Anzari lehen harrera egin diote Ziburun familia eta adiskideen beroan
Ikurrin lerroen erditik sartu zuten Anza gorputegira, ezker abertzaleko ehunka kideren txalo artean
Aitor Renteria.
ZiburuArratsaldez, 15:30ean heldu zen Jon Anzaren gorpua Ziburuko (Lapurdi) gorputegira. Ezker abertzaleko ehunka lagunek txaloka agurtu zuen gorpua. Zerraldoaren gainean, lore sortak eta mezu bakarra, Jon, agur eta ohore. Ikurrinen artean egin zioten pasabidea gorpuari, Jon, gudari, gogoan zaitugu! oihukatuz. Lagunek eta senideek lepoan sartu zuten zerraldoa gorputegira. Ikurrin bat zeukan gainean eta dolu xingola.
Txalapartaren hotsek hasiera eman zioten omenaldiari. Hiru dantzarik ohorezko aurreskua egin zioten. «Dagoeneko uxatu dira genuen hainbat zalantza» kantatu zuen bertsolari batek agurrean, lehen aipamenetik kokatuz euskal herritar anitzek aspalditik zeuzkaten susmo eta sentipenak. Ondotik, Askatasunako kide batek hartu zuen hitza, eta Anzaren gorpuari eta haren senideei mintzatu zitzaien.
«Azkenean Jon Euskal Herrira ekarri dugu» erran zuen zerraldoaren ondoan. 2009ko apirilaren desagertu zenetik, jendaurrean adierazitako susmorik beltzenak bete direla erran zuen. Hamabost hilabeteren buruan gorpua ekartzea lortu dute senideek, haien dolua intimitatean gauzatu ahal izateko.
Espainia eta Frantzia errudun
«Zure bahiketa eta heriotzaren inguruko zehaztapen guztiak ez ditugun arren, badakigu zer gertatu zaizun eta badakigu zein diren errudunak; Sarkozy, Zapatero, Alliot Marie eta Rubalcaba». Michelle Alliot Marieren aipamen zuzena egin zion ondoren, gogoratuz Anza desagertu zelarik Frantziako Barne Ministroa zela, eta agertu zelarik, Justizia Ministroa. Lehenik, Guardia Zibilak Frantzian egiten duen jardunari inpunitatea eskaintzea leporatu zion. Bigarrenik, jardun hori babestea leporatu zion Alliot Marieri.
Anzaren familiarekiko mespretxua agertu izana salatu zuen Askatasunako kideak, «hilketaren gainetik gezurrak, trufa eta mespretxua izan baitira arduradun politikoen adierazpen bakarrak». Euskal Herria desagerrarazteko estrategian edozer egiteko prest egotea leporatu zien Frantzia eta Espainiako gobernuburuei. Ipar zein Hego Euskal Herrian izan diren militante politikoen bahiketak beldurraren estrategian sartu zituen. Gogora ekarri zituen, orobat, Jean Louis Larre Popo, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur eta Jose Miguel Etxeberria Naparra militanteen desagertzeak. Gerra zikinaren lerro zuzenean sartu zuen Anzaren desagertzea eta heriotza.
Estatuek indarrean ezarri duten beldurraren estrategiaren aitzinean, Euskal Herriaren borondatea dagoela azpimarratu zuen. Herriaren borondatea zapaltzeko, beldurraren estrategia garatzea leporatu zien Estatuei, «herri honen konpromisoen beldur» direlako. Testuinguru horretan, Anzari berari mintzatuz, haren heriotza agian azkena izanen dela erran zuen. Estatuak konponbidearen eta konpromisoaren beldur direla nabarmendu zuen. «Dena, dena eginen dugu, Jon, zure heriotza azkena izan dadin». Konponbiderako noranzkoan, argi egitea exijitu zuen Askatasunako kideak.
Anzaren senideentzako hitz beroak ukan zituen, Anza desagertu, hilik agertu eta Euskal Herrira ekarri arte erakutsitako duintasunarengatik. Egia osoa egiteko aldarrian, erakutsitako kemena eskertu zien.
Arratsaldean Ziburun 17:00etan eginen den ekitaldira joateko deia egin zuten, eta Eusko Gudariak kantatuz bukatu omenaldia. Lurperatu arte, gorpua Ziburuko gorputegian egonen da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
