Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:11

EUSKALHERRIA;2010-07-21;Euskalduntzeko beste urtebeteko epea eman die saltokiei Jaurlaritzak. 2008an onartutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideei Buruzko Dekretua aldatu du

Euskalduntzeko beste urtebeteko epea eman die saltokiei Jaurlaritzak

2008an onartutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideei Buruzko Dekretua aldatu du

Agurtzane Solaberrieta.

Jaurlaritzak, oraingoz, ez dizkie isunak jarriko establezimendu publikoei kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak urratzeagatik, eta beste urtebeteko epea eman die euskalduntzeko. Epea zabaldu ahal izateko, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideei Buruzko Dekretua aldatu behar izan du. Atzo aldatu zuten Gobernu Kontseiluan.

2008ko uztailaren 1ean onartu zuen Juan Jose Ibarretxeren gobernuak dekretu hori, eta uztailaren 17an sartu zen indarrean. Dekretu horrek betebeharra ezartzen die establezimendu publikoei, enpresei eta erakundeei kontsumitzaileak euskaraz nahiz gaztelaniaz artatzeko, idatzizko nahiz ahozko komunikazioari dagokionez. Orotara, 2.000 enpresa ingururi eragiten die. Dekretua betetzeko zenbait epe zehazten ziren, eskakizunen arabera eta sektore batetik bestera. Hala, urtebeteko epea eman zitzaien enpresa batzuei, eta bi, hiru edo lau urtekoa beste batzuei. Epe horiek aintzat hartuta, enpresa batzuk dagoeneko euskaldunduta behar zuten, eta, hala egin ezean, zigorrak aurreikusten zituen dekretuak. Atzo, agentzia batzuek jakinarazi zutenez, dekretuak 3.000 eta 600.000 euro arteko isunak jasotzen omen ditu. Orduko Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, ordea, inoiz ez zuen kopuru horiez hitz egin, eta ziurtatu zuen isunak ez zirela inoiz 500 euro baino gehiago izango.

Abagune egokienaren zain

PSE-EEren Jaurlaritzak ez du asmorik isunik jartzeko, «errealitate soziolinguistikoak horretarako abagunea ez duelako eskaintzen». Horregatik, urtebetez atzeratu du dekretua betetzeko betebeharra. Epe hori amaituta zer egingo duten ez dute argitu. Enpresek urteotan diru laguntzak jaso izan dituzte, euren establezimenduak euskalduntzeko. Jaurlaritzak urtero 600.000 euroko deialdia egin izan du.

Jaurlaritzak euskara gizartearen arlo guztietan erabil dadin onartu du, «pausoak ematen jarraitu» behar dela. Dena dela, euren ustez, «gaur egun ez dago baldintza egokirik zehapenak ezartzeko».

 

Dekretua



ENPRESA ETA SALTOKIAK

Komunikazioa eta telefonia.

Trenbide eta errepideko garraio publikoa.

Aireportuak.

Energia elektrikoa.

Gas naturala.

250 langiletik gora eta urtean 50 milioi euroko negozio bolumena izatea.

Salmentak egiteko gunearen eremua 400 metrotik gorakoa izatea, elebidunen portzentajea %33tik gorakoa den uda-lerrietan egon nahiz Bilbon, Donostian edo Gasteizen egon.

Bezeroentzat arreta ematen duten langileak hamabost baino gehiago izatea.

Kreditu erakundeak.

Etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten profesional, enpresa edo eraikuntza lanen sustatzaileak.

BETEBEHARRAK

Idatzizko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz ematea: seinaleak, errotulu eta kartelak; inprimakiak eta katalogoak; kontratu eta baldintza orokorren agiriak; komunikazioak eta jakinarazpenak.

Ahozko informazioa eta bezeroei arreta euskaraz eta gaztelaniaz ematea: megafonia bidezko informazioa, aholkularitza, bitarteko telefoniko eta elektronikoak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia