EEPren sei urteko lanari oniritzia eman diote Parisko ikuskariek
Datozen sei urteetan EEPren jarduna mantentzea eta interes publikodun egitura gisa gordetzea proposatu diote Frantziari
EEP osatzen duten partaideen oniritziaren ondoren, prefetak ebatzi behar du luzamena
Aitor Renteria.
BaionaParisko gobernuaren ikuskariek begi onez ikusi dute Euskararen Erakunde Publikoak azken sei urteotako jarduna. Egituratzea, hizkuntza politikaren hezurdura, garatutako ildoak eta elkarkidetza eredua goraipatu dituzte. Horretan oinarrituz, EEPren jarduna bertze sei urtez bideratzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari, gaur egun interes publikodun egitura atxikiz. «Euskararen egoera eta geroari buruzko azterketak Estatuaren zigilua du, eta izugarriko garrantzia du horrek», nabarmendu zuen atzo Max Brisson EEPko presidenteak, txostena aurkezteko egindako agerraldian. Frantziako Barne, Kultura eta Hezkuntza Ministerioen izenean aritu izan dira ikuskariak.
Elementu baikorrak
Xede argiak finkaturik
Ikuskariek elementu baikortzat hartu dituzte EEPren sorrera bera eta elkarkidetzan oinarrituriko jarduera. EEPri esker hizkuntza politikak «hats berri bat» hartu duela erran dute ikuskariek. Hizkuntza politika egiteko tenorean jarduera motak «egokiak eta eraginkorrak» izan direla uste dute. Estatuak, Akitaniak, Kontseilu Nagusiak eta euskal kulturaren aldeko herriarteko sindikatuek osatzen dute EEP, hautetsien kontseiluarekin batera. Diru sarrera handiena lehen hirurek bermatzen dute. Ordainketan ez ezik erabakiak hartzeko tenorean eta jarraipenean egitura hori eraginkorra izan dela ondorioztatu dute ikuskariek.
Transmisio alorrean eragin nahi izan du EEPk nagusiki. Horren adierazle izan zen Frantziako Hezkundeak eta Kontseilu Nagusiak izenpeturiko akordioa.
Euskalgintzako gizarte eragileekin egin elkarlana goraipatu dute ikuskariek, «harremanak arrazionalizatu eta gardentasunez» garatu dituelako. Eusko Jaurlaritzarekin gauzatu duen elkarlana eta hitzarmenak ere emaitza «garrantzitsuak» direla azpimarratu dute.
Oro har, EEPk osatu duen hizkuntza politikaren hezurdura, finkatu dituen lehentasunak, norabideak eta programa zehatzak begi onez hartu dituzte ikuskariek. Diru mailan ere balia zezaketen funtsa gardentasunez eta abantzu osoki erabili dela azpimarratu dute.
Zailtasunak
Borondate soilaren mugak
EEPren aurrekontua mugatua da, eta, ondorioz, ezin dira bertatik diruztatu euskararen aldeko ildo eta xede guztiak. Ildo batzuk garatzea EEPren eginkizuna bada ere, bertze batzuk administrazioen eskumenak direla nabarmendu dute ikuskariek, bertzeak bertze, langileen formazio jarraikia. Hizkuntza politika gauzatzeko tenorean, zeharka eragitea funtsezkoa dela nabarmendu dute ikuskariek.
Brissonek gogoratu du EEPk plantan ezarri duela teknikarien sarea. Bizi publikoan eragin ahal izateko, ordea, erakunde guztiek formazio jarraikia baliatzeko aukera beharko luketela dio. Alta, formazio jarraikia kudeatzen duten egiturek ez dute diruztatzen euskara ikastea. Herriko etxeek dagokien partida ordaindu behar diote formazio jarraikia bermatzen duen funtsari, baina ezin dute diru hori baliatu haien langileen prestakuntzan. «Herriko etxeak eta EEPk berak birritan ordaindu behar dute langileen euskarazko formazioa», deitoratu du Brissonek.
Palanka eragina lortu ahal izateko, EEPk berak diruztatu ez baizik bertze erakundeetan eragin beharko lukeela azaldu dute ikuskariek. Hori lortu ahal izateko, EEPk lan talde murritzegia duela ohartarazi dute.
Gomendioak gerora begira
Egitura sendotu eta indartu
Euskararen alde egin den hizkuntza politikaren emaitzak «handiak» izan direla diote ikuskariek, hezkuntza arloan bereziki. Alta, EEPk berak azpimarratu duen moduan, funtsezkoa da erabileran eragitea. Diagnosi horrekin bat egiten dute ikuskariek. Transmisio soilean egindako lana indartzeko eta erabileran eragiteko EEPren luzamena funtsezkoa dela diote. EEP osatzen duten eragile guztien lankidetzak orain arteko ereduan segitu behar duela azpimarratu dute. Funtsean, egitura eta lan taldea indartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da bakoitzak jartzen duen dirua emendatzea.
Diru ekarpenean ere ohar zehatza egin dute. Partaideen arteko oreka atxikitzea hobesten dute, bere ekarpena txikitzea erabaki lezakeen erakundearen jarrera aldatu eta elkartasun irizpideak baliarazteko. 2010-2016ko eperako, EEPren hitzarmen sortzaileari egokitzapen mugatuak ekartzea gomendatzen dute -elkargoaren izen ofiziala, langileen estatusa-.
Frantziako Gobernuko komisarioen betebeharrak argitzeko eskatzen dute, frantsesak eta Frantziako Hizkuntzen Ordezkaritza Nagusiak EEPri begira duten eginkizuna zehaztuz. Adierazpen horren gibelean, orain artean atzemandako trabak gainditzeko bidea erakusten dute ikuskariek. EEPren hizkuntza politikari trabak ezartzen dizkioten erakundeei jarrera aldatzeko eskatzea litzateke eginkizuna.
Halaber, ikus-entzunezko egitura publikoetan euskarak presentzia handiagoa behar duela erran dute adituek. Zentzu horretan, dei berezia egin diete France3 eta France Bleu telebista kateei, ildo hori har dezaten.
Frantxua Maitia EEPko presidenteordeak Brissonek EEPren sorreran eta horren egituraketan egindako lana eskertu zuen. Erakundeko partaide guztien adostasuna lorturik, gainerako erakunde publikoek eta enpresa pribatuek ere haien eginkizuna bete behar dutela nabarmendu zuen. «EEPk ezin du den-dena egin, bertze erakundeek ere dagokien partea egin beharko dute».
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, sartu webgune honetan:
www.mintzaira.fr
Egutegia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
