Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:17

EUSKALHERRIA;2010-07-29;Ondarroako padura batean 500 etxe eraikitzeko plana gerarazi du ebazpen batek. EAEko Auzitegi Nagusiak Aieriko plana behin-behinean geratu duela esan du, pozik, planaren aurkako taldeak

Ondarroako padura batean 500 etxe eraikitzeko plana gerarazi du ebazpen batek

EAEko Auzitegi Nagusiak Aieriko plana behin-behinean geratu duela esan du, pozik, planaren aurkako taldeak

Arantxa Iraola.

EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpen batek kolokan jarri du Ondarroan (Bizkaia), Aieriko paduran, ia 500 etxebizitza berri eraikitzeko plan berezia. Behin- behinean gerarazi du egitasmo hori, hezeguneak «babes berezia» merezi duela eta hirigintza planak «atzera bueltarik gabeko» kaltea egin dezakeela ondorioztatu baitu. Ebazpenak gogorarazi du 480 etxebizitza eraikitzea dela hirigintza egitasmoaren xedea, eta horrek «ukaldi» aski bortitza eragin dezakeela ingurumen aldetik babes berezia esleituta daukan eremu horretan.

Besteak beste, inguru horretan bisoi europarrak bizi direla ohartarazi dute epaileek, babes berezia behar duten beste hainbat animalia espezierekin batera. Epai irmorik ez dago oraindik auzi honen gainean, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen honetan plazaratu duen mezuaren aurreko poza agerian utzi du Alleri Zainddu! plataformak: «Herri mugimenduak egindako ahaleginak gelditu du, oraingoz, sarraski hau».

Ebazpenak gogora ekarri du lehendik ere antzeko iritziak plazaratu izan direla hainbat erakunderen partetik. Hain justu, nabarmendu du, Bizkaiko Foru Aldundiak berak utzi izan duela agerian aipatu paduran hirigintza egitasmo bat aurrera eramateak ekar ditzakeen ondorioen gaineko kezka.

Ekologistak Martxan taldeak ere agerian utzi zuen orain aste batzuk egitasmo horren gaineko ardura. Hain justu, euskal kostaldea mehatxatzen duten egitasmoekin zerrenda bat egin, eta bandera beltzen zerrenda bat plazaratu zuen, «eragin negatibo handieneko proiektuak» aipatuz. Egitasmo horien artean sartu zuen Ondarroan, Aieriko paduran, etxebizitzak egiteko plana.

Egitasmoaren sustatzailea Ondarroako Udala da; etxe premia handia dagoela dio, eta Ekos enpresak egindako ingurumen azterketa bat baliatzen du argudiatzeko kalte ekologikoa ez dela egitasmoa bertan behera uzteko modukoa.

Mobilizazioak

Proiektuaren lehen zatiko lanak abian direla gogorarazi dute Alleri Zainddu! plataformako ordezkariek. «Topografoak lanean ari dira». Datozen aste eta hilabeteetan proiektuaren kontra jarraituko dutela nabarmendu dute, eta mobilizazioak egiteko asmoa dute. Parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Denon esku dago geure padura defendatzea».

 

Barrikabaso-Armintza arteko ingurumen balioa aztertuko du Jaurlaritzak



Bizkaiko kostan ikerketa berezi bat egingo du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso eta Armintza arteko eremuaren ingurumen balioa aztertzeko. Interes Komunitarioko Eremu gisara dago izendatuta kostaren parte hori, eta Jaurlaritzak berak onartu du «estimu berezia» duela herritarren partetik, paraje zoragarriak daudelako bertan, eta aisialdirako eremu aski erabilgarriak ere bai. Butroe ibaiko itsasadarra ere ikertuko dute azterketa horren barruan, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko adituengana jo dute martxan jartzeko. Jaurlaritzak berak onartu du hainbat proiektu egin nahi direla inguru horretan, eta «mehatxu» izan daitezkeela ekologikoki aparteko garrantzia duen toki horrentzat; aditzera eman dutenez, horregatik erabaki dute ikerketa egitea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia