Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:12

EUSKALHERRIA;2010-07-21;Greenpeacek dio errausketak udalak zorpetu eta ingurumena kutsatzen duela. Birziklatzeak eta gaikako bilketak %39 lanpostu gehiago sortzen ditu, talde ekologistaren arabera

Greenpeacek dio errausketak udalak zorpetu eta ingurumena kutsatzen duela

Birziklatzeak eta gaikako bilketak %39 lanpostu gehiago sortzen ditu, talde ekologistaren arabera

Erredakzioa.

Donostia

Greenpeacek salatu du hondakinen errausketak ondorio kaltegarriak dituela ekonomian eta ingurumenean. «Kutsatu, lanpostuak kendu eta udalak zorpetu besterik ez du egiten hondakinak kudeatzeko sistema horrek». Talde ekologistako kide Julio Barearen arabera, hondakinak kudeatzeko sistemarik «txarrena» da erraustea. Greenpeacek errauste plantak egiteko proiektu guztiak geratzeko eskatu du, tartean Zubietakoa.

Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian dauden hamar errauste plantak aztertu ditu Greenpeacek txosten batean, eta atzo eman zuen horren berri Donostian. Talde ekologistak emandako datuen arabera, erretzen duten tonako, udalek 63,20 euro ordaindu behar dituzte batez beste. Kopuru hori, hala ere, 140 eurora irits daiteke. Zaborra errauste plantara eramaten duten udaletako herritarrek %30 garestiago ordaintzen dute zaborren tasa, eramaten ez duten herritarrek baino.

Errauste planta horietan 2 milioi tona hondakin erretzen dira urtean, eta 568 langilek egiten dute lan. «Birziklatzea eta gaikako bilketa bultzatzen duten atez ateko sistema gisakoek %39 lanpostu gehiago sortzen dituzte errauste plantek baino», azaldu du Greenpeacek.

Laguntzak

Energia sortzeagatik gobernuek errauste plantei dirua ematea salatu du , halaber, Greenpeacek. Espainiako Gobernuak, adibidez, 37,8 milioi eman zizkien iaz. «Zaborra erretzen lortzen den energia ez da berriztagarria, eta salbuetsita geratu beharko litzateke laguntza horietatik». Gainera, ingurumenean eragiten dituen «benetako ondorioengatik» zaborrak erretzearen tasak %70 igotzea proposatu du Greenpeacek. «Horri esker erraustearen sistema indarra galduz joango litzateke, gero eta gutxiago izango bailirateke horren alde egingo luketenak». Zubietako errauste planta gisako proiektuen arriskuez ohartarazi du Bareak. «Azkenean, birzikla daitezkeen hondakinak ere erratzen dituzte».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia