Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:19

EUSKALHERRIA;2010-08-01;Txikizioaren lekutik beste eredu batera. Gaur amaituko da AHTaren aurka Antzuolan aste honetan 200 lagun inguruk egin duten kanpaldia. Egungo gizarte «kapitalista eta jasangaitzari» aurre eginez, beste bizi-eredu bat lantzeko baliatu dute.

Gaur amaituko da AHTaren aurka Antzuolan aste honetan 200 lagun inguruk egin duten kanpaldia. Egungo gizarte «kapitalista eta jasangaitzari» aurre eginez, beste bizi-eredu bat lantzeko baliatu dute.

Txikizioaren lekutik beste eredu batera

Agurtzane Solaberrieta.

Abiadura handiko trenaren aurka aritzea beste gizarte eredu baten alde borrokatzea ere badela uste dute AHTaren aurkako ekintzaileek, eta egunotan Antzuolan (Gipuzkoa) egiten ari diren kanpaldia eraiki nahi duten bizi-eredu horren isla da. Topaketa parte-hartzailea izaten ari da, eta asanblearioa. «Eredu hori praktikara eramaten ari gara, urratsak egiten bide horretan», azaldu du Eiderrek, AHT Gelditu Asanbladako kideak. «Azken batean gizarte bizitza beste norabide batean oinarritu nahi dugu, egungo gizarte xahutzaileak eta kontsumistak ezartzen dituen inposizioak eta menpekotasunak errefusatuz, oso bestelakoak diren premiei eta harremanei lehentasuna emateko».

Euren ustez, gakoa da pasibotasuna amaitzea, informatzea, kontzientzia hartzea, desarrollismoaren kontrako eztabaida bultzatzea eta boterearen diskurtso «manipulatzailea» apurtzea. Hitz gutxitan, diskurtso kritikoa osatzea. Izan ere, euren arabera, garai gogorrak datozkigu, eta hausnarketa kritikorik sustatu ezean, «are gogorragoak izango dira».

Hori lantzeko, aste osoan jarduera ugari egin dituzte. Esaterako, lehen egunean ekosistemaren lehengoratzeaz eta autoaren gehiegizko erabileraz hausnartu zuten. «Autoak oso eskura ditugu, eta sarritan ez gara konturatzen ingurumenean kalte handiena autoek eragiten dutela». Lapatza eta Bikuñeta baserritan ere izan dira bisitan; baserri horiek nekazaritza ekologikotik bizi dira, eta bizimodu hori bertatik bertara ezagutzeko joan dira bertara. Mahai-inguruak ere izan dituzte, eta horietako batean krisi garaiotan azpiegitura erraldoien inguruan erakundeak lantzen ari diren diskurtso «kontraesankorraz» aritu ziren. «Irtenbidea azpiegitura erraldoi horietan diru publikoaren inbertso izugarriak egitea dela sinetsarazi nahi digute, baina bistan dago proiektu txikitzaileen ugaritzea dela krisiaren kausetariko bat». Hala, AHTaz gain, beste proiektu «suntsitzaileez» ere jardun dute, hala nola Jaizkibelgo kanpoko portuaz, koke plantaz, Zubietako errauste plantaz eta Supersur autobideaz. AHT Gelditu Asanbladak argi dauka zein den erronka: «AHTa gelditzeko borrokari eutsi behar diogu, baita gainerako proiektu suntsitzaileak gelditzekoei ere, alde askotarikoak baitira lurraren aurkako erasoak».

Baina borroka horiei ere erreparatu diete, eta orain arte AHTaren aurka izan diren ekintza eta erresistentzia ekintzez hausnartu dute. «Hausnartu nahi izan dugu zer egin dugun, nola atera diren ekimen horiek, zertarako balio izan duten, zer lortu den, eta hemendik aurrera ildo beretik jarraitu behar dugun ala ez», azaldu du Eiderrek.

«Txikizioa bertatik bertara»

Ez da kasualitatea aurtengo kanpaldia Antzuolan egin izana; izan ere, Debagoienan orain dela gutxi hasi baitituzte AHTa egiteko lanak, eta horren aurkako mugimendua berpiztu nahi izan dute inguru horretan. Hain zuzen, lanak ikusten egon ziren astearte arratsaldean Angiotartik Bergarara arteko mendi martxan. Lurrak jada mugitzen hasi dira. «Izugarrizko txikizioa egiten ari dira, eta lur mugimendua itzela da. Natura bizi zegoen leku bat hiltzen ari dira», azaldu du Eiderrek.

Atzo arratsaldean ere manifestazioan izan ziren lanak bertatik bertara ikusten Bergaran. Ehunka lagun elkartu ziren .

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia