Berria.info

Asteartea, 2012ko maiatzak 22 - 21:09

EUSKALHERRIA;2010-07-17;HONDAKINEN KUDEAKETA. ALDAKETA SAN MARKO MANKOMUNITATEAN. Atez atekoa geldiezina dela erantzun die San Markok PSE, H1 eta EAJri. Imanol Azpiroz San Markoko lehendakariak diputazioari leporatu dio «Gipuzkoa errausketaren aldeko 'lobby'-ari» saltzea San Markoko gehiengoa aldatuta ere atez atekoa kentzea udalei dagokiela esan du

Atez atekoa geldiezina dela erantzun die San Markok PSE, H1 eta EAJri

Imanol Azpiroz San Markoko lehendakariak diputazioari leporatu dio «Gipuzkoa errausketaren aldeko 'lobby'-ari» saltzea

San Markoko gehiengoa aldatuta ere atez atekoa kentzea udalei dagokiela esan du

Agurtzane Solaberrieta.

Donostia

«Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazten dute, mankomunitateek beren kudeaketa antolatzeko daukaten eskumena eta ahalmena errespetatuta, haiek esperientzia pilotuak egitearen alde daudela, alegia, atez ate biltzeko sistema ezarri eta pixkanaka heda ote daitekeen ikusteko saiakuntzak egitearen alde, bereziki hondakinetako materia organiko konpostagarriari dagokionez». 2008ko maiatzaren 5ean alderdi politiko guztiek -ezker abertzalea legez kanpo utzi zuten- batzar nagusietan onartutako 27/2008 ebazpenaren pasarte bat da.

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak berak ekarri du gogora ebazpen hori. «Zer gertatu da lehen atez atekoaren alde izateko eta orain kontrako jarrera erasokorra izateko?», galdetu du. Berak argi dauka: errauste plantarik gabeko kudeaketa egin daitekeela erakutsi dutela, eta batzuek uste zutena baino «arrakasta» handiagoa lortu duela atez atekoak. San Markoko gehiengoa aldatzeko EAJk eta PSEk azkenaldian Urnietan eta Lasarte-Orian eragin dituzten aldaketak baloratzeko egindako agerraldian eman ditu azalpen horiek.

«Duela bi urte uste zuten atez atekoa jarri arren errauste planta behar-beharrezkoa izango zela. Baina kalkulu okerra egin zuten». Izan ere, alkatearen arabera, atez atekoa errauste planta gosez hiltzeko gai da. «Eta gosez hilko dugu», esan du. Horren haritik, Beitialarrangoitiak nabarmendu du San Markon gehiengoa aldatuta ere atez atekoa ez dagoela arriskuan eta San Markon edozein gobernu talde dagoela ere Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo udalek erabakiko dutela atez atekoa kentzea. Izan ere, udalena da hondakinak biltzeko eskumena.

Gainera, atez atekoa «osasunez sendo» dagoela dio, eta adibide gisa jarri du Debagoienak berriki hartutako erabakia: aho batez erabaki du haran osoan abiatzea atez atekoa, ezker abertzalearen, Aralarren eta EAJren aldeko botoekin. «Atez atekoa geldiezina da, eta Gipuzkoa osora zabalduko da». Alde horretatik, «penagarritzat» jo du EAJk eta PSEk egindakoa: «Gehiengoa inolako azalpen sinesgarririk gabe aldatu nahi dituzte, eta legegintzaldia ia amaitzen ari denean negozio eta trapitxeoekin hasi dira».

«Harro» egindako lanaz

Imanol Azpiroz San Markoko jarduneko lehendakaria, bestalde, «harro» dago hiru urteotan hondakinen arazoari adarretatik heldu, gizarteratu, herritarrak kontzientziatu eta dagoen konponbide bakarra abian jarri dutelako: atez ateko bilketa.

Edonola ere, argi utzi nahi izan du atez ateko sistema ez dela hondakinen egitura paralelo bat. «Gurea egitura alternatiboa da, egingarria, bideragarria eta orain arte ikusi gabeko emaitzak lortzen dituena». Izan ere, haren esanetan, sistema horren bidez, hondakinak murriztea, gaikako bilketa denbora oso laburrean igotzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea lortu dute. «Eta hori dena azpiegitura erraldoirik gabe, ohitura aldaketa sinple batekin». Aurreko urteetako kudeaketa «penagarriari» amaiera eman diotela dio, eta gogorarazi du eurek itxi dutela San Markoko zabortegia; «ez beste inork». «Urteetan ez dute ezer egin arazoari konponbidea emateko, eta alternatiba dagoela frogatu dugunean deuseztatu nahi dute». Horregatik, diputazioari leporatu dio «Gipuzkoa errausketaren aldeko lobby-ari» saltzea.

Hori kritikatu du Duñike Agirrezabalaga Donostiako EBko zinegotziak ere, «gipuzkoarren osasuna ezin daitekeelako saldu». Haren irudiko, «inork ez du eskubiderik pertsonen osasuna arriskuan jartzeko, ahaldun nagusi izanda ere, jakina baita errauste planta dioxina eta furano iturri nagusietako bat dela».

Dirurik ez

Hainbat kritikari erantzunez, Azpirozek baieztatu du San Markok ez diela dirurik eman Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalei eta lagundu baino ez dituela egin.

Atez atekoa garestiagoa dela diotenei erantzun die Beitialarrangoitiak. Argi utzi du gauza bat dela zaborraren bilketa eta bestea kudeaketa osoa. Atez atekoaren kasuan bilketa bera garestiagoa den arren bukaerako emaitza merkeagoa dela dio: «Batetik, asko birziklatzen denez, udalen diru sarrerak asko handitzen dira, eta, bestetik, errefusa tonaka kobratzen denez, eta errefusa nabarmen gutxitzen denez, kostuak asko txikitzen dira».

 

Zenbakia

251.940



Usurbil, Hernani eta Oiartzungo ekaineko organikoa. 251.940 tona zabor organiko jaso ziren Hernanin, Usurbilen eta Oiartzunen ekainean. 5. edukiontzia duten bederatzi herrietan, berriz, 75. 391 tona.



 

«H1eko transfugez» baliatzea leporatu die EAk EAJri eta PSEri



Iñaki Agirrezabalaga EAko Gipuzkoako koordinatzaileak EAJren eta PSEren «jokaldi politikoa» kritikatu du. San Markoko gehiengoa lortzeko eta mankomunitatearen kontrola izateko, «Hamaikabateko transfugez» baliatzea leporatu die, gainera. Jokaldi hori alderdi politiko guztiek transfugismoaren aurka sinatutako itunaren aurka doala gogorarazi du EAk, izan ere, euren arabera, alderdi politiko guztiek konpromisoa hartu zuten boto transfugez ez baliatzeko gehiengo politikoak aldatzeko bada.

EA atez ateko bilketaren alde dagoela jakinarazi du Agirrezabalagak, abiatu den herrietan oso emaitza onak izan direlako. «Emaitza horiek ikusita, agian errauste planta ez litzateke behar». Egitasmoaren inguruan gogoeta egiteko eskatu du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia