HARIAN;2010-07-25;JON ANZARI OMENALDIA. Xabier Miguel Ezkerra. Euskal Iheslari Politikoen kolektiboko kidea. «50 urteko kapitala» erabaki eskubidearen alde jartzera deitu dute Anzaren omenaldian. ETAko hiru militantek agiri bat irakurri dute ezker abertzaleak Jon Anzari Ziburun egin dion omenaldi jendetsuan Anzari egindakoa argitu arte ikerketa bide guztiak jorratuko dituztela berretsi dute
«50 urteko kapitala» erabaki eskubidearen alde jartzera deitu dute Anzaren omenaldian
ETAko hiru militantek agiri bat irakurri dute ezker abertzaleak Jon Anzari Ziburun egin dion omenaldi jendetsuan
Anzari egindakoa argitu arte ikerketa bide guztiak jorratuko dituztela berretsi dute
Aitor Renteria.
Ziburu
Ezker abertzaleak Jon Anzari egindako omenaldiak ezusteko protagonistak ukan zituen. Egitarauan aurreikusirik ez zeuden hiru etakide igo ziren oholtzara, burua zuriz estalirik, beltzez jantzita, ETAren ikurra bularrean eta Euskal Herriaren armarria besoan. Anzaren argazkiaren ondoan jarri ziren bi, erakunde armatuaren ikurra eskuetan. Hirugarrenak agiri bat irakurri zuen ETAren izenean. Euskal Herriak azken 50 urteotan egin duen borrokaren kapital politikoa erabakitzeko eskubidearen alde jartzera deitu zuen.
Anzari eta Euskal Herriaren alde hildako guztiei egin dakiekeen omenaldirik onena erabakitzeko eskubidea gauzatzea dela erran zuten. Euskal Herria esperantza sor dezakeen garai baten atarian dagoela adierazi zuen, agertuz ETAren borondatea norabide horretan aitzinatzeko.
Frankismoan diseinaturiko estrategiak, Euskal Herria administraziotan zatikatzearenak, porrot egin duela nabarmendu zuen. Euskal Herri batua subjektutzat hartzen duen dinamika aktibatzera dei egin zien herritarrei, fase hori ireki ahal izateko dinamika aktibatzera herrietan.
Jon Anzaren militantzia berretsi zuten ETAko kideek. Borrokan emandako urteak, espetxean pasatu zituen hogei urteak eta berriz ere borrokara eraman zuen kemena goraipatu zuten, Euskal Herriarentzat eredugarria dela azpimarratuz. Bost minutuko testua irakurri ondoren, alde egin zuten.
«Herriak ez du barkatuko»
Ziburuko (Lapurdi) frontoia jendez mukuru betea zegoen 17:00etarako. Ikurrinekin bi lerro osatu zituzten, eta Jon Anzaren irudi erraldoi bat igo zuten oholtzara. «Herriak ez du barkatuko!» eta «Jon, gudari, gogoan zaitugu» oihuak izan ziren nagusi, ETAren aldekoekin batera.
Omenaldia hasi aitzin, ezker abertzaleak prentsaurreko bat eman zuen, omenaldia era pribatuan egin nahi zutelako, prentsarik gabe. Hor egon ziren Miren Legorburu, Tasio Erkizia eta Maite Goienetxe. Anza desagertu zen unetik, ezker abertzaleak adierazi zuen gerra zikinaren eskua zegoela horren gibelean. Gaur, susmo horiek baieztatzen direla azaldu zuen Goienetxek. «Jon bahitu, torturatu eta erail dute Espainiako indar armatuek».
Eskatu zuten hauek dituzten ardurak argitzea: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa eta Michelle Alliot Marie Frantziako Justizia ministroa. Anzak ustez zeraman dirua hartu eta alde egin zuela erran zuen Rubalcabak eta baieztatu Alliot Mariek. «Errealitateak erakutsi du gezurretan ari zirela». Ildo horretan, egia osoa jakin arte ezker abertzaleak ez duela amore emanen azaldu zuen. Anzari zer egin dioten jakin arte, ikerketa bide guztiak jorratuko dituztela.
Azpimarratu zuen Euskal Herria salbuespen egoera batean bizi dela, eta testuinguru horretan errepresio bide guztiak aktibaturik daudela, gerra zikinarena barne.
Esparru politikoaren aldaketa
«Euskal Herrian denek dakite esparru politikoaren aldaketa saihestezina dela» adierazi zuen. Marka politiko horren aldaketarako ardatzak lurraldetasuna, hitza eta erabakia direla erran zuen. Errepresioari eusteko logikatik iniziatiba politikoa hartzera pasatu behar dela adierazi zuen ezker abertzaleak.
Ezker abertzaleak azken hilabeteotan egin duen eztabaida sakona gogoraraziz, erabaki irmoa hartu duela erran zuen. «Euskal herritarren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dago, eta horrek urduri jartzen ditu estatuak». Urduritasun horrek jorratu beharreko bidea erakusten duela azaldu zuen: «Herriaren aktibaziotik, salbuespen eta ukazio egoeraren murruak hautsi eta autodeterminazio eskubidea irabazi».
Xabier Miguel Ezkerra.
Euskal Iheslari Politikoen kolektiboko kidea
Jon Anzaren heriotzak aztarna sakonak utzi ditu iheslarien kolektiboan, eta estatuen ardurak argitzea eskatzen dute.
«Minak ez gaitu herriarekiko konpromiso bidetik aterako»
A.R.
Azkaine
Jon Anzaren desagerpenak eta heriotzak samin eta dolu sakona utzi du euskal iheslari politikoen kolektiboan. Gerra zikinaren susmoak inoiz baino indartsuagoak direla diote, eta egia osoa jakiteko engaiamendua eskatzen diete eragile sozial eta politikoei. Frantziako eta Espainiako gobernuei ardurak argitzea eskatzen diete. Dolua egiteko unean eta ardurak argitu gabe, ezker abertzaleak ziklo berri baten alde egindako apustuaren sendotasuna adierazten duela dio.
Anzaren gorpua Euskal Herrira heldu da azkenean. Zein da iheslarien kolektiboaren sentipena?
Sentimendu latza. Lagun bat, kide bat, hilotzik dago gure aitzinean. Desagertu zenetik hamabost hilabetera ez dakigu oraindik zer egin dioten. Egiaren aldarria nagusitzen da. Gure galderek erantzunik gabe segitzen dute. Historiari so eginez jakin badakigu zer gertatu zaion Joni, zeinen eskuetan egon den. Pentsa dezakegu zer egin zioten haien hatzaparretan erori zelarik. Uzten duen sentimendua sakoneko mina da. Norberak senti dezakeen beldurra estaltzeraino heltzen den mina. Kolektiboko edozein kidek haien hatzaparretan erortzeko arriskua dauka. Frogatu dute zer egiteko gai diren. Min horrek ez gaitu itsutzen, ez gaitu aterako herriarekiko hartu genuen konpromiso bidetik.
Zerraldoaren aitzinean gerra zikinaren susmoa berretsi duzue. Zertan oinarritzen dira susmo horiek?
Estatuek nabarmen baliatu izan dute gerra zikina historian. Une politiko garrantzitsuenetan areagotzeko joera izan dute. Jon desagerturik egon da hamaika hilabetez. Ez da deus argitu. Gerra zikinaren susmoak areagotu baino ez dira egin. Orain gertatzea ez da kasualitatea. Bi estatuek beldurra diote une horri, eta, ohi denez, tresna guztiak aktibatu dituzte gure indarra oztopatzeko. Beldurra areagotzeko, informazioa ateratzeko eta gure jardun politikoa baldintzatzeko baliatu dute gerra zikina. Presoekin egiten ari direna haien baldintzak gogortuz, presioa mugaraino eramanez, zer da gerra zikina ez bada? Sailez sail, tentsioa mugaraino eramateko hautua egin dute berriz ere.
Ardurak argitzea eskatu zenuten hasieratik, baina erantzunik ez dago.
Estatuek baliabide guztiak martxan ezarri dituzte Jonen kasua estaltzeko. Agian egunen batean jakinen dugu zer gertatu den eta zergatik agertu den horrela. Susmorik beltzenak gauzatu dira, eta berriak eragin. Mahai gainean kide baten gorputza dugu. Hamaika hilabetez egon da administrazioaren pean. Nor zen ez zekitela diote. Sinesgaitza egiten zaigu. Konplizitate maila bat agerian dago. Isilpean gordez, Rubalcabaren eta Alliot Marieren tesiak bultzatzeko saioa egin dute. Bere kabuz alde egin zuela ez dakigu zer dirurekin, barne gatazkaren batean desagertu zela. Haizeak hautsa daraman bezala deuseztatu dira tesi horiek, baina arreta horretara bideratu nahi zuten.
Eragileen presioa handituko da?
Egiaren aldarria ez da geldituko. Hasieratik ozen eta irmo jakinarazi genuen ez ginela geldituko eragile sozial eta politiko guztien ateak jo eta egia lortu arte. Bide horrek eramango gaitu egia jakitera.
Frantziako Giza Eskubideen Ligak egia osoa jakiteko eta prokuradoreen jokabidea aztertzeko eskatu dio Alliot Marieri. Presio politikoak lor dezake egia azalaraztea?
Hori da bidea. Euskal Herrian hasi zen presio hori. Etengabe ate joka ibili dira eragileak, eta zenbait ate irekitzea lortu dugu. Pariseraino heldu da. Hautetsi batzuk kasuaren larriaz ohartu dira, kazetari batzuen kezkak piztu dira. Bide judiziala abian dago, eta sona handiko taldeak daude so. Susmoak, instrukzio okerrak eta prokuradorearen txostenean dauden hutsegite ulertezinak atzamarrez erakutsi dituzte. Eragile politiko guztiek, etxekoetatik hasita, Jonekin zer gertatu den galdetu beharko dute. Erantzun zehatzak eman behar dituzte bi estatuek. Auzibidea hor dago. Mugimendu susmagarriak egin dituzten polizien inguruan argitasunak eskatu behar dituzte; adibidez, Tolosako hotel batetik pistolak utziz alde egin zuten guardia zibilen inguruan. Argipena egin gabe afera hau sekula ez da itxiko. Zapatero, Sarkozy, Rubalcaba eta Alliot Marieren ardurak argitu behar dira. Alliot Marieri dagokionez, jakinez Barne eta Justizia ministerioa kudeatu dituela, ez badaki zer gertatu den, larria da. Jakin ez badu, zerbait badaki, eta dakien hori babesten du. Jon estatu frantsesean zein zerbitzuren eskuetan egon den jakin behar du. Esan behar du, eta hartu beharreko neurriak hartu.
Urte luzeotako gatazkaren argazkia erakusten du Anzaren gorpuak. Kasua argitzeko borondateak ziklo politiko berri baten aukera indartu dezake?
Lagundu edo eragotzi baino gehiago, Jonen kasuak errealitatearen argazki latza uzten digu. Herri honek eta bereziki ezker abertzaleak ziklo politiko berri baten alde egindako apustua sakona da. Joni dagokionez, apustuaren indarra handitzen da. Borondate hori ozen eta argi adierazi du ezker abertzaleak. Batzuek biktimak politikoki gehiegitxo erabiltzen dituzte, baina erailketa politiko hori dago mahai gainean. Borondate sendoa erakutsi da Jon desagerturik zenean, eta hilik agertu denean berretsi. Apustua baldintza hauetan egiten bada, oinarri sendoak dituela erakusten du. Estatuak egiten ari diren saioek, atxiloketek, espetxeetako presioak eta gerra zikinak xede bakarra dute, prozesu hori oztopatzea eta indarrak kentzea. Jonen gorpua mahai gainean delarik, prozesu hau ez da ahuldu. Indartuko den edo ez, herriak berak erakutsiko du datozen hilabeteotan. Ireki ahal den aukera horren beldur dira estatuak. Jonek lema argia utzi digu. Ezina ekinez egina zioen lelo zaharra bere egin du, eta horri jarraikiz, herri honek jakingo du ontzia nahi duen norabidean gidatzen, traba eta oztopo guztiak gaindituz.
Jon Anzaren desagertzearen kronologia
2009
Apirilak 18. Jon Anza desagertu zen.
Apirilak 24. Senideak kezkatzen hasi ziren: minbizia zuen Anzak, Bordeleko erietxean ordua hartua zuen egun horretarako, baina ez zen agertu.
Maiatzak 15. Abokatuek salaketa jarri zuten Baionako auzitegian, bilatzeko prozedura hasteko.
Maiatzak 21. ETAk agiria kaleratu zuen esanez Anza ETAko kidea zela, eta «gerra zikinarekin» lotu zuen desagertzea.
Maiatzak 22. Rubalcabak eta Aresek salaketa gezurtatu zuten. Egun berean, Anne Kayanakisek, Baionako fiskalak, desagertzeari buruzko ikerketa agindu zuen.
2010
Martxoak 11. Ofizialki jakin zen Jon Anza hilda zegoela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. 2009ko maiatzaren 11n hil zela, eta ordutik han zegoela.
Martxoak 15. Anzari lehen autopsia egin zioten, senideen konfiantzazko medikurik gabe.
Martxoak 18. Anza apirilaren 18an Tolosara iritsi zela ziurtatu zuen Baionako fiskalak, eta aurreikusia zuen heldulekura iritsi zela.
Uztailak 23. Gorpua Ziburura ekarri zuten, lur emateko.
50
Lili eskaintza. Jon Anzari 50 lili eskaini zizkioten. Banan-banan, erakunde, belaunaldi, eta herrialde askotako ezker abertzaleko kideak, preso ohiak eta iheslariak oholtzara igo eta lili bana utzi zuten Anzaren argazkiaren ondoan, familiari elkartasuna adieraziz.
Iheslarien eta presoen hitza Anzaren nortasunaren lekuko
Jon Anzak Espainiako espetxeetan emandako hogei urteak ez dira presoen gogoetan ezabatu. Anzarekin presondegian egondako preso ohi batek haren izaera xumea jorratu zuen. Musikarekiko maitasuna eta ikasteko irrika. Euskara ikasteko ezarri zuen grina hainbat arlotan aitzina egiteko irrikarekin erkatu zuen. Iheslari batek Sarrionandiaren poema baten hitzak gogorarazi zituen: «Kartzelan egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti». Izan ere, Anzak berak aitortu zion presondegian zelarik, gorputza zuela preso eta gogoa libre. Lapurdin, aldiz, gorputza libre zuela baina gogoa espetxean gelditu ziren lagunekin zeukala. Anzaren nortasunean elkartasuna eta engaiamendua nabarmendu zituen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak