Ormazabalek ukatu egin du atez atekoa trabatu nahi dutela
Hiri Hondakinen Partzuergoak errauste planta eraikitzeko lehiaketa publikoa aurkeztuko du gaur
Erredakzioa.
DonostiaCarlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Partzuergoko lehendakariak ukatu du San Marko mankomunitatean izango diren aldaketak ezker abertzaleak, Ezker Batuak eta Alternatibak sustatutako atez ateko zabor bilketa geldiarazteko direla. Diputatuaren esanetan, «inor ez dago atez atekoaren aurka. Ezberdinen ereduak dira». Alde horretatik, Ormazabalek «ez daki» errauste plantaren aldeko eta aurkako alderdien artean gatazkarik dagoen. Hala ere, ulertzen du PSE, EAJ eta Hamaikabaten jarrera; izan ere, haren arabera, berretsi baino ez dute egin 2008an Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako hondakinen kudeaketa eredua. «Ezin zen bestela izan».
Hain zuzen, asteazkenean jakinarazi zuten EAJk eta PSEk ezker abertzaleari, Alternatibari eta EBri San Marko mankomunitatean duten gehiengoa kentzeko akordioa lortu zutela. Urnietak San Markon bi ordezkari ditu: bata, Iñaki Mendizabal ezker abertzaleko zinegotzia, eta bestea, Mikel Izagirre alkatea (UDA plataformakoa). EAJk eta PSEk Urnietako Udalean duten gehiengoa baliatuz, Mendizabal kargutik kenduko dute, eta haren ordez, EAJko Miren Martiarena jarri. Errauste plantaren aldekoei lagun bakarra falta zitzaien San Markon gehiengoa eskuratzeko, eta aldaketa horrekin ziurtatu dute. Izan ere, orain dela gutxi, Ricardo Ortega Lasarte-Oriako EBko zinegotziari San Markoko kargua kendu diote PSEk, EAJk, H1ek eta PPk. Ricardo Ortega mankomunitateko lehendakaria zen. Haren hutsunea PSEko Martin Moreno hautetsiak beteko du.
Batek baino gehiagok jokaldi horren atzetik atez ateko ekimenaren aurkako plana ikusi dute, justu atez atekoa indartzen eta zabaltzen ari den unean. Carlos Ormazabalek, ordea, «irmoki» ukatu ditu akusazio horiek. Kargu ordezkapenak herrietan hartutako erabakiak direla dio, eta Lasarte-Oriakoak, gainera, mankomunitatearekin zerikusirik ez duela. PSE-EEk, Ortega kargutik kendu zuenean, hirigintza plan bat ez babestea leporatu zion, eta Ormazabalek bat egin du argudio horrekin.
Urnietakoa, berriz, «kontraesan bat» argitzeko baliagarria izan dela uste du. Izan ere, «paradoxikoa» iruditzen zaio atez atekoaren aldeko bi kidek Urnieta ordezkatzea, kontuan izanda herri horretan martxoan bosgarren edukiontziaren erabilera onartu zela. PSE eta EAJren babesari esker onartu zuten.
Datuak zalantzan jarri ditu
Gainera, zalantzan jarri ditu atez atekoaren aldekoek emandako datuak. Izan ere, ez du sinesten zaborra modu horretara jasotzen duten herrietan %80 birzikla daitekeenik. Adierazpenok EHUko Udako Ikastaroetan egin ditu. Datozen egunotan ikastaro bat emango du hondakinen kudeaketari eta azpiegiturei buruz.
Ika-mikak ez du etenik, eta horren lekuko, gaur auzi honi lotutako bi agerraldi izango dira. Alde batetik, 10:15ean, partzuergoak Zubietako errauste plantarako proiektuen lehiaketa aurkeztuko du. Eta, bestetik, ordubete geroago, 11:30ean, San Markoko ordezkariek iritzia emango dute azken egunotan mankomunitatearen inguruan iragarri diren ekimenen inguruan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
