Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:10

HARIAN;2010-07-18;'UDALBILTZA AUZIA'. MANIFESTAZIOA. Udalbiltza herriarena dela aldarrikatu dute milaka herritarrek. 13.000 herritar inguruk parte hartu dute Udalbiltzaren aurka egiten ari den epaiketa salatzeko Bilbon egindako manifestazioan Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko ordezkariak, eta EAJko kideak izan dira

Udalbiltza herriarena dela aldarrikatu dute milaka herritarrek

13.000 herritar inguruk parte hartu dute Udalbiltzaren aurka egiten ari den epaiketa salatzeko Bilbon egindako manifestazioan

Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko ordezkariak, eta EAJko kideak izan dira

Aitziber Laskibar.

Bilbo

«Herria bera da Udalbiltza, eta Udalbiltza herriarena da. Demokraziaren eta auzolanaren oinarri-oinarrizko ariketa. Horixe da Udalbiltza; horixe, eta ez besterik». Udalbiltza auzia dela-eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnei zein Udalbiltzari berari babesa ematen ari diren milaka herritar, instituzio eta elkarteri eskerrak eman ondoren, Udalbiltzaren herritartasuna nabarmendu zuen atzo Loren Arkotxa auzipetuak, Bilbon, manifestazio jendetsuaren amaierako ekitaldian.

Euskal Herriko txoko guztietatik bildutako milaka lagunek salatu zuten Udalbiltzaren aurkako epaiketa Bilboko kaleetan; 13.000 lagun inguruk. Eta irudi horixe utzi zuen manifestazioak berak: Udalbiltza herriarena dela, eta herriek osatzen dutela Udalbiltza. Dozenaka eta dozenaka herriren izenek osatu zuten protesta.

17:30ean zen protesta egiteko ordua, Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari. Udalbiltza aske! lelopean, Casilla aurrean. Ordu erdi lehenago, multzoak osatzen hasiak ziren; txarteltxoen azpian jendea biltzen.

Eskuz eginak ziren txartelak. Herri bakoitzak berea zekarren. Getxo irakur zitekeen batean; Leitza bestean; Donostia, Tafalla, Biriatu, Hendaia, Urepele, Gasteiz, Errigoiti, Tolosa, Miarritze... Dozenaka izen, dozenaka alkate eta zinegotziren eskuk eutsita; dozenaka multzo, horien inguruan. Antzekoak ziren txartel gehienak, baina desberdinak. Zuriaren gainean hizki beltzez idatziak zituzten gehienek herriko izenak. Baziren landuagoak ere: atze urdina zuen baten batek, Udalbiltzaren ikur den Euskal Herriko armarri eta guzti. Bere herriko armarria jarria zuen besteren batek. Nork bere herrian eginda eraman zuen txartela. Izan zen ekarri ez zuenik ere, baina inprobisatu, kazetariari koadernoko orria eta boligrafoa eskatu, eta berehala egin zuen berea.

Manifestazioa, halere, herri horiek guztiak biltzen dituzten Euskal Herriko sei herrialdeetako armarri handiek zabaldu zuten. Horien atzean, auzipetuek eutsi zioten leloa zeraman pankartari. Auzipetuek, eta Xabier Alegriaren emazteak, Itziar Goienetxeak, preso duen senarraren argazkia eskuan zeramala. Atzetik, manifestazioari babes ematera joandako politikariak eta gizarte eragileetako ordezkariak. Bertan izan ziren, esaterako, EAko Pello Urizar, Ikerne Badiola, Unai Ziarreta eta Rafa Larreina; ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Jone Goirizelaia; Alternatibako Oskar Matute; Aralarreko Patxi Zabaleta eta Aintzane Ezenarro. EAJkorik ere izan zen: Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea, kasu. Hainbat eta hainbat eragiletako ordezkariak ere han ziren.

Gehien oihukaturiko leloak Independentzia!, Udalbiltza aurrera! eta Euskal Herria aurrera! izan ziren.

Batasun hori goratu zuten Loren Arkotxa eta Maribi Ugarteburu auzipetuek manifestazioaren amaieran, eta bide horretan aurrera egiteko deia egin zuten. Espainia Udalbiltzaren aurkako auziaren gisakoekin «estatu totalitario baten jokabidea» izaten ari dela salatu, eta horri elkar hartuta aurre egiteko deia egin zuten.

«Lan instituzional demokratikoa bakean eta lasai egitea oinarri-oinarrizkoa» dela esan zuen Arkotxak, eta epaiketa ez zela egin behar uste duela iritzi publikoaren gehiengoak. «Hori erakusten jarraitu behar dugu; indarrak batzen, gaur hemen egin bezala».

«Gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki ahal izatea, gure instituzioak sortu eta garatu ahal izatea, horixe besterik ez dugu eskatzen», adierazi zuen. «Jarrai dezagun hori lortzeko bideak zabaltzen. Elkartuz, biltzen gaituena indartuz».

Manifestazioan izan dira ELHDko abokatuak



ELHD Demokrazia eta Giza Eskubideen Europako Abokatuen Elkarteko zazpi kidek parte hartu zuten atzo Bilbon eginiko martxan. Epaiketa bertatik bertara jarraitzen ari dira Greziatik etorritako abokatu horiek. Espainiako Auzitegi Nazionalean eginiko lehenengo bi saioetan egon ziren.

Ostegunean eta ostiralean izango dira hurrengo saioak



Epaiketak ostegunean jarraituko du, eta ostiralera arte iraungo du. Akusatuen artetik, Larraitz Sanzberro falta da deklaratzeko, eta akusazioen lekukoak izango dira haren ondotik. Lekuko horiek guztiak poliziak dira. Ostiraleko saioaren ondoren, epaiketa eten egingo da irailera arte.

Beste auzi batzuetako kideen babesa jaso dute



Beste auzi batzuetan auzipetuta dauden edo epaitu dituzten herritarren babesa eta elkartasuna jaso zuten atzo Udalbiltzako kideek. Besteak beste, han ziren 18/98, Egunkaria eta Haika/Segi auzietan epaitutako hainbat lagun. Baita Batasuna auzian epaituko dituztenak ere.

 


«Gure etorkizuna libreki erabaki eta gure instituzioak sortu eta garatu ahal izatea besterik ez dugu eskatzen»

LOREN ARKOTXA

Udalbiltzaren aurkako auzian epaitua



Babes zabala eta askotarikoa jaso dute auzipetuek



Atzoko ekimenean ere eragile ugariren elkartasuna jaso zuten Udalbiltzako auzipetuek. Besteak beste, honako eragile hauetako ordezkariak izan ziren martxan: EA, ezker abertzalea, Aralar, EAJ, Alternatiba, EAE-ANV, Zutik, LAB, Hiru, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, Lokarri, Giza Eskubideen Behatokia, EHBE, Bai Euskal Herriari, Kontseilua, EKT Euskarazko Komunikazio Taldea, Ikastolen Elkartea, Esait, Elkartzen eta Hala Bedi irratia. Joan den astean, politika eta gizarte arloetako 33 lagun ezagunek agiri bat sinatu zuten auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Europako Parlamentuko hamabi diputatuk, berriz, auziagatik kezka azaldu eta galdera aurkeztu zuten.

Auzia bertan behera uzteko exijitu dute alderdi eta sindikatuetako ordezkariek

Elkartasuna adierazi diete auzipetuei ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak, ELAk eta LABek

Mikel Carramiñana.

Bilbo



Babesa eta salaketa. Euskal alderdi politikoetako eta gizarte eragileetako ordezkariek atzoko manifestazioan gehien errepikatutako hitzak izan ziren. Auzipetuei babesa eman eta prozesu politikoa deritzoten epaiketa salatu zuten Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, Mikel Noval ELAko zuzendaritzako kideak eta Jabi Garnika LABeko idazkari nagusiaren ondokoak.

TASIO ERKIZIA

Ezker abertzaleko kidea



«Erakunde nazionalik gabe, Euskal Herria desagertzeko bidean dago»

Martxa abiatu aurretik hitz egin zuen Erkiziak, Udalbiltzako kideen lana goratu eta «prozesu antidemokratikoa» salatzeko, besteak beste. Ezker abertzaleko kidearen ustez, erakunde nazionalik gabe «Euskal Herria desagertzeko bidean» dago. Horrexegatik, Udalbiltzaren gisako erakundeak bultzatu eta indartzeari «funtsezkoa» deritzo, euskal hizkuntza, kultura eta nazio nortasuna sustatzeko: «Euskal Herriaren etorkizunerako beharrezkoa da».

Madrilen hasi berri den epaiketaz, bestetik, «bidegabekeria ikaragarria» egiten ari direla uste du: «Ez dago eskubiderik herriak aukeratutako pertsonak herriaren alde lan egiteagatik epaitzeko». Auzipetuen delitu bakarra nazio proiektu bat garatu nahi izatea dela berretsi zuen, eta hori zigortzea, Erkiziaren esanetan, «basakeria» da. Hori dela eta, auzia bertan behera uzteko exijitu zien epaileei, Euskal Herriak «bere etorkizuna antolatzeko eskubidea duelako».

PATXI ZABALETA

Aralarreko koordinatzaile nagusia



«Ez da posible demokrazia batean jarduera baketsua eta politikoa kriminalizatzea»

Udalbiltzako auzipetuei «erabateko babesa eta elkartasuna» emateaz gain, Zabaletak hautetsien erakundearen aurka abiatutako auzia amaitzeko eskatu zuen atzoko elkarretaratzean, «ez zaigulako justua iruditzen». Aralarreko koordinatzailearentzat, «demokrazian onartezina da ekintza jakin batzuekin lotura zuzena ez duen ezer epaitzea».

Udalbiltzako jarduera politikoa besterik ez dela izan gogorarazi zuen, eta, horregatik, «ez da posible demokrazia batean jarduera baketsua eta politikoa kriminalizatzea».

PELLO URIZAR

EAko idazkari nagusia



«Zazpi urteren ostean, fartsa hau behingoz bukatzeko besterik ezin dugu eskatu»

Prozesu honek «kutsu politiko argia» duela uste du Eusko Alkartasuneko buruzagiak. Hori dela eta, beste alderdi politiko eta gizarte eragileekin batera kalera atera da EA: «Euskal Herriko gizarteak bezala, zazpi urteren ostean, fartsa hau behingoz bukatzeko besterik ezin dugu eskatu, auzipetu guztiak kalera eta inolako kargurik gabe atera daitezen».

18/98 eta Egunkaria auziekin gertatu bezala, Urizarrentzat Euskal Herrian «independentziaren alde eginiko edozein lan kriminalizatu nahi dute».

OSKAR MATUTE

Alternatibako bozeramailea



«Espainiak elkartzeko eskubidea urratu nahi du berriz ere Euskal Herrian»

Manifestazioan egoteko lehen helburua, Matutek esan zuenez, auzipetuei elkartasuna agertzea zen, Udalbiltzak eginiko lana babesteko. Haren ustez, «Espainiak elkartzeko eskubidea urratu nahi du berriz ere Euskal Herrian». Justiziaren «erabilera politikoa» salatu behar dute demokrata eta ezkertiar guztiek, Alternatibako bozeramailearen esanetan.

MIKEL NOVAL

ELAko zuzendaritzako kidea



«Epaiketa hau inoiz ez zela egin behar salatzen dugu»

Politika egiteagatik auzipetzea «estatu demokratiko batean ulertezina» litzatekeela esan zuen Novalek: «Epaiketa hau inoiz ez zela egin behar salatzen dugu».

JABI GARNIKA

LABeko idazkari nagusiaren ondokoa



«Prozesu politikoa da, eta ez du inolako zentzurik»

Duela zazpi urte abiatutako auzia gogor salatu zuen Garnikak manifestazioaren atarian: «Beti salatu dugu prozesu politikoa dela eta ez duela inolako zentzurik».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia