Dekretuaren laguntzak murriztu eta isunak kenduko ditu Jaurlaritzak
Lourdes Auzmendiren hitzetan, euskararen normalizazioa «limurtzetik» heldu da, eta «inposizioak» baztertzearen alde egin du
Jaurlaritzak urtebeteko atzerapena baliatuko du dekretuan aldaketak egiteko
Maite Asensio.
BilboEusko Jaurlaritzak ez die isunik jarriko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideen Dekretua betetzen ez duten saltoki eta enpresei. Araudi horren aplikazioa atzeratzea erabaki zuen asteartean Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, baina neurriaren helburua ez zen enpresei zerbitzuak euskalduntzeko denbora gehiago ematea. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendik atzo Bilbon eginiko agerraldian azaldu zuenez, arnasa hartzea da erabaki horren xedea; izan ere, gobernuak astia behar du dekretua aldatzeko, isunak zehazten dituzten atalak indargabetzeko. Horrez gain, dekretura egokitzeko orain arte eman dituen diru laguntzak heren batera murriztuko ditu Jaurlaritzak. 2008an 600.000 banatu zituen; iaz, 557.000 euro; aurten 200.000 euro eskainiko ditu.
2008ko uztailean onartu zuen dekretua Juan Jose Ibarretxeren gobernuak. Bezeroei zabaldutako establezimenduei, enpresei eta erakundeei kontsumitzaileak euskaraz nahiz gazteleraz artatzeko betebeharra ezartzen die araudiak; tamaina eta langile kopuruarekin lotutako baldintza zehatz batzuk dituzten enpresei eragiten die: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2.000 enpresa ingururi.
Dekretua onartu zeneko Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi zuen araudiaren helburua ez zela isunak jartzea; hala ere, PSE-EEk eta PPk dekretua indargatzeko eskatu zuten. Astearteko albisteak eragindako zurrumurruen aurrean, «lasaitasun mezua» eman zuen atzo Lourdes Auzmendik: «Dekretua ez da bertan behera geratuko, baina aldaketak behar ditu. Zigorrak kenduko ditugu, eta sustapen politikak bultzatuko».
Beraz, dekretuaren 18. artikulua, isunak jartzea aurreikusten duena, indargabetu egingo du Jaurlaritzak. Neurri bera hartuko du Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Legearen 50.6 artikuluan, hizkuntz eskubideak ez errespetatzeagatik zigorrak ezartzeko prozedura xedatzen baitu. Lege horretan jasotzen diren beste urraketen aurkako zigorrak, ordea, mantendu egingo dira.
«Ez gaude elkarri oztopoak eta inposizioak jartzeko egoerarik onenean, eta ezinbestekoa da elkarri babesa ematea», erantsi du Auzmendik. Izan ere, sailburuordearen hitzetan, «eragileak euskararen kontra jartzea ekar dezake inposizioak». Hortaz, euskararen normalizazioa «limurtzetik» etorriko dela gaineratu du: «Euskaraz funtzionatzea erakargarri bihurtu behar dugu, enpresei jakinarazi balio erantsia dela».
Edonola ere, Auzmendik onartu du arlo sozioekonomikoko zenbait enpresa eta erakundetan «urduritasuna» eragiten zuela dekretuak, eta beraz, «lasaitasuna» ekarri diela zigorrak kentzeko erabakiak. Hartara, dekretuaren aplikazioa enpresen borondatearen araberakoa izango da, eta orain arteko emaitzak ez dira oso baikorrak izan. Izan ere, bi urtean 38 enpresak baino ez dute eskuratu dekretura moldatzeko diru laguntza, nahiz eta araudiak 2.000 ingururi eragiten dien.
Ildo horretan, Iban Igartua Koordinazio zuzendariak «progresibitateari» erreparatzeko eskatu du: «Ahalik eta oreka sendoena aurkitu behar dugu, hizkuntz eskubideen errespetuaren eta horien atzean dagoen obligazioaren artean. Obligazio hori garatzean egon daitezkeen erritmo ezberdinak kontuan hartu behar dira».
Laguntza aurreikuspenik ez
Lan munduan euskara indartzeko «neurriak hartu beharra» nabarmendu du Lourdes Auzmendik. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza baliabideak jartzen ari dela esan du, baina baliabide horietan ere murrizketak egon dira. Izan ere, 2008an dekretua indarrean jarri zenetik, urtero 600.000 euroko diru laguntza banatu du Jaurlaritzak. Laguntza hori LanHitz programan txertatuko da aurten, eta 200.000 eurora mugatuko da. Igartuak azaldu duenez, «2010eko aurrekontuan ez dago dekretuarekin lotutako diru laguntzarik».
Ziurtagiriak bateratzea aztertzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Bai Euskarari
Zenbakia
600.000
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
