Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:12

EUSKALHERRIA;2010-07-21;Zaborra ongarri bihurtzeko erak. Zabor organikoaren digestio anaerobikoa ohiko konpostatze erarekin erkatu dute EHUko ikastaroetan

Zaborra ongarri bihurtzeko erak

Zabor organikoaren digestio anaerobikoa ohiko konpostatze erarekin erkatu dute EHUko ikastaroetan

Arantxa Iraola.

Donostia

Katalunian dihardu Teresa Guerrerok (1963, Bartzelona), Kataluniako Hondakinen Agentzian, hondakin organikoei ematen zaien tratamenduaren arduradun. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan, atzo, konposta egiteko Katalunian erabiltzen dituzten sistemetako bati buruz jardun zuen: digestio anaerobikoaz. Konposta egiteko era ohikoarekin erkatu zuen sistema hori. «Airerik gabe egiten da, hori du bereizgarri nagusia», azaldu zuen. Emaitzak ere ezberdinak izaten dira bi prozesuotan. Konpostatzearekin, hondakin organikoak konpost bihurtzen dira; digestio anaerobikoarekin, energia ere bai. «Digestioaren bidez biogasa ere sortzen da. Energia berriztagarria da; elektrizitate iturri bihur daiteke, edo erregai gisara ere erabili izan ohi da».

Printzipioz, zabor organikoak tratatzeko sistema horren ondorioz sortzen den konposta ez da konpostatze planta ohikoetan sortzen dena bezalakoa, eskasagoa da. «Amoniako gehiago lurrintzen du». Behar bezala tratatuta, ordea, behin zaborra biogas iturri gisara erabilita, berriro tratatzen da; hartara, amoniako lurrintzeak saihestu eta produktu kalitatezkoa lortzen dute. «Konpost egokia lortzen dugu, nekazaritzan erabiltzeko egokia».

Beti ere, jakina, azken emaitza horretara heltzeko, ezinbestekoa da soilik zabor organikoarekin lan egitea. Gainerakoan, konpostaren kalitateak behera egin ohi du. Zabor organiko nahasia duen zaborrarekin ere konpostatze proiektuak egiten direla gogorarazi du Guerrerok, baina argi izan behar dela konpost hori ezingo dela inoiz lurlangitzan erabili: «Bestelako erabilerak eman dakizkioke: errepideetako pendoitzetarako, berritu nahi diren errepideetarako, eta abar».

Katalunian zabor organikoa tratatzeko 20 planta daude gaur egun martxan. «Horietatik lauk digestio anaerobikoa egiten dute, eta ondoren konpostatzea; gainerakoek soilik konpostatzea egiten dute». Era horretako plantek, ezin uka, mesfidantza eragiten dute inguruko bizilagunen artean. Argi dauka hori Guerrerok, eta informazio egokia emateaz gain hainbat neurri hartu behar direla dio: «Plantak handiak badira, eta inguruan jendea bizi bada, prozesuaren hainbat parte oso ondo prestatu behar dira. Ondo mugatu eta itxi behar dira zaborra biltzeko tokia eta deskonposizioa egitekoa; itxituretan egin behar dira biak, eta sortzen diren gasak tratatu egin behar dira, usaina saihesteko».

Prozesu hori behar bezala egiteko, konposta egiteko ohiko eran bezalaxe, lehengaia giltzarria denez, aurreko prozesuaren aparteko garrantziaz ohartarazi du: «Kalitate oneko hondakin organikoak behar dira; hori soilik gaikako bilketaren bidez lortzen da».



Atez atekoa

Katalunian urteak daramatzate zaborra biltzeko hainbat sistema erabiltzen. Guerrerok argi dauka zabor organiko kalitate gorenekoa ematen duen sistema zein den: «Atez atekoa». Sistema hori ezarrita dagoen lekuetan primerako ondorioak ikusi dituzte. «Emaitzarik onenak izaten dituena bilketa sistema da, zalantzarik gabe». Zenbait tokitan, atez atekoari esker, zabor organikoarekin batera bilduriko material desegokiak %1 baino gutxiago izatea lortu dute: «Benetako luxua da».

Hori bai, atez atekoa hautatze hutsak ez duela deusetarako balio esan du. Ondoren, behar bezala ezartzea eta herritarren artean gizarteratzea ezinbestekoa da. «Sistema ondo ezarri ez den lekuetan, oso bestelako esperientziak ere izan ditugu».

Atez atekoa lehenetsi arren, bestelako bilketa ereduekin ere aski emaitza onak lortu izan ohi dituztela dio. Esaterako, kalean organikoa biltzeko jarritako edukiontzien bidez ere lortu izan ohi dute bilduriko material desegokiak %9 baino gutxiago izatea. «Eta hori ere ez da baztertzeko moduko datua». Finean, eredu guztiak egokiak izan daitezkeela uste du: «Teknikariek, eta herritarrek, oro har, ondo barneratuta edukitzea da gakoa; ondo egitea».

Errausketa

Badu Gipuzkoan atez atekoaren alde hainbat udalerrik egindako urratsen berri. Positiboki. Nolanahi ere, Katalunian duten esperientziaren arabera, errauste plantarik gabeko eredu bat nekez lor daitekeela dio Guerrerok. «Dena ondo eginda ere, beti egongo da zabor ehuneko bat tratatu ezin dena, eta hor errauste plantei egin behar zaie leku». Egun, esaterako, berak kudeatzen duen programan, zabor organikoaren %10 jasotzen dute Katalunian sailkatuta, eta%55era heltzea dute xede. «Gainerakoa hor geratuko da, eta beste hainbat zabor ere bai; atez atekoak, gaikako bilketan emaitza askoz hobeak lortzea ekarriko du, bai, baina inoiz ez da dena bilduko».

Atez atekoak herri txikietan emaitza hobeak izaten dituela uste du: «Baina hirietan ere egin daiteke; auzoz auzo, esaterako». Organikoaren bilketan, batez ere, ekoizle handiei begira jardutea defendatzen du, esaterako, jakiak ekoizten dituzten enpresetan. «Hor lan handia dago egiteko».

 

Konpostatzea sustatu nahi du Nafarroak, erraustearekin batera



Iruñerriko Mankomunitateko Ingurumen arduraduna da Alfonso Amorena. EHUko ikastaroetan mintzatu zen atzo konpostatzearen gainean. Esperientzia badute. Montejurrako mankomunitatea bide urratzailea izan da konposta egiten Nafarroan, eta Carcarren horretarako planta dute. «Aitzindaria da». Aratzurin ere beste planta bat dute konposta egiteko. «Eta biometanizazio planta bat dago Tuteran, oraindik konpostik egiten ez duena». Oraindik bide horretan aurrera egin daitekeela uste du. «Eta halaxe jasotzen du Hondakinen Kudeaketarako Plan berriak», azaldu du. Berriki onartu du Nafarroako Gobernuak plan hori, eta erakustaldi publikoan dago. «Konpostatze planta bat egin nahi da gaikako bilketaren bidez funtziona dezan». Gaikako bilketa sistema zein izango den ez dutela argi dio. «Erabaki egin beharko da: Gipuzkoakoa izango den, bosgarren edukiontziarekin, edo atez atekoa, edo Kataluniakoaren parekoa...». Errauste planta ere egin asmo dute, ordea. «Birziklatu ezin denarentzat, behar da».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia