldia, egunetan. 2010eko uztailean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxeetan egondakoek batez beste 3 egun egin dituzte bertan, eta hoteletan egondakoek, 1,94. Kopurua apur bat jaitsi da bietan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia