Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:19

EUSKALHERRIA;2010-08-04;Gasak arazteko sistema izango du Zubietako errauste plantak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Odon Elorzak bisita egin dute obretara

Gasak arazteko sistema izango du Zubietako errauste plantak

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Odon Elorzak bisita egin dute obretara

Erredakzioa.

Donostia

Zubietako errauste plantara (Gipuzkoa) iristeko errepideetako lanak bisitatu zituzten atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Odon Elorza Donostiako alkateak, Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Partzuergoko lehendakariak eta Denis Itsaso lehendakariordeak. Iragarri gabeko bisita izan zen, eta ez zen komunikabiderik izan. Lanak hasiera fasean daude, eta adierazi dute errauste plantak gasak arazteko sistema izango duela, eta horri esker dioxina, Nox eta furano gas kutsagarrien emisioak legeak baimentzen duenaren kopuruen barruan egongo direla.

Errauste plantara iristeko bideetako lanak hasiera fasean daude; lurrak mugitzen eta egokitzen ari dira. Lan horiek urte bukaerarako amaituta izatea espero du partzuergoak. Errepide horiek ere etorkizunean Zubietan eraiki nahi dituzten kartzelara eta industrialdera iristeko bideak ere izango dira.

Behin hara iristeko bideak eginda, errauste planta eraikitzen hasiko dira. Orain aste batzuk, partzuergoak iragarri zuen finantzaketa lortu eta obrak egiteko lehiaketarako baldintzen plegua onartu zuela. BEZa aintzat hartu gabe, 223,3 milioi euroko kostua izango du errauste plantak, partzuergoaren arabera. Aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da. Urtarrilerako lanak adjudikatuta egotea espero dute. 2013. urtea amaitzerako lanak amaituta egotea espero dute. Finantzaketari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 127 milioi jarriko ditu, eta Europako Inbertsio Bankuak 200 milioi euroko mailegua emango dio partzuergoari. Bi finantza erakunde pribatuk maileguan utziko dituzte 90 miloi euro.

Errauste planta bost urtez ustiatu eta mantentze lanen kostua 49,9 milioi eurokoa izango da. Beste bost urtez ere luzatu ahal izango da ustiatzea, eta kasu horretan kostua 52,2 eurokoa izango da.

Partzuergoak azaldutakoaren arabera, proiektua lau fasetan egingo da: errauste plantaren diseinua eta ingeniaritza zehaztea; azpiegitura eraikitzea eta muntatzea; martxan jartzea eta segurtasun neurriak eta baldintzak betetzen dituela ziurtatzea; bost urteko ustiatzea eta mantentzea.

Errauste planta hondakinak kudeatzeko Gipuzkoan izango den azpiegitura nagusia izango dela nabarmendu du partzuergoak, eta «teknologiarik berritzaileena» izango duela. Horien artean izango da gasak arazteko sistema, Nox gasen emisioa legeak baimendutakoaren erdia izango direla adierazi dute, eta dioxina emisioa 0,07 ng/mm3-koa izango dela. Legeak 0,1 ng/mm3-ko emisioak baimentzen ditu.

Errauste plantak airearen kalitatea kontrolatzeko estazioak izango dituela berretsi dute, besteren artean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia