Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:23

EUSKALHERRIA;2010-08-14;Epaileak ez du debekatu Donostiako martxa, Fiskaltzaren iritziaren aurka. Andreu epaileak dio ez duela manifestazioa debekatu beharrik; ez du frogatutzat eman martxak «terrorismoa goratzea» duela xede

Epaileak ez du debekatu Donostiako martxa, Fiskaltzaren iritziaren aurka

Andreu epaileak dio ez duela manifestazioa debekatu beharrik; ez du frogatutzat eman martxak «terrorismoa goratzea» duela xede. Protesta zaintzeko agindu dio Ertzaintzari, eta Herrizaingo Sailak ibilbidea aldatu du

Garikoitz Goikoetxea.

Donostia

Epaileak legezkotzat jo du gaur arratsaldean Donostian egitekoa duten manifestazioa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak ez du arrazoirik ikusi martxa debekatzeko. Hala, bizkar eman die Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari eta Dignidad y Justicia salatzaileari. Manifestatzeko askatasuna bermatu behar dela gogorarazi die epaileak, eta nabarmendu du deitzaileak zein diren adierazita bakarrik ezin dela ondorioztatu delitua egingo dutela. Hala ere, elkarretaratzea zaintzeko agindu dio Ertzaintzari, eta, deliturik badago, esku hartzeko. Bulebarrean hasiko dute protesta, 17:30ean, Euskal Herriaren eskubideen alde lelopean.

Dignidad y Justiciak salaketa jarria zuen auzitegian, donostiar talde batek deitutako manifestazioa debekatzeko eskatuz. Haren arabera, «terrorismoa gorestea» da martxaren helburua. Horren erakusgarritzat jo zuen deitzaileak «Batasunaren hurbilekoak edo hari lotutakoak» direla eta aurreko urte zenbaitetan istiluak izan direla Donostian. Poliziari txostenak eskatu, eta Fiskaltzak bere egin zuen debeku eskaria. Bermetzat, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenak aurkeztu zituen.

Epaileak, ordea, ez ditu aintzat hartu. Manifestaziorako eskubidea oinarrizkoa dela gogorarazi du, atzo bazkalondoan kaleratutako autoan. Horren erakusgarri, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritako jurisprudentzia ekarri du gogora. Horien arabera, ideiak jendaurrean adierazteko aukera bakanetakoak dira manifestazioak, eta adierazpen askatasunaren zutabeetakoa da horretarako eskubidea.

Hartara, hura debekatzeko «arrazoi sendoak» behar dira. Epaileak ez du horrelakorik ikusi salaketetan. Dioenez, Poliziaren hiru txostenetan deitzaileen datuak soilik ageri dira. Ezker abertzaleko hautagai izan direla, besteak beste: «Datu horiek emanda soilik, ezinezkoa da eskubide hori [manifestaziorakoa] mugatzea».

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari ere keinua egin dio epaileak. Gogorarazi du gobernuari dagokiola manifestazioak-eta debekatzea. Horiek egiteko baimena hari eskatzen zaio. Herrizaingo Sailak ez du arrazoirik ikusi Donostiako martxa galarazteko. «Bistakoa da: gobernuak antzeman bazituen delituren bat egiteko zantzuak, ekitaldia debekatu ez ezik, horren berri emango zion botere judizialari, horretarako betebeharra duenez gero». Ez da horrelakorik gertatu, eta epaileak dio ez duela zertan martxa debekatu. Are, epaileen lana eginiko delituak epaitzea dela dio. «Eta ez delituei aurre hartzea, hori Estatuko beste erakundeei dagokie».

«Dispositibo berezia»

Debekatzeko arrazoirik ikusi ez arren, Andreu epaileak Ertzaintzari agindu dio manifestazioa gertutik zaintzeko. Poliziari esku hartzeko agindu dio, bi kasutan: legez kanpoko taldeak edo talde «terroristak» goratzen badituzte, edo «terrorismoaren biktimak» iraindu edo haiek umiliatzen badituzte. Hori saihesteko agindu dio Ertzaintzari, eta horretan parte hartzen dutenak identifikatzeko edo atxilotzeko. Gertatuaren berri Auzitegi Nazionalera bertara igortzeko eskatu du epaileak.

Epaileak autoa kaleratu eta minutu gutxira eman du Herrizaingo Sailak gaur hartuko dituen neurrien berri. «Dispositibo berezia» jarriko du Ertzaintzak Donostian, epailearen aginduak betetzeko. Hala, dei berezia egin die Herrizaingo Sailak manifestaziora deitu dutenei: «Une oro manifestazioa epailearen erabakiak eta legeak ezarritako mugen barruan egitea bermatu behar dute, legez kanpoko kartelak azaldu eta oihuak egin gabe».

Gainera, manifestazioaren ibilbidea aldatzeko agindu du Herrizaingo Sailak, «Donostiako Aste Nagusia hasteko ekitaldiak ez oztopatzeko». Amaiera lekua aldatu dute: Bulebarrean ez, Okendo plazan bukatuko da. Bulebarraren ondoan, Alderdi Ederren, 19:00etan botako dute Aste Nagusia hasteko kanoikada. Bi ekitaldiek bat egitea saihestu nahi dute.

 

Epailearena «esperotako erabakia» izan dela esan dute antolatzaileek

«Euskaldun gisa» bizi ahal izateko oztopoak konta ezin ahalakoak direla salatu asmo dute arratsaldeko protestan

G. G.

Donostia



Herritar soil gisa deitutako manifestazioa ez debekatzeko epaia «esperotako erabakia» izan dela adierazi dio deitzaileetako batek, Iñaki Egañak, BERRIAri. «Demokrazia eskatzen dugu, eta hipotesi horrekin soilik ari ginen lanean». Hartara, «positibotzat» jo du Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia. Arratsaldean, 17:30ean, aterako da martxa Donostiako Bulebarretik, Euskal Herriaren eskubideen alde lelopean. Hala ere, aldaketak izango dira hasierako deialditik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hala eskatuta, protesta ez dute Bulebarrean amaituko. Egañak argitu du Herrizaingo Sailak erabakia aurretik jakinarazi ziela. Xedea da manifestazioaren bukaerak eta festen hasierak bat ez egitea.

Herritar talde batek egin zuen deialdia gaurko manifestaziorako. Besteren artean, Egaña historialariaz gain, tartean dira Jose Luis Alvarez Txillardegi idazlea, Juan Mari Beldarrain ekologista, Unai Gaztelumendi bertsolaria eta Iratxe Retolaza literatur kritikaria. Egañak azaldu du herritar soil gisa egin dutela protestarako deialdia eta atxikimenduak ere gisa horretakoak bildu dituztela. «Gure asmoa hori izan da hasieratik. Donostiar arrunt gisa aurkeztu ginen, eta ez taldean. Hiritarrak gara gu, eta hiritarren babesak ari gara jasotzen».

Eskubideen urratzea salatzea da gaurko manifestazioaren helburua: «Euskaldun moduan nahi dugu bizi herri honetan, eta horretarako arazoak eta mugak daude. Guk nahi duguna da muga horiek guztiak gainditzea». Horren erakusgarri jarri dituzte adibide mordoa. Ez bakarrik politika hutsaren alorrekoak; baita ere ekonomiarekin, kulturarekin, kirolarekin eta euskararekin zerikusia dutenak. Manifestazioaren antolatzaileen irudiko, Euskal Herriaren «zutoinak» daude jomugan.

Nolanahi ere, deitzaileek nabarmendu dute garai politiko berria zabaltzen hasia dela Euskal Herrian, eta indarrak batzeko egindako urratsak «garrantzitsuak» direla adierazi dute. Hartara, lanerako deia egin dute, burujabetza «ezinbestekotzat» jota.

PP eta PSE-EE, errespetuz

Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia errespetatu egiten dutela azaldu dute PSE-EEko eta PPko ordezkariek. Sozialisten eledun Oscar Rodriguezek esan du «onartu, errespetatu eta bete» egiten duela epailearen erabakia. Haren irudiko, Donostiako manifestazioa legezkotzat jo izanak argi utzi du demokrazia badela Euskal Herrian: «Estatu demokratiko batean bizi gara, eta adierazpen askatasuna badago».

Erabakiari «men» egingo dio PPk. Leopoldo Barredak, ordea, neurri zorrotzak hartzeko eskatu dio Ertzaintzari, «ETA txalotzea» saihesteko: «Uste ona dugu Herrizaingo Sailak ezarriko duen dispositiboan. Lege urratze guztiak identifikatu eta arduradunak justiziaren esku jarri behar dituzte».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia