Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:10

EKONOMIA;2010-07-17;'Tecnalius interruptus'. Tecnaliako zentroen bat-egite ekitaldia bertan behera geratu da, Labeinek egoitzari buruzko aldaketak proposatu dituelako Egoitza aurten zehazten ez badute, txandaka izango dute Gipuzkoak eta Bizkaiak

'Tecnalius interruptus'

Tecnaliako zentroen bat-egite ekitaldia bertan behera geratu da, Labeinek egoitzari buruzko aldaketak proposatu dituelako

Egoitza aurten zehazten ez badute, txandaka izango dute Gipuzkoak eta Bizkaiak

Jakes Goikoetxea.

Donostia

Biba eta txaloekin iragarri zuten bat-egitea. Atzo ospatu nahi zuten jaiotza. Baina azkenean nahia ezina bihurtu zen Tecnaliako arduradunentzat. Tecnaliako zortzi zentro teknologikoek beren bat-egitea sinatu behar zuten Donostiako Kursaalen, Tecnalia Research & Innovation (TRI) sortzeko. Europako bosgarren ikerketa talde nagusia. Baina sinadura ekitaldia atzeratu egin behar izan dute, Labeinek TRIren egoitzaren kokalekuari buruzko soka tenkatzea erabaki baitu.

Atzo bat egin behar zuten Arabako Euvek eta Leiak, Bizkaiko ESIk, Labeinek eta Robotikerrek, eta Gipuzkoako Cidemcok, Fatronikek eta Inasmetek. Duela urtebete, iazko ekainean, sinatu zuten bat egiteko protokoloa, datorren urtearen hasierarako bat eginda egoteko asmoz, TRIren barruan.

Baina TRIren egoitzaren kokalekua gatazka iturri bihurtu da. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian egotea nahi du, Zamudioko parke teknologikoan, eta Gipuzkoakoak Gipuzkoan, Miramongo parke teknologikoan. Erakunde bakoitzak bere apustua ere egin du, dirutan, egoitza beren lurraldeetan jartzeko: Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 milioi euro eta Bizkaikoak hamar inguru.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, bat-egitearen sinadura ekitaldia atzeratzea «penagarria» da, operazioa «estrategikoa» baita. «Erakundeei» -funtsean, Bizkaiko Foru Aldundiari- eskatu die errespeta ditzatela Tecnaliaren erabakitzeko guneak. Izan ere, Tecnaliak berak sortutako bat-egite batzordeak Miramonen alde egin zuen egoitza aukeratzeko orduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eskaintzari eutsiko dio, «betiere Tecnalia berriaren egoitza Donostian ezartzen bada».

Prozesua, gaiztotuta

Kokalekuari buruzko gatazkak asko gaiztotu du bat-egitea. Labeinen patronatuaren baiezkoa atzo goizera arte atzeratu zuen.

Tecnaliaren bat-egite batzordeak ez du lortu egoitzari buruzko akordiorik. Zuzendaritza berriak urtea amaitu bitarteko epea du lortzeko. Bestela, serioa ez dirudien eta halako ikerketa talde bati ez dagokion bidea hartuko du: TRIren egoitza txandaka aldatzea, 18 hilero, aurrena Gipuzkoan, gero Bizkaian eta berriro Gipuzkoatik hastea.

Baina Labeinek proposamen hori sinatzeari uko egin zion atzo goizean, eta proposamen berri bat onartu zuen bere patronatuaren batzarrean: urtarrilaren 1etik beharrean, uztailaren 1etik hastea txandakatzea, Donostian. Gainerako zentro teknologikoek hori onartuz gero, TRIren egoitza, praktikan, Bizkaian egongo da 2011ko uztailaren 1 arte, gaur egun bertan baitago Tecnalia Fundazioaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan.

Bat-egiteak behin betiko aurrera egiteko, gainerako zazpi zentro teknologikoek onartu egin behar dute Labeinek proposatutako aldaketa.

Eta hori ezinezkoa zen atzo goizean bertan. Eguerdirako iragarri zuten TRIren sorreraren sinadura ekitaldia. Baina eguerdian Kursaalean ez zegoen halakoetan ohi den giroa. Mahaiburuko aulkiak hutsik, arduradunak korridoreetan aurrera eta atzera, Blackberry-ak eta iPhone-ak sutan, eta sarrera-irteera urduriak Kursaaleko bilera gela batetik.

Bat-egiteak ez du porrot egin, baina gehiago korapilatu da, Jose Maria Etxarri Inasmeteko lehendakaria eta Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua disimulatzen saiatu ziren arren, bat-egiterik gabeko bat-egitearen aurkezpen ofizialean.

Azalpenik ez

Ez batak, ez besteak, ez Asis Canales Labeineko presidenteak ez zuten garbi azaldu aldaketa zertara datorren. Canalesek esan zuen gauza bakarra izan zen Labeinek merezi zuela TRIren egoitza urtebetez edukitzea, «bere historiari errespetuz».

TRI osatuko duten zentro teknologikoetako ordezkariek zuzendaritza berria onartu zuten atzo. Javier Ormazabal izango da lehendakaria, Asis Canales (Labein) eta Ignacio Saenz de Gorbea (Galdatzaileen Elkarteen Espainiako Federazioa) lehendakariordeak eta Joseba Jauregizar zuzendari nagusia (kargu hori du gaur egun). TRIren patronatua 44 lagunek osatuko dute, horietatik 33 sektore pribatukoak eta 11 erakundeetako ordezkariak (sei Eusko Jaurlaritzakoak).

Ormazabal izen bereko taldeko presidentea da. Bilbotarra da eta 46 urte ditu. Ormazabal taldeak sektore elektrikoko ekipamendu ondasunak egiten ditu. 2.000 langile ditu eta fakturazioa 400 milioi eurokoa du. Egoitza nagusia Zamudion dauka, eta lantegiak ditu munduan zehar.



 


Ikerketa zentroak



CIDEMCO

Jarduerak: Eraikuntza, kimika eta egurra/altzariak.

Diru sarrerak: 8,2 milioi euro.

Egoitza: Azpeitia (Gipuzkoa).

ESI

Izena: European Software Institute.

Jarduerak: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, softwarea.

Diru sarrerak: 10,5 milioi euro.

Egoitza: Zamudio (Bizkaia).

EUVE

Izena: European Virtual Engineering.

Jarduerak: Errealitate birtuala, telebista, ingeniaritza birtuala eta meteorologia.

Langileak: 94.

Egoitzak: Miñao (Araba) eta Madril.

FATRONIK

Jarduerak: Makina-erreminta, aeronautika, ekipamendu ondasunak, osasuna, energia berriztagarriak eta desfabrikazioa.

Diru sarrerak: 11 milioi euro.

Egoitzak: Donostia, Montpellier (Frantzia), Pisa (Italia) eta Belgrad (Serbia).

INASMET

Jarduerak: Autogintza, energia, aire eta espazioko teknologia, galdaketa, osasuna eta ingurumena.

Langileak: 261.

Diru sarrerak: 25,8 milioi euro.

Egoitzak: Donostia, Irun (Gipuzkoa) eta Cadiz (Espainia).

LABEIN

Jarduerak: Autogintza, eraikuntza, energia, ingurumena, burdingintza eta berrikuntza sistemak.

Langileak: 383.

Diru sarrerak: 32 milioi euro.

Egoitzak: Derio, Zamudio eta Barakaldo (Bizkaia).

LEIA

Jarduerak: Ingurumena, kimika, bioprozesuak, energia, osasuna, logistika, elikagaien kontserbatzea eta segurtasuna.

Langileak: 141.

Egoitza: Miñao (Araba).

ROBOTIKER

Jarduerak: Autogintza, energia, telekomunikazioak, logistika eta berrikuntza sistemak.

Langileak: 203.

Diru sarrerak: 17,9 milioi euro.

Egoitza: Zamudio (Bizkaia) eta Madril.













 


© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia