Urnietako ordezkaria aldatuta, PSEk eta EAJk San Marko eskuratu dute
Ezohiko udalbatza egin dute Urnietan, eta EAJ eta PSEren botoei esker, ezker abertzaleko ordezkaria kendu, eta EAJkoa jarri dute. Mikel Izagirre alkateak leporatu egin die atez atekoa «errotik moztu» nahi izatea
Agurtzane Solaberrieta.
UrnietaEz da sorpresarik izan, eta EAJk eta PSEk agindutakoa bete dute: Urnietako Udalak San Marko mankomunitatean dituen ordezkariak aldatzeko mozioa babestu dute, eta, hala, Iñaki Mendizabal ezker abertzaleko ordezkaria kendu, eta Miren Martiarena EAJko zinegotzia jarri dute haren lekuan. Horren ondorioz, ezker abertzaleari, Alternatibari eta EBri gehiengoa kendu diete San Markon, eta gobernua berreskuratu dute EAJk eta PSEk. Ikusteko dago noiz izango den aldaketa.
Urnietakoa ez da azkenaldian izan den aldaketa bakarra. Uztailaren 8an, Lasarte-Oriako udalbatzak Ricardo Ortega EBkoari San Markon zuen ordezkaritza kendu zion, PSEren, EAJren, Hamaikabaten eta PPren aldeko botoekin.
Urnietan, atzoko ezohiko bilkuran gauzatu zuten aldaketa: EAJk eta PSEk alde bozkatu zuten, eta UDA Urnieta Denon Artean plataformak, ezker abertzaleak eta Herrigintzak aurka. Mozioak dio San Marko Hiri Hondakinen Partzuergoko bazkide nagusia izan arren erakunde horren «aurka» ari dela. «Sistematikoko kontsortzioaren ekimenak atzeratu nahian dabiltza, gure udal ordezkarien laguntzaz». Gainera, EAJren eta PSEren esanetan, egungo zuzendaritzak «ez du islatzen» udal hauteskundeen ondorioz Donostia aldean lortutako «benetako» korrelazio indarra, eta «erantzukizunagatik», Urnietatik «distortsio hori» zuzendu nahi izan dute. Horretarako, udalbatzari eskatu zioten Urnietak dituen bi ordezkarietako bat eurek izatea, «urnietarren benetako borondatea ordezkatzeko».
Alkateak mozioa irakurri ostean, Hermenegildo Gonzalez PSEko zinegotziak bi eskaera egin zizkion udal ordezkari berriari: batetik, San Markon auditoria bat egiteko eskatzeko, eta, bestetik, Hernanik atez atekoa ezarri duenetik, Urnietan zabor kopurua «zenbat igo» den aztertzeko.
Maribel Vaquero jeltzaleak alkateari leporatu zion «apropos» atzeratzea plenoa, legea ez betetzea, eta horrekin Urnietari mila euroko kostua eragin izana.
Errauste planta Urnietan
Bi alderdiek mozioaren defentsa egin ostean, Mikel Izagirre alkateak hartu zuen hitza, eta gogorarazi zuen 2003ko urriaren 16an Urnieta berri «desatsegin» batekin esnatu zela: errauste planta Urnietan eraikiko zela. Orduan herrian sortu zen mugimendua ekarri zuen gogora, eta erakundeen zabor kudeaketa zalantzan jartzea lortu zuela. Halaber, San Markoko zuzendaritzak osasunari eta ingurumenari «erasorik» egingo ez dioten alternatibak bilatu dituela nabarmendu zuen, zabortegia itxi duela eta konpostatzearen aldeko apustu tinkoa egin duela. Hala, atez atekoaren emaitza onak ekarri zituen gogora: materia organikoaren %90 jasotzen da, %80 birziklatzen da, eta bereizita jasotako materialek %7ko ezegokitasuna dute. Emaitza horiek ikusita, batzuek mugitzea erabaki dutela deritzo, eta horiek direla zuzendaritza aldatzeko arrazoiak: «Pentsatzen zuten esperientziak porrot egingo zuela, eta ondo doala ikusita eta beste mankomunitate batzuetara zabaltzen hasi dela ikusita, errotik moztea erabaki dute».
Adierazpen horiek entzunda, EAJ eta PSEko zinegotziak ez ziren isilik geratu, eta atez atekoa Urnietan ezartzeko aukera plenora ez eramatea egotzi zioten.
Herritarrei hitza ukatuz
Atzoko udalbatza saioak ikusmin dezente sortu zuen, eta herritar ugari bertaratu ziren desadostasuna agertzera. 2003an Urnietan erraustegirik ez! 2010ean Zubietan erraustegia bai! esaldia zuten kartelak erakutsi zituzten. Hitza ere hartu nahi izan zuten, baina alkateak adierazi zien, ezohiko udalbatza izanda, araudiak ez duela baimentzen eztabaida publikorik egitea. Alkateak ezin izan zien hitza eman, Maribel Vaquero EAJkoa une oro aritu baitzen legea bete zedin eskatzen. Aurrez, UDA plataformako zinegotziari ez zion hitz egiten utzi, alderdiaren izenean alkateak berak hitz egin zuela argudiatuta. Hain zuzen, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak -publikoaren artean zen- jeltzalearen jarrera salatu zuen: «Halako gai garrantzitsu batean ez du zinegotzien hitza entzun nahi eta, araudiak bestela esaten badu ere, herritarrak entzun gabe alde egin dugu plenotik». Haren irudiko, horrek erakusten du errealitatea ezkutatu nahian dabiltzala eta zer «jarrera demokratiko eskasa» duten. Bestalde, alkatearen ustez, atzoko udalbatzak argi erakutsi zuen atez atekoari «beldurra» diotela, eta, emaitza «ikusgarriak» izaten ari denez, «ezkutatu» egin nahi dutela eta «errauste plantaren aldeko apustua indartu».
Hernanin zaborraren ia %83 gaika biltzera iritsi direla dio udalak
San Markoren ibilbidea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
