Lantarongo erasoaren ustezko erantzuleak aske daude berriro
Sei inputatuetatik hiruk oraindik ez dute epailearen aurrean deklaratu
Erredakzioa.
GasteizLantaronen (Araba) Senegalgo lau gizon jipoitzea egozten dieten sei gazteak aske gelditu dira, Ertzaintzaren galdeketa pasatu ostean, Herrizaingo Sailak adierazi duenez. Oraingoz, haietako bakarrari, ustez erantzule nagusia denari, ezarri diote behin-behineko neurri bat: epaiketa egin bitartean, hilabete bakoitzeko 1., 10. eta 20. egunean epaitegira joatea.
Ustezko erasotzaileetatik bik, 18 urtetik beherakoak direnez, Adingabeen Fiskaltzan egin beharko dute deklarazioa datozen egunotan. Ertzainek galdekatutako beste hiru lagunak oraindik ez dira epailearen aurretik igaro.
Asteazken arratsaldean Senegalgo lau gizon jipoitu izana leporatzen diete guztiei, haiek lanetik irteten ari zirela. Haietako bat larri zauritu zuten: hiru egun eman behar izan zituen ospitalean, burezurrean kolpea zuelako.
Erasoaren erantzule nagusitzat jotzen dutena, 21 urteko gazte bat, erasoa izan zutenen lankidea izandakoa da. Egun hartan bertan, ordu batzuk lehenago kaleratu zuten lantokitik, jarrera xenofoboa erakutsi zuelako.
Ertzaintzak ostiralean bertan atxilotu zituen ustezko erasotzaileetako bi, Araban, eta larunbatean beste hiru. Herrizaingo Sailaren esanetan, ustezko erantzule nagusia Burgosen bizi da, Espainian, eta Ertzaintzak ez du eskumenik hura atxilotzeko. Azkenean, bere borondatez joan zen gaztea Poliziara igandean.
Azken horrekin sei dira oraingoz eraso xenofoboarekin lotzen dituzten gazteak; 17 eta 21 urte bitarteko bost mutil eta neska bat, hain zuzen ere.
Erasoa gogor kritikatu dute hainbat eragile politiko eta sozialek, baita Jaurlaritzak ere: guztiek eskatzen dute ekintza hau zigorrik gabe ez lagatzeko.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
