Atez atekoak udalak dirurik gabe utziko ditu, EAJren eta H1en arabera
Debabarreneko eta Urola Kostako mankomunitateek diote atez atekoa egungo bilketa baino hiru aldiz garestiagoa dela
Oñatiko alkateak zalantzan jarri du Debagoienean egindako txostena
Agurtzane Solaberrieta.
DonostiaUrola Kostako eta Debabarreneko mankomunitateek, Debagoieneko mankomunitateko kide den Oñatiko Udalak eta Usurbilgo Hamaikabat alderdiak landu dituzten txostenen arabera, atez ateko zabor bilketak «neurrigabeko kostua» du lortzen dituen birziklatze portzentajeen aldean, eta, ondorioz, «ez da bideragarria ekonomikoki». Atzo Donostian elkarrekin egindako agerraldian kaleratu zituzten emaitza horiek, Manuel Astray Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariak (EAJ), Lide Amilibia Urola Kostako Mankomunitateko lehendakariak (EAJ), Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak (EAJ) eta Luis Mari Ormaetxea Usurbilgo H1eko zinegotziak. Mezu argia kaleratzeko batu ziren: «Atez atekoak udalak dirurik gabe utziko ditu».
Manuel Astrayk azaldu zuenez, atez atekoa Debabarrenean ezartzeak 4.878.000 euroko kostua eragingo luke; haatik, bosgarren edukiontziak 314.000 euroko kostua baino ez luke izango. Gaur egungo zabor bilketak bi milioi euroko aurrekontua duela zehaztu zuen, eta, beraz, atez atekoa abian jarriko balute, «kostuak ia hirukoiztu egingo liratekeela». Lide Amilibiak ere antzeko datuak eman zituen. Urola Kostako Mankomunitateak gaur egun 1,6 milioi euro gastatzen ditu zabor bilketarako. Zaborra atez ate biltzeak, ordea, 4.455.000 euroko kostua izango lukeela aipatu zuen. Bosgarren edukiontziak izango lukeen kostua ere kalkulatu dute: 245.000 euro gehiago.
Datu ekonomiko horiek eskuan, bi mankomunitateek ondorio argia atera dute: «Oso sistema garestia da, eta, gainera, ez ditu gaikako bilketaren emaitza onak bermatzen, Espainiako Estatuko hainbat aldetako datuei erreparatuz gero».
Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak, berriz, zalantzan jarri zuen Debagoieneko Mankomunitateak atez atekoaren bideragarritasuna aztertzeko egindako txostena. Atez atekoaren bultzatzaile den teknikari batek egin zuela zehaztu zuen, eta emaitza halakoa izan dela: «Atez atekoaren oso aldekoa eta zorroztasunik gabekoa». Haatik, haren esanetan, mankomunitateko ingurumen teknikariak «oso bestelako txostena» egin du.
Debagoienean aho batez erabaki zuten uztail hasieran atez atekoa abian jartzea, eta sistema hori epeka ezartzea adostu zuten. Antzuola izango da eskualdean sistema ezarriko duen lehen herria, urtea amaitu aurretik.
Mankomunitateko txostenak «hutsegite ugari» dituela esan zuen, eta ez dituela aintzat hartzen eskualdearen ezaugarriak. Hori «baieztatzen» duten hainbat adibide eta datu eman zituen. «Esaterako, zenbat langile beharko liratekeen kalkulatzeko, zaborra biltzen pasatuko luketen denbora ez da erreala. Edozein aldaketa txikik sei langile gehiago behar izatea eragingo luke. Aurreikuspen batzuk ere baikorregiak dira, zabor ekoizpenari edota salmentei dagozkionak». «Oker horiek zuzenduz gero», Idoiagaren arabera, atez atekoak 2.450.000 euroko kostua izango luke.
Usurbilgo datuak
16 hilabete pasatu dira Usurbilen atez atekoa abian jarri zutenetik, eta atez atekoak «udala hondamendi ekonomikora» eraman duela dio Luis Mari Ormaetxea Usurbilgo H1eko zinegotziak. Haren arabera, 2009an Usurbilgo Udalak 950.000 euro bideratu zituen zabor kudeaketarako, eta 2008an, 363.447 izan ziren. «Haatik, 2009ko abenduaren 31n, 140.000 euro baino ez ziren izan diru sarrerak. Azpimarragarria da ez duela dirurik jaso material birziklagarriak saltzeagatik». Haren esanetan, atez atekoa abian jarri aurretik, udalak esan zuen gastuen %60 zergen eta salmenten bidez estaliko zuela. «Egunerokoak esaten digu %20 ere ez dela. Horrek erakusten du ekonomikoki eutsiezina dela».
Errauste plantak udalak 30 urtez zorpetuko dituela dio ezker abertzaleak
Datu ekonomikoekin gezurretan aritzea eta Gipuzkoa errauste planten 'lobby'-ei saltzea egotzi die H1-i eta EAJri
A. S.
DonostiaAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
