Hamaika atzerapauso
Legegintzaldiko lehen txanpan euskararen normalizazioa ahul dezaketen urratsak egin ditu Jaurlaritzak, diru laguntzei eutsi arren
Lan deialdi publikoetan euskara betekizuna murriztu eta euskararen balioa jaitsi dute
Agurtzane Solaberrieta.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esana du gizarte elebidun baten alde lan egingo duela, «baina modu orekatuan», «baina euskara inposatu gabe», «baina hizkuntza askatasuna bermatuz». Eta ez dira gutxi izan baina horien magalean Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, bidelagun dituzten popularrek hauspotuta. Diru laguntzei eutsi diete, baina diru laguntzen ildoak ez du soilik gobernu baten hizkuntz politika marrazten. Legegintzaldi honetako lehen txanpan hartu diren beste hainbat neurriri erreparatuta, hizkuntz politikan atzeraka egin da.
Hona hemen Lopezek aginte makila hartu zuenetik hartutako neurri esanguratsuenen bilduma, alorrez alor:
1. Hezkuntza
PSE-EEren jardunaren ardatzetako bat izan da hezkuntza. Urtebete eskasean aldaketa ugari egin dituzte. Esanguratsuena: Oinarrizko Hezkuntzako Curriculum Dekretu berria. Aurreko legegintzaldian Tontxu Camposek gidatutako Hezkuntza Sailak onetsitakoa deuseztatu dute, eta, dekretu berriaren arabera, euskara ez da irakats hizkuntza nagusia izango, hau da, euskara eta gaztelania parekatu dituzte. Halaber, dekretu horrek Euskal Herria terminoa «hizkuntza eta kultura kontzeptu» gisa izendatu du.
Curriculum berriaz gainera, hiru eleko eredua ere abiatuko du Jaurlaritzak datorren ikasturtean, «proba modura». Ereduetan oinarritutako hezkuntza ordezkatu nahi du, eta hiru urteko proba epea ezarri du «behin betiko proposamena» aurkeztu artean. 40 ikastetxetan hasiko du saioa, Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleekin. Hala, Lehen Hezkuntzan, gutxienez, astean bost orduz erabiliko dute hizkuntza bakoitza, eta sei orduz DBHn.
Proposamen horri, baina, susmo txarra hartu diote hezkuntzako eragileek eta sindikatuek. Euren ustez, UPNren urratsei jarraitzen ari zaie PSE, eta beldur dira ez ote dagoen euskarazko irakaskuntza ahultzeko asmoa ingelesa indartzeko helburuen atzean. Izan ere, oraindik ere hiru ikasletik batek ez du euskarazko maila ertaina eskuratzen. Datu hori aurten bertan kaleratu du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak: D ereduko ikasleen %38,5 euskararen batez besteko ezagutza mailaren gainetik daude; A ereduko ikasleen %85,3 ez dira heltzen.
Irakasleak euskalduntzeko eta euskaraz trebatzeko Irale programa ere eztabaida iturri izan da aurten, Jaurlaritzak murrizketa ugari egin baititu: ikastaroen kopurua, iraupena eta ikasleak gutxitu ditu, eta euskararen alorrean hartutako beste neurri «murriztaileen» barruan kokatu dituzte. Horren lekuko da bi deialdi baino ez dituztela kaleratu datorren ikasturtera begira.
2. Lan eskaintza publikoak
PSEk eta PPk legegintzaldi honetarako egindako akordioan izenpetu zuten euren xedea: etorkizuneko lan eskaintza publikoetan euskararen balioa jaistea. Beste modu batera esanda, Lan Eskaintza Publiko LEPetan inori «aterik ez ixteko» asmoa, euskara ez jakiteagatik.
Hala, otsailean Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten, asmo hori gauzatzeko, eta Jaurlaritzari eskatu zioten lan eskaintza publikoetako zerrendetan ezartzen diren hizkuntz eskubideen «egokitasuna» berraztertzeko, eskaintzen diren lanpostuetan «baldintza berdinen printzipioa» bermatzeko, eta horretarako «behar beste neurri hartzeko». Esan eta egin. Jarraian adibideak:
3. Administrazioa
Maiatzaren 5ean kaleratu zuten Eusko Jaurlaritzako administrazioko lan eskaintza publikoa. 2000. urtean egin zen azken deialdia. Hamar urte geroago, euskaraz jakiteko betekizuna murriztu, eta, euskara ezagutzeko betekizunik ez duten lanpostuetarako, euskarak meritu gisa izan zuen balioa jaitsi dute. Administrarien kasuan, 2000. urteko lan eskaintza publikoan, %73k zuten euskara ezagutzeko betekizuna. 2010eko deialdian, administrarien %63k dute betekizuna. Administrari laguntzaileen kasuan, %13,1 jaitsi da betekizunaren eskaera: 2000. urtean %61,4k zuten, eta 2010eko deialdian, ordea, %48,3k. Gainera, euskarak meritu txikiagoa du orain: esaterako, 2000ko lan eskaintzan, administrari laguntzaileek lor zitzaketen puntu guztien %11,7 balio zuen euskara ezagutzeak; 2010ean, %6,98 balioko du.
4. Justizia
Ekainaren 5ean onartu zuen Jaurlaritzak Justiziaren Hizkuntza Normalizaziorako dekretu berria, 2009ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak aurreko Jaurlaritzako dekretuko hainbat atal bertan behera utzi ondotik. Esaterako, justiziaren euskalduntzea eremu geografiko bakoitzeko euskararen erabileraren araberakoa izatea eskatzen zuen atala baliogabe utzi zuen. Donostian langileen %51,7ri, Bilbon %32,09ri eta Gasteizen %27,78ri euskara jakitea exijitzen zitzaien. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen euskara jakitea lanpostu «berezi batzuetan» soilik eska daitekeela, eta lanpostu «generikoetan» soilik meritu gisara hartu behar dela.
Idoia Mendia Justizia sailburuak epai horren aurka helegitea aurkeztuko zutela esan bazuen ere, ez dute inolako helegiterik jarri, eta, gainera, epaiaren funtsari heldu diote dekretu berrian. Hala, euskaraz jakitea ez da derrigorrezko baldintza izango justizia administrazioan lan egiteko. Salbuespenezko kasu bakan batzuetan bakarrik eskatuko dute, eta honako balorazio honekin: auzitegiko laguntzaileek, tramite egileek eta laborategiko laguntzaileek bigarren hizkuntz eskakizuna frogatu beharko dute; eta auzitegiko kudeatzaileek eta auzitegiko medikuek hirugarren hizkuntz eskakizuna.
Lanpostu horiek Justizia administrazioren %35 dira, eta gaur egun horien %40k betetzen dituzte hizkuntz eskakizunak; hau da, lanpostu guztien %14 baino ez daude euskaldunduta. Jaurlaritzak helburu gisa finkatu du 2020rako justiziako langileen %35 elebidunak izatea, eta, horretarako, abian jarriko dituzte bost urte iraungo duten planak.
5. Osakidetza
Epea amaituta, Osakidetzan hiru langiletik batek ez du hizkuntz eskakizuna lortu, eta, horren iguruan, Rafael Bengoa Osasun sailburuak proposatu du, hizkuntza eskakizuna eskatzen duten medikuen lanpostuak hutsik ez geratzeko, «zenbait oker zuzentzea». Besteak beste, euskara meritu gisa hartu behar den berraztertzeko asmoa azaldu zuen, kargua hartu berritan.
Ikusteko dago zer egingo duten, oraingoz ez baitute lan deialdi publikorik egin. Hala ere, atzerapausotzat jo daitezkeen hainbat urrats egin dituzte. Esaterako, Osakidetzako euskara plana bultzatzeko konpromisorik ez du agertu zuzendaritzak, eta Osakidetzak ez du euskara ebaluatuko kalitatea neurtzean. Hala, euskara normalizatzeko tresna bat galduko da, besteak beste, Osakidetzako erakundeek ez baitute konturik eman beharko euskarari buruz egiten dutenaz edo egiten ez dutenaz.
Bestalde, euskara ikasteko liberatuen kopurua %25 jaitsi dute. Iazko urrian Osakidetzako 231 langilek hartu zuten liberazioa lanetik, euskara ikasteko. Aurtengo urrian 173 langile izango dira, nahiz eta Osakidetzak horiek baino eskaera gehiago jaso dituen.
6. Ertzaintza
Herrizaingo Sailak lan eskaintza publikoa egin du legegintzaldi honetan, eta 260 ertzain lanpostu berrietatik 108k besterik ez dute derrigorrezko lehen hizkuntza eskakizuna, eta, gainera, euskara jakiteak lanpostua lortzeko puntuazio guztiaren %9,09 besterik ez du balio. Hori gutxi ez, eta lehen aldiz, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza baloratu dute, hau da, euskararen nolabaiteko ezagutzaren gainetik beste hizkuntzen ezagutza jarri dute.
Kritikak eragin dituzte baldintza horiek, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak «nahikotzat» jo du lehen hizkuntz eskakizuna, ertzaina izateko: «Eskakizun hori EAEko errealitate soziolinguistikora bikain egokitzen da».
7. Kontsumitzaileen dekretua
2008an onartutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideen Dekretua aldatuko du Jaurlaritzak, eta, horren bidez, ez die isunik jarriko dekretua betetzen ez duten saltokiei. Bezeroentzako establezimenduei, enpresei eta erakundeei kontsumitzaileak euskaraz nahiz gaztelaniaz artatzeko betebeharra ezartzen du araudiak, ahozko zein idatzizko komunikazioari dagokionez.
Horrez gain, dekretura egokitzeko orain arte eman dituen laguntzak heren batera murriztu ditu Eusko Jaurlaritzak: 2008an 600.000 euro banatu zituzten; iaz, 557.000 euro; aurten 200.000 eskainiko ditu.
8. Nafarroako ikastolak
Nafarroako ikastolak diruz laguntzen ez segitzea erabaki du legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak, egiteko hori euren eskumenekoa ez dela argudiatuz. Iaz 1,8 milioi euro eman zizkieten ikastolei.
9. Euskal literatura
Euskarazko literatura lanen argitalpenak laguntzeko emandako diru kopurua gutxitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Guztira, 455.404 euro emango ditu egiteko horretarako, iaz baino ia 60.000 euro gutxiago, hain justu.
Halaber, aurreneko aldiz, gaztelaniazko literatura lanen argitalpena sustatzeko laguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak: 100.000 euro.
asolaberrieta@berria.info
«Kezkatzeko elementuak» ikusi ditu Kontseiluak
Bilbaok gogorarazi du euskara ofiziala dela eta horrek betebehar batzuk dituela: «Ez dira inposizioak»
A.S.
AndoainHPSk dio murrizketa ahalik eta txikiena izan dela
5.725.000
%1,6
Euskara eskoletan «piper asko» egin ditu Lopezek
Nafarroako ETBko gastuei ez die aurre egin nahi PSEk
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
